Lortu du

Samuel Sanchezek lasai har dezake atseden. Lortu du bere itzulia, bere taldearena, zaleen nahia asetu du. Etxeko taldearen azken garaipena ia ia ahazturik dago. Iban Mayok lortu zuen 2003an. Samuelek aurten, orduan Mayok izan zuen ia nagusitasun berdina izan du. Horregatik izan da bidezkoa berak irabaztea, onena izan delako, indartsuena eta bere kirol bizitzak hainbeste merezi zuelako. Azken urteetan inork ez dio eman karrera honi Samuelek eman diona. Zazpi etapak, hiru podiumek eta beti garaipenaren lehian ibiltzeak merezi dute saririk. Samuelek aurten handiena lortu du.

Erlojupekoak bere nagusitasuna berrestea baino ez du egin. Bere errendimenduak, hori bai, zalantzak eragiten zituen. 2006ko ekitaldiak pisu handia izan du iragarleen artean. Orduan, garaipena bakarrik ez podiuma ere galdu egin zuen. Baina geroztik asko hazi da Samuel. Ondorengoak dira Olinpiar Jokoen garaipena, EHI-ko erlojupekoa, Vueltako lau etapa, bi podium, Tourreko etapa eta mendia, orain dena hobeto kudeatzen du, bere bertuteak, gabeziak, presioa, aurkariak, dena.

Itzuli honetan dena alde izan du asturiarrak. Bere gorputzaldia, Voltako etapa garaipenak emandako bultzada, aurkari arriskutsu batzuen parte hartze eza, ibilbidea, eguraldia eta erlojupekoa. Erlojupeko horrek ez du lekurik ziklismoan, ez erlojupeko gisa. Arriskutsuegia da. Ziriari zotza eta zotzari zipotza sartu diote antolatzaileek. Uste dut ibilbideen zeregina dela ahalik eta ziklista gehienei garaipenerako aukera berdintsuak ematea, bai eskalatzaileei eta bai erlojupeko espezialista edo etapa ehiztariei. Horretarako, uste dut, astebeteko itzulietan nahikoa dira 10-12 kilometro, edo gehienez 15. 20 asko dira eta hain arriskutsuak badira, gehiegikeria deritzot.

Hori bai uste dut errepideak hautaketa zuzena egin duela, aste osoan ikusi denaren laburpena da sailkapena. Lastima litzateke karrerari ekarpenik handiena egin dioten ziklistak, egunero jo eta jo aritu diren biak, merezitako saririk gabe gelditzea erlojupeko batengatik, eta hori behin baino gehiagotan gertatu da.

Garaipen honekin Samuel asebeteta gelditu bide da eta bere babesleak egitura horrek babesten jarraitzea merezi duela pentsatu beharko luke, herri oso baten izaeraren bertuteak erakusteko ez dirudi modu txarra.

1 thought on “Lortu du

  1. pakito

    Ez dut ulertzen zergatik tematzen den jendea esanaz, atzoko erlojupekoa arriskutsuegia zela, zenbat eroriko egon ziren bada? gaur paris robeaux-eko etapa seguru nago erorketa gehiago egongo direla.
    Bestalde ziur nago ziklista batzuentzat harrisku handiagoa dutela 60km/h egiten den esprin bat atzoko ibilbide hori baino.
    Azkenik aipatu harrisku handiagoa ikusten dudala nik tourmaleten 90km/h abiadura hartzea atzo egin zuten ibilbidea egitea baino. azken finean kurba horietan ez zuten abiadura ikusgarririk eramaten.

    Reply

Leave a Reply to pakito Cancel reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *