Daily Archives: 10 February, 2012

Xabier Euzkitze: ‘Amets Urrutia’

Amets Urrutia

Bizitzaren edozein alorretan ere oso zail gertatzen da gorenera iristea. Lan asko bakarrik ez, aparteko dohain bat ere behar izaten da horretarako, inon ikas eta eros ez daitekeena: berezkoa. Denak bazituen, baditu, Migel Mari Urrutiak. Halere, erremontea utzi eta Mexikora joatea erabaki du, emaztearen familiak egin dion lan eskaintzari baiezkoa emanik. Galarretan lehen partidak jokatzen dituztenek miraz eta inbidiaz begiratu izan diote, eta haiei kosta egingo zaie Saldiastarraren erabakia ulertzea. Baina bai, buruz buru zein atzelari gisa hainbeste distira duen izar handia itsasoaren beste aldera doa, herri txiki batetik munduko hiririk handienera. Aldaketa bortitza, inondik ere.

Erabaki ausart hori edonork ulertuko zukeen kirolari bizitzaren hondarrean hartua izan balitz, erremontista gisa egin beharrekoak eginak balitu. Migel Marik 28 urte besterik ez du, ordea. Sasoirik hoberenean deliberamendu hori hartzeko, espezialitate eder hori bizi izaten ari den krisiari erreparatu beharra dago, ezbairik gabe. Egoera ekonomiko orokorrak nabarmen erasan dio erremonteari. Oriamendi enpresa ahalegin guztiak eta bi egiten ari da, jende gehixeago erakartzea lortu du, baina apustuek ez sinesteko beherakada izan dute, eta horiek ez dira edozein moduz lehenera etorriko. Erdira etorrita ere!

Testuinguru horretan, Urrutia urrutira doa. Bi saski daramatza, badaezpada. Izan ere, Migel Marik ongi daki munduak egunero bira oso bat ematen duela eta, zer gerta ere, itzulerako aterik ez du itxi nahi. Erremontezaleek nabarituko dute pilotari bikain eta mutil zoragarri horrek utziko duen hutsune handia. Hutsuneak hutsune, denek opa diote gauzak ongi joan dakizkiola, hartutako erabakiaz damutu beharrik ez dezala izan. Eta damutuko balitz, beti geratuko zaio Galarreta.

Xabier Euzkitze