Tag Archives: jokoa

Nonicken … jokoa hastera doa!

Gaming-aren hitzordua ate-joka ari da. Nonick Interneteko Joerei buruzko Nazioarteko Konferentziak ostiralean irekiko ditu ateak. Guztira 7 hitzaldi, mahai-inguru bat eta 12 tailer izango dira Nonicken laugarren edizio honetan, eta gaming-a eta negozio aukerak izango ditu ardatz. Gainera, Start Up 2.0 Competition lehiaketaren finala ere hartuko du konferentziak.

Konferentziaren inaugurazioa Joshua Williams-en esku egongo da. Microsoften ordezkariak ‘serious games’ delakoen paradigma azalduko du: jokoaren bidez produktibitatea nola areagotu. Honen ostean, Mark Barletek hartuko du hitza, AbleGamersen sortzaile eta CEOak. Urritasunen bat duten pertsonen bizi-kalitatea hobetzea helburu duen enpresa da AbleGamersen.

Nonickeko hurrengo multzoak Start Up edo sorkuntza berrietara zuzenduriko enpresak izango ditu ardatz. Courtney Guertin, CTO eta Kiip.me jokoen sortzaileak bere enpresa aurkeztuko du Start Up arrakastatsuaren adibide gisa. Ondoren, Start Up 2.0 Competition lehiaketako bost finalistek euren proiektuak aurkeztuko dituzte Nonickeko taula gainean, eta publikoak euren botoekin aukeratuko du Start Up 2.0 Competition lehiaketako irabazlea. Arratsaldean, berriz, jokoen inguruan arituko da Nonick.

Larunbatean, ekainaren 16an, tailerren txanda izango da konferentzian, eta, besteak beste, gai hauek jorratuko dituzte: retrogaming-a, jokoak hedabideetan nola sartu, joko arrakastatsuak nola sortu, gamer komunitateak nola kudeatu, webetarako estatistikak…

Eusko Jaurlaritzak SPRIren eta eitb.com-en bitartez eta CBT, Bilbao Ekintza eta BEAZ-Bizkaia elkarteen laguntzarekin antolatutako konferentzia honetan, bideo-jokoen industriako 200 profesionaletik gora izango dira datorren ekainaren 15ean eta 16an EiTBren Bilboko Multibox aretoan.