Izena, izana baino gehiago

Igandean amaitu zen Eurokopa, hainbeste interes sortu ohi duen selekzioen arteko Europako futbol txapelketa. Asko espero izaten du jendeak horrelako torneo baten atarian, kontinente zaharreko jokalari onenak elkartzen baitira bertan, eta lau urtean behin besterik ez delako jokatzen Eurokopa. Erakargarritasun handia izaten dute halako txapelketek, xarma berezi bat. Dena den, eta arrazoi ezberdinen ondorioz, torneo hauen benetako futbol maila ez da esperotakoaren parera iristen askotan; izen handia bai, baina izanetik gutxiago izaten dute. Halako zerbait gertatu da amaitu berri den 2012. urteko Eurokoparekin ere.

 balotelli

Gaur egungo futbol profesionala zorrotza da oso, bereziki goi mailako taldeetan diharduten jokalarientzat. Aurten, Europako txapelketetako azken kanporaketetara iritsi diren taldeetako jokalariek 60 partida inguru jokatu dituzte irailetik maiatzera bitartean. Gehiegi. Eurokopa bezalako txapelketa bati ekiteko karga fisiko zein psikologiko handiegia da hori. Pentsa nola iritsiko ziren Chelsea, Bayern, Real Madril, Bartzelona edota Athletic bezalako taldeetako jokalariak, hainbeste hilabetetan zehar lehia bizian aritu ostean. Leher eginda. Fisikoki eta, batez ere, psikologikoki. Goi mailako lehiaketak asko exijitzen du-eta. Jokalari gehienak euren sasoi puntu onenetik urrun iristen dira beraz Eurokopa eta Mundialetara, eta ezinezkoa egiten zaie mailarik onenean aritzea.

 

Hori gutxi balitz, bada selekzioen arteko txapelketei batere mesederik egiten ez dien beste arrazoi bat ere: talde izaera lantzeko zailtasuna, hain zuzen ere. Urtean oso gutxitan elkartzen dira selekzioak, oso entrenamendu gutxi egiten dituzte elkarrekin, eta gehienek ez daukate talde izaera hori behar bezain beste lantzeko nahikoa astirik. Egia da Espainia, Italia edota Alemania bezalako selekzioek talde bereko hainbat jokalari dituztela eta horrek asko errazten dizkietela gauzak zentzu horretan, baina gehienek ez daukate abantaila hori. Selekzioarekin jokatzea egokitzen zaienean besterik ez dira elkartzen, urtean lauzpabost aldiz, eta modu horretan oso zaila da talde sendo bat osatzea.

 

Aipatutako bi egoera horiek nabarmen eragiten dute Eurokopa eta Mundialen kalitatean. Kalterako, noski. Nahikoa da Ukrania eta Polonian jokatu berri den txapelketako partidei begiratu bat ematea horretaz jabetzeko. Jokatu diren 31 partidatatik zenbat izan dira benetan onak? Esku bakarreko hatzekin konta genitzake.

Leave a Reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *