Tag Archives: eitb

Nonicken … jokoa hastera doa!

Gaming-aren hitzordua ate-joka ari da. Nonick Interneteko Joerei buruzko Nazioarteko Konferentziak ostiralean irekiko ditu ateak. Guztira 7 hitzaldi, mahai-inguru bat eta 12 tailer izango dira Nonicken laugarren edizio honetan, eta gaming-a eta negozio aukerak izango ditu ardatz. Gainera, Start Up 2.0 Competition lehiaketaren finala ere hartuko du konferentziak.

Konferentziaren inaugurazioa Joshua Williams-en esku egongo da. Microsoften ordezkariak ‘serious games’ delakoen paradigma azalduko du: jokoaren bidez produktibitatea nola areagotu. Honen ostean, Mark Barletek hartuko du hitza, AbleGamersen sortzaile eta CEOak. Urritasunen bat duten pertsonen bizi-kalitatea hobetzea helburu duen enpresa da AbleGamersen.

Nonickeko hurrengo multzoak Start Up edo sorkuntza berrietara zuzenduriko enpresak izango ditu ardatz. Courtney Guertin, CTO eta Kiip.me jokoen sortzaileak bere enpresa aurkeztuko du Start Up arrakastatsuaren adibide gisa. Ondoren, Start Up 2.0 Competition lehiaketako bost finalistek euren proiektuak aurkeztuko dituzte Nonickeko taula gainean, eta publikoak euren botoekin aukeratuko du Start Up 2.0 Competition lehiaketako irabazlea. Arratsaldean, berriz, jokoen inguruan arituko da Nonick.

Larunbatean, ekainaren 16an, tailerren txanda izango da konferentzian, eta, besteak beste, gai hauek jorratuko dituzte: retrogaming-a, jokoak hedabideetan nola sartu, joko arrakastatsuak nola sortu, gamer komunitateak nola kudeatu, webetarako estatistikak…

Eusko Jaurlaritzak SPRIren eta eitb.com-en bitartez eta CBT, Bilbao Ekintza eta BEAZ-Bizkaia elkarteen laguntzarekin antolatutako konferentzia honetan, bideo-jokoen industriako 200 profesionaletik gora izango dira datorren ekainaren 15ean eta 16an EiTBren Bilboko Multibox aretoan.

Negozioak eta gaming-a: azken joerak ezagutu nahi?

Nonick, Interneteko Joerei buruzko Nazioarteko Konferentzia, ekainaren 15ean eta 16an egingo da, laugarren aldiz, EiTBren multibox aretoan. Eusko Jaurlaritzak antolatzen du Nonick, eitb.com-en laguntzarekin.

SPRI, Basquegame eta eitb.com-eko ordezkariek Nonicken helburu nagusia kalitatezko networking-a (enpresa harremanak) sortzea dela adierazi dute: enpresen profesionalak eta inbertitzaileak, besteak beste, biltzea. Zazpi hitzaldik, mahai-inguru batek eta tailer-eskaintza zabal batek osatuko dute Nonicken egitaraua. Aurreko edizioetan bezala, Start Up 2.0 Competition lehiaketaren finala ere egingo da.

Xabier Sabalza, Eusko Jaurlaritzako Berrikuntzaren eta Informazio Gizartearen zuzendariak, Edurne Ormazabal, eitb.com-eko zuzendariak eta Juan de Miguel, Basquegame-ko buruak hartu zuten parte atzoko aurkezpen agerraldian. “Guztira, 24 enpresa daude bideo-jokoaren sektoreko euskal elkartean, eta Nonick-ek nazioarteko laguntza luzatuko die”, De Miguelen hitzetan. Jaurlaritzak eta eitb.com-ek ere bat egin zuten helburu horrekin.

Horrela, Nonick-en parte hartzen duten enpresa guztiei, eitb.com-ek ETBko telebista produktuetatik jokoak sortzeko lankidetza proposatuko diela aurreratu zuen Edurne Ormazabalek. “Agian, horri esker, datorren urtean, El Conquistador del fin del mundo, Goenkale edo entretenimenduzko beste edozein programen inguruko joko bat izan dezakegu. Garrantzitsuena saiatzea da eta aukerak aztertzea”, adierazi zuen eitb.com-eko zuzendariak.

Aurten, Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntza izango dute BEAZ-en bitartez eta Bilboko Udalarena, Bilbao Ekintzari esker.
Nonicken aurreko saioetan, mugikorretako aplikazioak eta sareko bideo eta telebista gaiak jorratu ziren, eta honi esker, bertan bildu zirenek, elkarrekin, proiektuak aurrera atera dituzte, lan-eskaintzak sortuz eta inbertsio teknologikoak eginez. Aurten, berriz, gaming-a landuko da, eta eskaintzen dituen negozio-aukerak. Ateak, ekainaren 15ean irekiko dira, Joshua Williams Microsoft Serious Games-eko arduradunaren aurkezpenarekin, eta larunbatean, Dante Simpsonen (Eon Interactive-ko presidentea eta Sony Music Entertainment-eko presidenteorde ohia) hitzaldiarekin itxiko dira.

Nonickerako sarrerak prezio murriztuan eskuratu ahal izango dira 2012ko ekainaren 8ra arte, konferentziaren webgune ofizialean.