Monthly Archives: March 2012

Iritsi da Euskal Herriko Itzulia, heldu da Samuel Sanchez

Samuel Sanchezek aurreko astean lortu zuen denboraldiko lehen garaipena. Kataluniako Voltako etapa batean gailendu zen. Bide batez, Euskaltelen estreinaldia eragin zuen. Lorpen horrek irakurketa bikoitza du. Batetik erakusten du Samuel aurten ere fin ibili dela prestaketan eta sasoiko helduko dela denboraldiko helburu nagusietako batetara. Bestetik, taldeak etxeko itzulian izan ohi duen presioari aurre egiteko hauspoa da.

Karreran egiten duena egiten duela, Samuel garaipenaren lehian ibiliko da. Bai etapetan, bai sailkapen nagusian. Hori ez da berria, beti halatsu ibili izan da. Bost etapa irabazi ditu eta hirutan izan da podiumean. Beti hirugarren. Posturik txarrena hamargarrena da. Bada zerbait. Samuel talde handi batek behar duen benetako lider bihurtzen da Itzulian eta aurten ere prest da.

Izan ere, Euskaltelek ezin du hutsik egin bere karreran. Zaleek ez liokete barkatuko. Eskaerak Tourrean baino ere handiagoak dira. Euskal zale guztien taldea izatearen ordainsaria da. Euskaltel ez ohiko taldea baita, hala izan da bere sorreratik. Eta bere filosofiagatik. Txirrindularitzan mundu guztiak du ziklista kuttun bat, edo gehiago, baina ziklistak izaten dira begiko. Taldeak ez. Baina, Euskal Herrian mundu guztia Euskaltelgoa da. Seguru aski zale guztien bihotzera heldu den talde bakarra da munduan, baina aldi berean zale guztien eskaerak asetu behar izaten ditu eta hori ez da beti erraza. Edonola ere Euskaltel, eta batez ere Samuel, prest dira. Garaipenerako prest.

Xabier Usabiaga: ‘Irautearen zaila’

Bost urte ziren Tom Boonenek E3-Harelbeke Saria irabazten ez zuena. Estatistika hutsetik haratago doan datua da, esanguratsua. Harbideetako erregetzaren amaiera erakusten zuen. Urrun zeuden Tourreko garaipenak (sei orotara), aparte gelditzen ziren Flandria-Roubaixen lotura edota Munduko Txapelketa. Boonen gailendu ezinik zebilen eta are okerragoa zena aurkariek ez zioten beldurrik. Batzuek galdutzat jo zuten, eta hori pentsatzen zutenek erraz arrazoitu zezaketen, gainera, haren gainbehera. 2008an 14 garaipen lortu zituen, iaz bi baino ez. Palmaresa hustutzen hasi zitzaion.

Tom BoonenArazo pribatu eta profesionalak tarteko iparra galdu zuen Boonenek. Litekeena da gehiegizko presioak eragin izana. Akaso motibaziorik eza izango zen, edo beharbada aurkari indartsuagoen ailegaera, edo helburu gehiago lortzeko nagia, edo, batek daki, ziklismoaren sufrimentuak utzi eta bizitzaren alderik samurrenari heltzeko gogoa. Hori Boonenek sufritu du, baina ez berak bakarrik, eliteko kirolari askok pairatzen dute, berdin berdina ez bada ere, antzekorik.

Heinrich Hausslerrek berriki esana du, nola eta zergatik ez dakiela, bi urte alferrik galdu dituela. Nonbait, gogoan zituen 2009an lortutako Milan-San Remo eta Flandriak Tourreko bigarren postuak, edota Tourreko etapa zoragarria. Konturik errazenak egin zituen Hausslerrek. 2009an hori egin bazuen, ondoren etorriko zenak hobea behar zuen derrigor. Kukuak oker jo dio. Berak onartu du.

Matti Breschel bigarren eta hirugarren izana da Munduko Txapelketan, baita Hew Cyclassicken ere. Bazirudien edozein unetan lehertuko zela haren izarra eta danimarkarrek klasikoekin amets egiteko arrazoi sendoa izango zutela. Breschel, baina, Guadiana ibaia bezala agertzen eta desagertzen da ia inoiz zergatik ez dakiela.

Alessandro Ballanek, Flandriako Tourra eta Hew Cyclassic irabazi zituen 2007an, eta Munduko Txapelketa 2008an. Baita Espainiako itzuliko etapa bat ere urte berean. 32 urte ditu, ez da zaharra, baina azkenaldian taldekideei mesede egiteko eginkizunetan dabil.

Stijn Devolderrek Flandriako Tour bi irabazi zituen jarraian, 2008an eta 2009an. Geroztik ez da haren berri handirik. Azken albiste pozgarria orain 2 urte eman zuen, Belgikako Txapelketa biak irabazi zituenean.

Jar nitzazke adibide gehiago eta Cancellara bera ere aipatuko nuke, berak onartua baita iaz ez zuela aurreko urteetako mailarik eman, eta, oraindik ezer aurreratzeko goizegi izan arren, badirudi Philippe Gilbertek aurten gaitz bera duela.

Esan nahi baita txapeldunik handienentzat ere oso oso zaila dela beti goi mailan jardutea. Ia ezinezkoa. Arestian aipatu arrazoiak direla, edo ezagutzen ez ditugun beste batzuk medio, gehientsuenek izaten dute gora-beheraren bat eta beti ez da erraza izaten burua tentetzea. Hori bai berezkotik asko dutenek gehienetan lortzen dute. Tom Boonen da adibide garbia.