Tag Archives: Miguel Indurain

Onak beti itzultzen dira

Denbora da Thomas Lofvkist, Mediterraneoko itzulia irabazi berri duen ziklista suediarra begiz jo nuela. 2003a edo izango zen, 19 urte baino ez zituela Etorkizuneko Tour bikaina egin zuenean (seigarren izan zen), seguru aski. Geroztik gertutik jarraitu dut. Egungo ziklismoaren ordezkarietako bat zela iruditu zitzaidan, garbizaletasun joeraren aitzindarietako bat. Oso gaztea izanagatik, bidezidor zalantzagarriak erabiltzen zituztenen gainetik nabarmentzen zen batzuetan. Ibilbide luzeko ziklista ematen zuen, ezaugarri anitzetakoa eta sapaia goian zuena. Zoritxarrez, ez zen halakorik bete. Erdizka gelditu da bere palmaresa.

Gogoan dut, 1997an Donostian jokatu zen Munduko Txapelketaren baitan, entrenatzaileen nazioarteko simposium bat antolatu zuten eta bertan entzun nion entrenatzaile bati, txirrindulari bat erretzea ezinezkoa zela, dohainek iraun egiten zutela, kamusten zirela bai, baina ez zirela desagertzen. Uste dut ataka estuan jarriko nukeela Ekitaldeko ziklista askoren kasuak mahai gainean jarriko banizkio. Alegia, nola azalduko luke kirolari batzuk 16-20 urterekin, euren heldutasunean baino (26-28) hobeak izatea?

Beharbada iaz IƱigo Mujika fisiologo euskaldunak Journal of Sports Physiology and Perfomance aldizkari entzutetsuan argitaratu zuen ikerketa batekin erantzungo lidake. Bertan Mujikak zera ikusi zuen, Miguel Indurain handiak erretiroan 14 urte eman arren, bere balore fisiko absolutuak egun pelotoian dabiltzan gazte askorenak baino hobeak direla.

Eta litekeena da Thomas Lofvkisten kasua ere aipatzea. Esaten zenez, ziklista suediarrak oso dohain onak zituen, baina auskalo zergatik ezin izan dituen behar bezala erakutsi. Akaso presio gehiegi ezarri diote. Beharbada beste batzuentzat lan egin beharrak mugatu du bere bilakera, edo motibazio ezak. Ez dakit, baina orain badirudi IAM talde sortu berrian lider sentitzen dela eta horrek lagundu lekioke. Edonola den ere, garbi dago, bere gorputzak garaipen garrantzitsuak lortzeko bertuteak dituela. Mediterraneoko itzulia da adibide.