Eta orain errepidera

xabier_usabiaga

Xabier Usabiaga

Ez du erraza izango Zdenek Stybar txekiarrak ziklo-krosean adina lorpen erdiestea errepidean, han jardungo baitu aurtendik aurrera Tom Boonenen Quick-Step taldean. Ziklo-kroserako zorionez, ez du neguko espezialitatea utziko eta datozen urteetan ere lokatzari distira atereaz jarraitzeko asmoa du bigarren urtez jarrian Munduko Txapeldun egin den 25 urteko txekiarrak.

Ziklo-krosean lortu beharrekoa lortu du: Munduko Kopa, Superprestigioa eta Munduko Txapelketa iaz, Munduko Txapelketa aurten. Baina abenduan belaunak onartu izan balio beste biak ere aldean izango zituen seguru aski, egungo espezialistarik onena da-eta Stybar.

Quick-Step taldearekin sinatu duelarik, errepiderako urratsa egingo du orain txekiarrak. Udaberrian klasiko handietan ikusi bide dugu. Zer egin dezakeen da galdera. Badira itxaropena pizteko moduko aurrekariak. Eta ez gutxi. Roger De Vlaeminck belgikarra ziklo-kroseko Munduko Txapeldun izan zen 1975an. Monsieur Paris-Roubaix goitizena jarri zioten Iparraldeko Infernua lau aldiz irabazi zuelako, beste inork baino gehiagotan. Horretaz gain 22 etapa garaipen lortu zituen Giroan (Tourrean eta Vueltan bana), eta historian garaipen gehien erdietsi dituen hirugarren ziklista da 207 garaipenekin. Soilik, Eddy Merckx (319) eta Rik Van Looy (272) ditu.

Gertuagoko adibideak ere baditu Stybarrek. Pascal Richard suitzarra Munduko txapeldun izan zen ziklo-krosean eta klasikomano bikaina errepidean. Liege-Bastogne-Liege, Lombardiako Giroa, Atlantako Olinpiar Jokoak, Suitzako Itzulia, Romandiako Giroa edota Tourrean bi etapa eta Giroan lau irabazi zituen. Adrie Van der Poel holandarrari ere erreparatu diezaioke. Hark 1996an irabazi zuen Munduko Ziklo-kros Txapelketa eta ordurako Flandriako Tourrean, Amstel Gold Racen, Liege-Bastogne-Liegen, Donostiako Klasikoan eta Tourreko bi etapetan gailendua zen. Palmares kaskarragoa izanagatik ere Dominique Arnould frantziarrak adinako duintasuna lortzen badu tropelean ez da makala izango, hark Donostiatik irten Tourreko etapa eraman zuen-eta.

Baina ez da komeni euforiaz mozkortzea. Lars Boom bere adinkide holandarra ere ziklo-kroseko Munduko txapelduna izan da eta orain errepidean ahaleginak eta bi egin arren, ez du nahi bezain beste garaipen lortu. Hori bai Espainiako Vueltako etapa bat eta Paris-Nizako aitzin etapa ageri dira palmaresean. Zein neurritan ez dakigu, baina ia seguru biak ala biak protagonista izango dira klasiko handietan. Berezkorik behintzat ez zaie falta.

Leave a Reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *