Martin Lasartek izango du proiektu berria zuzentzeko ardura

Hartzekodunen hitzarmena funtsezkoa da Realaren biziraupena bermatzeko. Prieto ez dutela salduko berretsi du Aperribaik eta kirol helburua mailaz igotzea dela harrobian oinarrituz.

“Hartzekodunekin hitzarmen egokia negoziatzea eta igoera gauzatzeko taldea osatzea dira heldu den hilabeteetarako helburuak”. Hitzokin ekin zion Jokin Aperribaik bi ordu luzez iraun zuen prentsa agerraldi jendetsuari Anoetako estadioan. Bideragarritasun plangintza, zerraldo ekonomikoa suspertzeko ezinbestekoa, hezurmamitu zuten lehenbiziko zatian. Bigarrenean berriz, kirol arloa jorratu.

Zordunen ituna sinatzeak du erabateko lehentasuna

Hori egin ezean, ondare negatibotik positibora igarotzea eta hartzekodunen batzarra ezinezkoak liratekeen, epaileak desegite agindua emango lukeelarik. Aperribaik azaldu duenez, kargua hartu zutenean 25,2 milioi euroko ondare garbi negatiboa zuen Realak, baina, era berean, zor ez duten kantitate bat gaizki kontabilizatua zegoela: Mediapro (5,5), Peyremans (4,9), LNFP (1,9) y Karpin (0,2). Horregatik, egoera berregituratu dute 12,5 milioitan murriztuz ondare negatiboa. Zortzi milioiko ondare garbi positiboa erdiestea da xedea, baina hartzekodunen hitzarmenik gabe, nekez igaroko da positibora. Jose Luis Martinez abokatuaren arabera, “ondare garbiak ez du zerikusirik zorrarekin. Lege kontzeptu bat da eta elkarteak duen balioaz ari zaigu. Legeak agintzen duenez, elkartearen ondare garbia ezin liteke kapitalaren erdia baino baxuagoa izan. Zazpi milioi eurokoa da Realaren kapitala. Beraz, hitzarmenaren ostean geure ondarea hiru milioi euro terdi baino eskasagoa balitz desegite prozesuan geundeken”.
Aipatu hitzarmena, uztailaren bigarren astea baino lehen aurkeztu behar du Realak auzitegian. Berau izenpetzeko nahikoa da hartzekodun ordinarioetatik lauk, Kutxak, Ogasunak, probintziako klubek eta lehen taldeak onartzea. Hala balitz, epailearen aurrera eramango lukete eta honek begi onez hartzen badu biltzarra egingo litzatekeen, gutxi-asko, azaroan.

Juango Legarda eta Iñaki Uzkudun aholkulari ekonomikoek osatu dute bideragarritasun plangintza. Bigarren mailarako dago egina eta Enplegua Arautzeko Espedientea (ERE) biltzen du. Azken horrek, milioi bat euroko ahurrezkia lortzeko helburua du. Ez dute esan nortzuk sartu dituzten, aurrez Enpresa Batzordeak jakin behar duelako. “Ezin dugu lortzen duguna baino xentimo bat gehiago xahutu. Horretaz gain, urtero urtero konkurtso prozesuak eragindako gastuei aurre egiteko adina diru izan behar dugu eltxetxuan gordeta. Heldu den urteetan dirua irabazi behar da. Bost urterako aurreikusi dugu bideragarritasun plana”, adierazi du Legardak.

Hiru milioi euroko diru-sarrera jasoko du Realak diputazioaren eskutik eta oinarrizko futbola kudeatzeko fundazioa sortuko dute. Hori guztia aintzat hartuz, 17 milioi euroko aurrekontua izango du datorren denboraldirako.

Zubietan oinarritutako kirol plangintza

Kategoriaz igotzeko iparrorratza harrobia izango da eta bai Aperribai baita Loren ere talde lehiakorra osatuko dutelakoan dira. Martín Lasartek hartuko du Lilloren tokia. Urtebeterako sinatuko du eta bere konfidantzazko lagunarekin dator, Carlos Balbi prestatzaile fisikoarekin. Balbik, besteak beste, uruguaiko selekzioarekin egin du lan. Alberto Iturralde izango da bigarren entrenatzailea. Iturraldek ezinhobeto ezagutzen du kluba, jubenil mailako entrenatzaile eta Iñaki Eskisabelen laguntzaile izan zelako bigarren taldean. Harrobiaren ezagupen maila altua du. Entrenatzaile taldearekin amaitzeko, Xabi Manzisidorrek jarraituko du atezainen arduradun bezala.

“Lidergo eta erantzunkizun ahalmen izugarria du Lasartek. Intentsitate handiarekin jokatzen dute bere taldeek, oldarkortasunez. Gainera, lan bikaina burutu du gazteekin”, nabarmendu du kirol zuzendari Lorenek.

Aperribairen esanetan, “harrobian itsu-itsuan sinisteko hautua egin dugu”. Horregatik, Viguera, Esnaola eta Sarasola lehen taldera igoko dira eta Illarramendik, Zurutuzak, Rosek eta Albistegik denboraldi-aurrea egingo dute. Zubietako arduradunari dagokionez, agintariak onartu du Javi Perezekin negoziatzen ari direla eta ongi bideratuta dagoela bere fitxaketa.
Kontseiluak garbi du Bravo eta Riesgo baino ez dituztela salduko udako merkatuan (salmenta horiekin, 1,7 milioi euro eskuratu nahi dira gutxien-gutxienik) eta Prieto ez dagoela salgai. “Prietok garrantzia berezia du igoera gauzatzeko eta bere salmenta ez da beharrezkoa. Athletikek ez digu beragatik hitz egiteko deitu eta jokalaria ez genuela salduko esan nion joan den astean Santanderko Racing-eko presidenteari”. Orain, Prietorekin negoziatuko dute soldata murrizteko. “Ez diogu egundoko esfortzurik eskatuko”. Bi atezainak salduko balituzte, Sanseko Antonio Ramírez izango litzateke Zubikarairen ordezkoa.

Ander Altuna

Leave a Reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *