Daily Archives: 7 February, 2012

Xabier Usabiaga: ‘Ulergaitza, bidegabea eta berantiarra’

Inork ez zuen espero. Alberto Contadorrari bi urteko zigorra ezarri diote dopinagatik. Egun tristea da ziklismoarentzat. Hala esan dute denek, baita UCI-k ere. Eta inor ez da poztu, ez Andy Schleck, ofizialki 2010eko Tourreko garailea, ez-eta Michele Scarponi ere, aurrerantzen 2011ko Giroko garaile gisa agertuko dena.

Alberto Contador
Alberto Contador

Erabakia bidegabea da epai mahaiak berak onartu duelako ezin izan dutela dopina frogatutzat eman. Orduan, zergatik zigortu dute? Pentsatzen dut kopuru hutsala izanagatik, bere gernuan Clembuterola aurkitu zutelako zigortuko zutela. Baina, topatutako kopuru nimiño hori dopina al da?. Jo dezagun dopinaren definiziora: “Errendimendua hobetzen duen edozein sustantzia edo metodo artifizial”. Prozesu luzeegi honetan argi eta garbi frogatu da kopuru horrek ez duela inolako onurarik eragiten errendimenduan. Orduan, dopina al da? Definizioa hitzez hitz aintzat hartuta, ez. Eta hori horrela izanik, pentsaten nuen errugabe jotzeaz gain zaharkituta dagoen dopin arautegia eguneratzeko balioko zuela kasu honek. Hau da, egungo atzemate sistemek, onurarik eragiten ez duten kopuruak ere atzematen dituzte, beraz, kualitatea baino kuantitatea jo beharko litzateke positibotzat, hots, hobekuntza hasten den kopurutik gora. Bada, alferrik izan da, arautegia eguneratzeko aukerari bizkar eman zaio.

Erabakia ulergaitza da, izan badirelako errugabe jo dituzten aurrekariak, Contadorri atzeman zioten kopurua baino handiagoa atzemandakoak gainera. Eta ulergaitza da 2012ko Abuztuan korritzen hasteko baimena ematea ere. Zer dela-eta hori? Contador 7 hilabetez bakarrik egon zen korritu gabe, 2010eko Abuztutik iazko Otsailera. Geroztik arazorik gabe korritu du, beraz, ez du inolako zigorrik bete. Zertara dator orduan garai horretan lortu dituen emaitzak baliogabetzea bainan zigorra bete izan balu bezala kontatzea? Eta prozesuak 2012ko Abuzturarte iraun izan balu? Berehala hasi al zitekeen korritzen? Kasu horretan zein zigor beteko zuen? Ulergaitza da. Uste dut Abuztuan korritzeko aukera ematearekin berez bidegabea den erabakia zuritu nahi izan dutela, arindu.

Eta berantiarra da ez delako bidezkoa horrelako prozesuek hain luze jotzea. Errugabea bada, gerora etor litezkeen ondorioei beldurrik gabe korritu behar du txirrindulariak. Errudun bada, ezin du korritu, hori merezi du lehiaren gardentasunak eta kirolaren sinesgarritasunak. Badakit oso zaila izango dela prozesu konplikatu hauen ebazpena azkartzea. Batzuetan erakundeek behar izaten dute denbora, beste batzuetan kirolariek eskatzen dituzte luzapenak argudioak behar bezala janzteko, baina baterako zein besterako epeak laburtuz gero, azken erabakia lehenago helduko litzateke. Nola edo hala, behar beharrezkoa da prozesuak azkartzea.

Contador aurki itzuliko da eta garaipenak lehen bezala lortuko ditu, asko eta garrantzitsuak. Bere lorpen bakoitzak lotsagarri utziko du bere kontra hartu den ebazpen bidegabe hau.