Monthly Archives: September 2011

Aldaketaren beste datu bat

Asteon Copenaguen jokatu diren Munduko Txapelketek nire ustez bi ondorio garbi utzi dituzte. Batetik, ibilbide hori gozoegia zen Munduko Txapelketa batentzat. Eta, bigarrena, datu interesgarriak utzi ditu ziklismoaren agintean eman den aldaketa baieztatzeko.

Ez nago esprintean amaitzen diren lasterkete kontra, baina bai erraztasun gehiegi ematearen alde. Nik uste muino gehiago edo gogorregoekin ere ez zela erraza izango esprinta sahiestea, baina gutxienez, azken metroetako lehian ezer gutxi egiteko aukera dutenek beste bideren bat jorratuko zuten eta, hala, lasterketa ikusgarriagoa izango zen. Hori bai esprintean amaituta, espezialitate horri ohore ondoen egingo dion ziklista gailendu zen, historia egiten ari den txirrindularia.

Eman diezaiegun orain gainbegiratua dominei. Britania Handiak lortu ditu gehien, sei. Ondoren Australiak eta Alemaniak, bosna. Hiruna, Frantziak eta Danimarkak, eta bina Belgikak, Zelanda Berriak eta Holandak. Suitzak eta Italiak, bat baino ez. Italia, garai bateko ahalguztidunak, bakarra. Emaitza hau pentsaezina zen orain urte asko ez dela eta ziklismoak bizi duen globalizazioaren isla garbia da. Egoera hau ni gertaerak eragin dute, nire aburuz. Batetik UCIk, azken urteetan ziklismoa Europatik kanpo eramateko apustu garbia egin duelako, eta, bestetik, Lance Armstrong estatu batuarraren arrakastak. Amerikarrak, mundu anglosajoira helarazi du kirol hau. Orduarte, abentura zale batzuen amets eroa baino ez zen, Phil Anderson, Robert Millar, Chris Boardman, Steve Bauer, Kelly, Roche, eta Lemondek kanpotarrentzat mugak itxita zituen Europara joan behar izan zuten babak heltzetik ateratzeko.

Egun, Australian zein Britania Handian gazteen formakuntzarako egitura sendoak dituzte; goi mailako lasterketak, eta baita Munduko Txapelketa hau ikusi duten umeen amets bihurtu diren txirrindulari eta taldeak ere.

Bizi legea

Tony Martinek irabazi du Munduko Txapelketako erlojupeko urrea. Cancellara hirugarren izan da. Neurri batean, erregetzaren aldaketa da. Martinek 26 urte ditu, Cancellarak ondo zukututako 30. Batek gora egingo du; besteak sapaia jo duenez, beherako bidea baino ez dauka.

Gaurko Munduko Txapelketatik bakarrik ezin dira hain ondorio handiak (eta, onar dezagun, akaso okerrak) atera. Badira gehiago eta horrelako aipuak egiteko bilakaerak aztertu behar dira. Orain bi urteko Tourrean Fabian Cancellara gailendu zen aitzin etapan; Martin, 8. izan zen. Erlojupeko luzean Cancellara 2. izan zen eta Martin 11. Iaz ordea, Cancellarak gain gainean izan zuen alemaniar gaztea, bata aurrena eta bestea bigarren. Aurten heldu da aldaketa. Martinek eraman zuen erlojupeko bakarra eta Cancellarari (8.) alde handia atera zion. Datuok errepikatu egin dira Espainiako Itzulian, eta baita gaur ere Munduko Txapelketan. Esandakoak, beraz, errepidean du oinarria. Bizi legea da.

Itzuli polita bai, ona ez

Apustu etxeetan inork Juanjo Coboren alde txakur txiki bat eman izan balu, honez gero aberatsa izango zatekeen. Baina izan ote da inor, destinuari berari desafio egin dionik? Zerta oinarrituta? Coboren garaipena ez zegoen inondik inora iragartzerik, ez duelako inoiz hartarako mailarik erakutsi. Horregatik da ustekabeko garailea eta badirudi horretan espainiar estatuko ziklistak espezialista bihurtu direla azken urteetan. Ez ahaztu 2006an Oscar Pereirok Tourrean zer egin zuen eta hainbestekoa izan ez bazen ere, ustekabeko galanta izan zen Carlos Sastreren garaipena ere.

