Daily Archives: 13 February, 2012

Lasarte, iturriko ura bezain bertsolari

1927ko abenduaren 16an jaio zen Leitzako Franki baserrian Manuel Lasarte Arribillaga bertsolaria. Eta atzo hil zen Aretxabaletako zaharren egoitzan. Leitzan jaio eta Orion bizi zen, errementaria ogibidez. Iturriko ura bezain bertsolari, idazle eta kontalari emankorra. 17 urterekin Zaldibarren egin zuen bere lehen plaza, hantxe jaso zuen bere lehen hogei durokoa bertsoetatik.
lasarte

Geroztik, herriz herri urte askotan aritu zen bertsotan garaiko bertsolariekin. Uztapide, Mattin, Xalbador, Basarri, Lizaso, Lazkao Txiki, Lazkano… 1963an urdailetik operatu zutenetik osasuna izan da bere etsairik handiena. Plazaz plaza aritzeari ere utzia zion azken 25 urteotan, inoiz omenaldi edo festa berezietan bertsoren bat edo beste abesten bazuen ere. Azken urte honetan egin du behera nabarmen bere osasunak… hainbeste bertso kantatutako gizona halaxe joan da, isil isilik. Gaur iluntzeko 19:30ean izango da hileta elizkizuna Orioko San Nikolas parrokian.

Bilboko Alondegiko saio esperimentala Hitzetik Hortzeran

Unai Elizasuk eta Asier Altunak ezohiko bertso jarduna eginarazi zieten Bilbon, Alondigan, Maialen Lujanbio, Igor Elortza eta Aitor Mendiluzeri, bertsotarako gaiak bideoz (ikus-entzunezko pieza laburretan) emanaz, inolako azalpen gehigarririk gabe. Saio horretakoak eta Iturengo inauterien akabaila izan ohi den kontu eguneko bertso bazkarikoak izango dira asteon Hitzetik Hortzerako lehengaia. Iturengo ostatuan, elur bisutsetik epelean, ikaragarrizko giroa sortu zen, Julio Soto eta Andoni Egañaren kantuari eta iturendarren bertso goseari eskerrak.

Saio horiek emandakoaz, Bardoak 2012 Nafarroako Bertsozale Elkarteak antolatutako taldekako txapelketaz eta beste hainbat kontuz aritu da platoan Estitxu Fernandez Maritxalar psikologo eta kazetari lesakarra.