Tag Archives: ainara lasa

Hitzetik Hortzera oso osorik!

Hitzetik Hortzera ikusi nahi? EiTB Nahieranen duzu saio osoa ikusteko aukera. Atzokoa aurtengo denboraldiko bigarrena izan zen. Lehendabiziko programa ere hemen ikus dezakezu.

G Puntua eta Sarako bertso afaria aletu zituzten atzokoan Hitzetik Hortzeran. Jon Artano aurkezleak Ainara Lasa, G Puntuko antolatzaile taldeko kidea, hartu zuen platoan.

Azpeitiko kanporaketa eta Sarako afaria Hitzetik Hortzeran

Ainara Lasa oiartzuarra izango da asteon platoko gonbidatua Hitzetik Hortzeran. Lasa G Puntuko antolatzaile taldean dabil eta “Hariketak, lotzea askatzea denean” erakusketa jarrita dauka Hondarribiko Modotti tailerrean. Azpeitiko kanporaketan bizitakoaz, bertsolari-bertsozale hartu-emanaz eta arte-sorkuntzaz, orohar, arituko da Ainara Lasa.
ainaralasa

Joan den aste-hondarreko uholdeek lanak eman zizkien zaleei Azpeitiraino iristeko; hala ere bete egin zen Izarraizpe frontoia. Jokin Urangak bildu zuen puntu gehien G Puntuko azken kanporaketan. Urangarekin batera Iker Zubeldia, Iñaki Apalategi, Arkaitz Oiratzabal Xamoa, Unai Muñoa eta Ane Labaka aritu ziren oholtzan; guztietatik zerbait erakutsiko dute programan.

Gainera, Sarako bertso-afariko ale hautatuak ere ekarriko dituzte. Mattin Oronozek agindutako jolasetan fin aritu ziren Maialen Lujanbio, Eneritz Zabaleta, Alaia Martin eta Amets Arzallus. Olhoin ikastolako gurasoek eta gaztetxeko kideek elkarlanean antolatutako saioa izan zen. Afaltzeko prestatutako uso-jana eta afalosteko bertso-saioa, biak atera ziren primerakoak.

Zuri-beltzeko AUSPOA atala ere estreinatuko dute. Hamabostero emango duten atal horretan kolaboratzaile batek AUSPOA bildumako liburu baten komentarioa egin eta pasarte bat irakurriko du. Lehendabizikoa Estitxu Fernandez kazetari lesakarra, eta berak aukeratutako liburua: Paulo Yanci eta bere lagunen bertsoak. Zapping-ean Anjel Mari Peñagarikanok Gipuzkoako txapela irabazi zuen finala errepasatuko dute. Besteak beste Peñaren garaipenagatik eta Jon Sarasuak kartzelakoan egindakoagatik oroitzen dute bertsozale askok final hura.

Hitzetik Hortzera, igandean 22:30ean ETB-1en, eta aurretik ikusgai Eitb Nahieranen.