Beti entzun izan dugu Juanjo Cobo onena eta txarrena egiteko gai dela. Azken horretatik hainbat pasarte utzi ditu bere kirol bizitzan, hamaika xelebrekeria bai. Erlojupeko batean ondo ez zebilela-eta erretiratu, entrenatzeko gogorik ez zuelako ziklismoa uzteko zorian egon, karrerak korritu behar izanagatik entrenatu gabe luzaroan egon edota etxe ondoko etapa erabakigarriak ikuskatu gabe utzi. Aurten amaitu zuen lehen karrera Ordiziakoa izan zen, uztailaren 25ean. Pentsa. Eta horiek kontatu daitezkeenak dira.

Onak aipatzeak ez du hainbeste lanik ematen. Nabarmenena 2007ko Apirila magiko hura izan zen, non Euskal Herriko Itzulia erakustaldia emanda irabazi zuen. Geroztik ezer gutxi, bere kastaren zertzeladaren bat edo beste baina batere erregulartasunik gabe. Iaz hasi zuen gainbeherak gainera ia ia desagertzeraino eraman zuen, harik eta Burgosko itzulian agertu zen arte (hirugarren). Vueltan ziklismoaren historian sartzea lortu du. Ustekabean.

Historiakolasterketarik parekatuenetako bat irabazi du Cobok, ibilbidez erakargarria, lehia bizikoa, emaitza iragartezinekoa, bilakaera politekoa, etapa ziragarriak izan dituena baina ez da itzuli ona izan. Nere ustez. Faborito nagusiak (Anton, Nibali, Scarponi, Purito) euren mailaz behetik ibili dira, denek huts egin dute, neurri batean edo bestean baina huts, eta ezustean ziklista asko agertu dira. Gehiegi, nire aburuz. Ia inoiz gailendu izan ez diren txirrindulariak nabarmendu dira gehien (Moreno, Froome, Cobo, Poels, Mollema, Monfort…), karrerarik onenetan besteren morroi izaten direnak.

Espainiako itzuliak ezaugarri on asko izan ditu, baina ona izateko kirol maila hobea falta izan zaio.

Oso itzuli arraroa

Espainiako itzuliak horrela jarraitzen badu, eta ez dauka aldatzeko itxura askorik, Juanjo Cobo ustekabeko garailea izango da. Baina ez da ezusteko bakarra, asko daude. Gehiegi, gauza onerako.

Historiari erreparatuz gero, bistakoa da itzuli handi orok izaten duela ustekabeko protagonistaren bat edo beste, aztienak ere iragarri ezin lezakeen emaitzarik. Hori ona da, hala uste dut nik. Baina ez dut uste hain ona denik, karrera bera, oso osorik, ustekabeko bihurtzea. Izan ere Vuelta honetan ia ia gertaera paranormalak ari dira jazoten. Nik behintzat ez ditut ulertzen, edo ezin didut arrazoitu.

Ziklismoaren historia luzea da eta zernahi aipatzen delarik ere hanka sartzeko arriskua handia da, baina egingo nuke karrera honetan lehen postuetan ageri diren hainbeste ziklistek ez dutela aurrez hain gutxi egin. Cobo liderrak itzuli handi batean duen posturik onena orain bi urteko Vueltako 10. postua da. Chris Froome hain postu onetan topatzea ezinezkoa da, ezta itzuli txikietan ere. Wiggins, laugarren izan zen orain bi urteko Tourrean. Mollemak Giroan egin du lanik onena, 12. iaz. Eta Maxime Monfort 11. izan zen 2007ko Vueltan.

Aitzitik, benetako faborito zirenetatik onena 8. baino ez da (Nibali, nahiz eta Menchov 6. izan), eta ia ziurtzat jo daiteke inor ez dela aurreko bostetan sailkatuta. Inoiz halakorik!!!!! Faborito guztiek huts egin dute, denek gainera, salbuespenik gabe.

Uste dut kirolean ona dela pronostikoak apurtzea, iragarri daiteken edozein emaitzek ikusmina kentzen diolako ekitaldiari, baina aurtengo Vueltan gertatzen ari denak ez dauka ez buru ez hankarik.