Monthly Archives: December 2010

Ez ditut ulertzen Xabi Alonsori eskainitako txistuak

20101229_634292627580979242Argi dago Euskal Selekzioak Venezuelaren aurka jokatutako partida euskal futbolaren festa izan zela. Giro aparta, San Mamesen eta selekzioaren garaipena 3-1 Venezuelaren aurka.

Dena den, desatseginak izan ziren detaile batzuk ere egon ziren partidan. Gaizki dago bengalak piztea eta hauek zelaira sartzen uztea. Oso gaizki dago baita euskal talde batzuetako zale erradikalek izan zuten portaera zelaira jauzi eginez eta segurtasunaz arduratzen ziren pertsonei aurre eginez.

Baina min gehien eman zidan kontua Xabi Alonsori eskainitako txistuak izan ziren. Egia da zale guztiek ez ziotela txistu egin, baina bai harmailetako jende askok. Batzuk Reala uzti zuelako egin zioten txistu, beste batzuk Real Madrilen jokatzen duela eta Espainiarekin jokatu eta Munduko Kopa irabazteagatik egin zioten txistu beste batzuek.

Xabi Alonso bere jaioterriko selekzioaren jokatzen ari zen selekzio horren koloreak defendatuz. Gainera, Alonso euskalduna da, euskaraz hitz egiten duen euskalduna, hori baita bere ama hizkuntza. Euskal Selekzioarekin jokatu duen aldietan daukan guztia eman du.

Tolosarrari eskainitako txistuan entzun ondoren galdera batzuk etorri zitzaizkidan burura: Zergatik egin zitzaion txistu Xabi Alonsori eta ez Javi Martinezi? Biek jokatu zuten Espainiako Selekzioarekin eta biak Munduko txapeldun izan ziren Espainiarekin. Fernando Llorentek Euskal Selekzioarekin jokatu izan balu, txistu egingo ahal zitzaion? Llorentek ere Espainiako selekzioarekin Munduko txapelketa irabazi zuela gogoratu beharra dago. Euskal Selekzioan jokatu zuten beste jokalari batzuk Espainiako selekzioaren harrobiko mailetan egon dira eta ez zitzaien txistu egin. Euskal Selekzioak ez du ofizialtasunik momentuz eta jokalari hauek ez dute Espainiarekin jokatzea beste aukerarik. Oso zaila da Espainiako selekzioak deitu eta ezetza esatea, horrek isun garrantzitsuak ekar baititzake jokalariari.

Xabi Alonsok Euskal Selekzioa defendatzen zuen asteazkenean. Bera zelaira sartu eta jokoa asko hobetu zen. Kalitatea, baloi irteera eta baloi jabetza eman zion Euskal Selekzioari. Portaera edo jokabide ezin hobea izan zuen Xabi Alonsok. Bere burua euskalduntzat eta selekzioaren alde asko hitz egiten duten jokalariak daude eta horietako batzuk ez zuten zeukaten guztia eman Venezuelaren aurkako partidan. Hitz asko partida aurretik norberaren euskaltasuna aldarrikatzen, baina ez zuten guztia eman hainbeste maite duten selekzioagatik. Xabi Alonsok, ordea, isilka-isilka lan bikaina egin zuen eta zeukan guztia eman zuen.

Gainera, azpimarratu behar da partida amaiera gero hurbilago zegoenean Xabi Alonsoren futbol edo joko bikainari esker txistuak txalo bihurtzen joan zirela.