Xabier Usabiaga: ‘Belgika, beste mundu bat’

Belgikan izan naiz asteburu honetan, Koksijden jokatu den Munduko ziklo-kros txapelketan. Baina beste mundu batean barneratu naizela esan daiteke lasai asko. Ez dauka zerikusirik orain arte ezagutzen nuenarekin. Eta ez da erraza hitzekin adieraztea han bizitakoa. Irudiak hitzak baino esanguratsuagoak omen, baina sentimentuen hizkuntzarako ez bata eta ez bestea ez dira nahikoa. Horrelakoak bizi egin behar dira ulertzeko.

Eman ditzazket datuak han ikusitakoaren handia adierazteko. 80.000 lagunetik gora izan dira proba nagusian, gizonezko Elite mailako lasterketan. Egin dezaket lasterketen kronika landua holandarrek gazte eta emakumezkoetan izan duten nagusitasuna adierazteko. Edo aipatu ditzazket hamaika xehetasun belgikarrek Elite maila izan duten zapalkeria (lehen zazpiak herrialde horretakoak izan dira, selekzioko kide guztiak lehen zazpi postuetan, alajaina. Inoiz horrelakorik!!) goraipatu edo kritikatzeko, baina dena alferrik izango da; ezingo nuke han ikusitakoa behar bezala islatu. Han batez ere herrialde oso batek kirol batengatik sentitzen duena ikusi baitut, pasio bat, erlijio bat, ia ia.

Jendeari ez zaio axola autoa lehia izango den barrutitik dozena erdi bat kilometrotara utzi, antolatzaileek jarritako autobusa hartu, zirkuitora gerturatu eta lekurik onena hartzeko goizean goizetik mugitzea, karrera hasi bano sei ordu lehenago, kasu asko eta askotan. Zer axola dio denboratan zero inguruko tenperatura jasatea eta eguzkiaren printz ziztrin bat bera ere ez ikustea, jainkotuta dituzten izarren distiraz gozatzeko joan badira. Nor aspertu liteke karreraren inguruko solasaldi interesgarriek jakitura aberasteko balio dutenean.

Umeak ikusi ditut gurasoen eskutik helduta; gazteak garagardo basoa eskutik askatzen ez zutela; helduxeagoak bizikleta gainean gozo sufritutako zimurrak harro erakusten zituztela; eta oso helduak adinaren jipoiari ondo zutik eusten diotela, ziklistak ikusten dituztenean oraindik begietako txinparta pizten zaiela. Txirrindulariak eta txirrindularitzak goratzarrea jasotzen duen munduan izan naiz asteburuan. Belgikan, beste mundu batean.

Leave a Reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *