Daily Archives: 12 April, 2011

Soto, txapeldun

Bigarren aldiz jarraian, Julio Soto gorritiarrak jantzi du Nafarroako Bertsolari Txapelketako txapel preziatua. Dena dela, askok diote bi txapeldun utzi dituela aurtengo finalak: Soto eta Silveira. Biak heldu ziren buruz burukora, eta sekulako erakustaldia egin zuten. Lau puntu eskaseko aldea atera zion Sotok lesakarrari. Indartsu bueltatu da plazetara Silveira eta aurtengo txapelketan argi erakutsi nahi izan du hori. Eta lortu du. Horra, Labriteko saioaren laburpena, eitb.com-etik hartuta.

Galtzagorriei to, Inaxito

Bertsolaritza haurrengana hurbiltzea da Trikuharri taldearen helburua. 2003an ekin zioten bideari, eta ordutik, bertsoa eta antzerkia uztartuz, hamaika lan plazaratu dituzte. Azkena, GALTZAGORRIEI TO, INAXITO! bertso-antzerkia eta berari jarraiki ekoiztu diren DVDa zein ipuina.

Euskal mitologia ardatz harturik, antzerkiaren bidez ikusten dena berrekartzeko aukera ematen du ipuinak Alai Zubimendiren ilustrazioekin. DVDan, berriz, Trikuharri taldearen ibilbide txikia eta hirugarren lanaren emaitza aurkezten da: antzerki emanaldia bera, bertsoak, jolasak eta protagonistei egindako elkarrizketak aurkituko ditu erabiltzaileak.