Monthly Archives: August 2011

Ustekabekoa

Itzuli handi orok izaten du bere ustekabeko protagonista eta Vueltan Chris Froome ari da izaten, Kenian jaio, Hego Afrikan hazi eta britaniar herrialdetasuna izan arren Italian bizi den 26 urteko Sky taldeko ziklista. Bera da Vueltako liderra, bide batez esanda.

Ustekabekoa da, inork ez zuelako espero (berak ere ez seguru) mendatean edo muinoetan lau etapa amaitu eta erlojupekoa jokatu ondoren sailkapeneko buruan egotea. Ez zegoen hori pentsatzeko arrazoirik, bat bera ere ez. Orain arte, bere ogibidea duintasunez egin duela besterik ez du erakutsi, beti besteren mesedetan, inoiz izarren argien itzaletik atera gabe. Baina lasterketa honetan ia edozer gauza egin dezakeela pentsatzeko arrazoi bat baino gehiago dago.

Batetik, ez dagoelako ororen gainetik agertu eta konfidantza itsua merezi duen inor. Nibali da salbuespena, urratsez urrats iaz lortu zuen postura gerturatzen ari den bakarra. Bigarrenik, faborito bat bera ere ez delako Froome baino askoz indartsuago ibili mendateetan (Covatillan onenekin heldu zen Wigginsentzat lanean gogor aritu ondoren), eta eskalatzaile ia guztiak erlojupetik herren atera dira (gutxiena galdu duenak ere lau minututik gorako atzerapena izan du). Wiggins taldekideak ere ez du ematen lidertzaren zama eramateko aparteko gaitasuna duenik eta Froomek askatasuna izan beharko luke bere buruaren mesedetan aritzeko. Eta azkenik, sailkapen nagusiko aldeak dezenteak dira, jada. Ustez itzulia irabazteko lehian ibili behar zuen benetako lehen faboritoa (Nibali salbu) 3 minututik gorako atzerapenarekin dago eta alde hori guztia jatea kosta egingo zaie liderra Covatillan bezala ibiltzen bada.

Hori bai, Froome berria da oraingo eginkizun hauetan eta ikusi egin beharko da nola kudeatzen dituen lidertzak ustekabean ekarriko dizkion lan eta erantzukizunak.

Zalantza

Espainiako itzuli honek bi ezaugarri oso on dauzka aurten: ibilbidea eta zalantza. Abraham Olanok eta Pako Ginerrek oso ibilbide modernoa atondu dute, gaur egungo zaleen neurrira egina. Badago holako premiarik. Txirrindularitzak garai hauetara egokitzea ezinbestekoa du eta egun batez ere ikuskizuna eskatzen da. Seguraski, txirrindulariek oztopo orori, zenbat eta gehiago hobe, aurre egin behar dion filosofia zaharkitua gelditu da. Gaur, ikusgarritasuna, mugimendua, abiadura, erasoa, kontrol eza saritzen da eta aurtengo karrera asko ari da horretatik guztitik eskaintzen. Valdepeñas de Jaenen, Cordoban eta San Lorenzo del Escorialen, Sierran Nevadan baino askoz ikuskizun gehiago izan zen, eta Covatillan eta Sierra Nevadan baino diferentzia handiagoak. Atera kontuak.

Bestalde inork ez daki nork irabaziko duen karrera. Albiste ona da. Ustez aurrean ibili behar zuten batzuk ez daude sasoiko (Igor Anton, Scarponi, Menchov, Sastre..). Beste batzuk gora-beherak izaten ari dira (Joaquin Rodriguez, Van den Broeck), baina bada ustekabean-edo agertu denik ere (Wiggins, Mollema, Kessiakoff….). Iragarritakoa betetzen ari den bakarra Vincenzo Nibali da, iazko garailea eta, akaso, baita aurtengoa ere.

Katusha espainiarretatik bizi da

Eskerrak Katusha taldeak Joaquin Rodriguez fitxatu zuena, bestela ezer gutxi izango zen. Katusha errusiako ziklismoaren ordezkari gisa sortu zen, baina taldeak dituen 16 garaipenetatik erdiak, Espainiar estatuko ziklistei esker lortu dituzte, 6 Joaquin Rodriguezek eta 2 Dani Morenok.

