Monthly Archives: December 2012

Zeintzuk dira pasahitzik arriskutsuenak?

Pasahitza

Gorputzean beldurra sartzen hasteko unea da, gure edukiak arriskuan egon daitezkeelako. Neurriak hartu ezkero ez noski, baina garbi geratu da pasahitzari ez diogula garrantzirik ematen, eta honek bai jartzen dituela arriskuan guren orrialde eta profilak.

Segurtasun maila baxua duten pasahitzei begiratuko diegu gaurkoan. 2012an gehien erabili diren pasahitz desegoki horiei. 25 gako ezberdin kaleratu dira sarean, eta garbi geratu da pasahitzik erabiliena, eta beraz desegokiena PASSWORD dela. Hau da pasahitza, ingelesez. Eta begira nola diren gauzak 25 horietan zerrenda ixten duena PASSWORD1 da.

Bi hitz hauen artean ordea badira beste batzuk ere aski ezagunak egiten zaizkigunak: ILOVEYOU, 123456, FOOTBALL, MASTER, MUSTANG, JESUS, NINJA…

Beraz hauetako baten bat baduzu, hobe lehen bailen aldatzea.

Eta nola osatu pasahitz seguruago bat? Oso erraz! Zenbakiak, hizkiak eta zeinuak gehituz hitzari. Adibidez: password.19875 pasahitz sendoa izango litzateke, football-donostia89 bezalaxe.

Baina ez ahaztu gogoratzeko ere erraza izan behar duela, beraz pasahitz bat aukeratu aurretik probak egin. Eta zuen pasahitza oraindik ere sendoagoa egin nahi baduzue, nahikoa duzue denboraldi bat eta gero pasahitz berri bat ezartzearekin.

Babestea segurtasunaren lehen maila da!

ARGAZKIA | Wisegeek

20 urte lehen sms bidali zela

SMS

Benga, bale… beste behin nostalgiko jarri  naiz. Onartzen dut! Baina aizu! Gauza batzuk gogoratzea ez da gaizki etortzen. Batez ere urte guzti horien ondoren zerbait desagertzen ari denean: Mezuak ez, baina bai bidaltzeko modua.

Erresuma batuan bidali zuten lehen SMSa. Gaurko egun batean bezala, baina duela 20 urte. Eta mezu hark zera zioen:

Merry Christmas

Abendu hasieran eta gabonak zoriontzen? Guk gurean egingo bagenu Euskararen Nazioarteko Egunaz zerbait idatziko genukeen… baina badakizue british hauek, beti british. Vodafone etxearen seinaletik bidali zen lehen mezua eta garestia ez, oso garestia zen. Merkeagoa baitzen Hubble teleskopiotik informazioa bidaltzea SMSa bidaltzea baino.

Nokia etxeari esker egin zen ezaguna zerbitzu berria, 1993an atera zuen telefonoari esker. Zerbait esklusiboa hasieran. Baina urte gutxian mundu zabalera, konpainia denetara eta telefono mota guztietara heldu baitzen.

Gaur egun SMSak ahazten ahazteko bidean gaude Whatsapp eta Line bezalako programengatik. Informazio gehiago bidaltzeko aukera ematen dutelako, eta batez ere doakoak direlako. Orain, lehen bezalaxe, beti poltsikoari begira (orduan ere krisia baitzegoen mundu zabalean).

Tira, ikusi egin beharko dugu non geratzen diren gaur egungo mezuen zerbitzuek 20 urte barru, eta zein aukera eskainiko duten… Baina hori zientzia fikzioari utziko diogu.

ARGAZKIA | Grouptext