UCIko datuen arabera Katusha da Pro Tourrean aurrekonturik handiena duena duen taldea, baina ez du isla berdina errepidean. Rankingean 10. da eta garaipenei dagokienez 19. Emaitza ahula da tropeleko talderik aberatsenarentzat.

Litekeena da Errusiako ziklismoa garai batean zena ez izatea, edo Andrei Tchemilek taldea gaizki kudeatzea, edo bi gauzak. Orain urte batzuk errusiako ziklistik onenak talde berean egon izan balira batek baino gehiagok dardar egingo zukeen, egun ez. Horren froga Tourrean ikusi zen argi eta garbi. Taldea ziklista errusiarrek osatu zuten oso osorik. Ez ziren ihesaldi apaletan baino nabarmendu. Dirudienez, bestalde, Tchemilek gehiegizko presioa eragiten die ziklistei eta hori ere izan liteke ohi baino pattalago ibiltzearen arrazoia, Filippo Pozzato desagertuta egotearen arrazoia behintzat hori da.

Taldeko salbuespen bakanetako bat Joaquin Rodriguez da. Kataluniarrak 6 garaipen lortu ditu, zein baino zein hobeak, eta gaur Jaengo garaipenarekin Vueltako podiumerako bidea hartu du argi eta garbi.

Ezagutza eza

Txirrindulari profesionala izan nintzen denbora apurrean atentzioa eman zidan nire taldekide askok euren aurkariekiko zuten ezagutza eza. Gehienak ziklista oso onak ziren, karrerak irabazi edo lehiatzen zituzten horietakoak eta askotan izaten ziren esprinten batean karrera erabaki beharrean edota ihesaldietan murgilduta. Hotelean, beste ziklistekin bat egiten genuenean, nik gehientsuenak ezagutzen nituen, eta ez soilik zizklistak, baita euren palmares edo ezaugarriak ere. Ezinbestekoa iruditzen zitzaidan, are gehiago euren kontra aritu behar banuen, baina, tamalez, ez zen hori nire arazoa izan. Bai ordea, nire taldekideena eta ez zitzaidan buruan sartzen nolatan ez ziren gehiago arduratzen aurkariak ezagutu edota sasoian ziren jakiten.

Uste dot Chris Anker Sorensen sail horretako ordezkaria dela, bere eginkizuna ondo bete baina aurkariak ezer gutxi ezagutzen dituen horietarikoa. Sierra Nevadan gora izan duen jokabideak hala erakusten du, ez du Dani Moreno ezagutzen. Ez zekien Burgosko itzulian Cluniako gainean gailendu zela, eta ezta udaberrian, Flecha Wallone gogorrean zortzigarren izan zela ere. Pentsatuko zuen aldian aldian baino irabazten ez duen morroia dela (egia da) eta nahiz eta buruan tira eta tira aritu, menderatuko zuela esprintean. Larrutik ikasi du ez dela horrela.

Ahuldadea

Beharbada beroagatik izango da, akaso iraila delako, eta apika zenbait txirrindularik etorkizuna ziurtaturik eta aparteko motibaziorik ez dutelako, baina Espainiako Itzuliko lehen etapa hauetan ikusi duguna ez dut uste normal normala denik. Ez da ohikoa hirugarren mailako bi mendate ziztrinek halako triskantza eragitea. Totanako helmugan izan diren diferentziak mendate handietako etapetan ikusi izan direnak izan ziren. Jendea ahul dago nonbait eta oso indartsu dagoenik, oraingoz ez du inork erakutsi.

Sarritan ere ez da ikusten apal antzean sortu den ihesladi batek, etapa hasieran tropelaren borondatez ernatu den ametsa, behar bezala gauzatzea. Iheskideen abilezia baino gehiago, tropelaren ezina ikusten dut nik hor.

Orain denbora asko ez dela oso zaila izaten zen tropela lehen mailako mendateetan ere zartatzea, baina orain hirugarren mailako mendateak nahikoa dira gutxi batzuen bertuteak ikusi eta beste askoren gabeziak azaleratzeko. Egungo ziklismoan erakustaldiak txapeldunen esku bakarrik gelditu dira. Eta hala behar du gainera.