Author Archives: Xabier Euzkitze

Nibali da patroia

Tropela Toscanan barrena. Argazkia: EFE Bradley Wigginsen zain geunden arren Vicenzo Nibali da Giroko patroia. Errazegi eman genion garaipena Sky taldeko britaniarrari, erlojupeko luzea eta iazko sendotasun bikaina gogoan. Giroa ordea ez da Tourra, gauza asko dira desberdinak, eguraldia eta mendateen gogortasuna besteak beste. Gutxietsi egin ziren ezaugarri horiek baina astebete nahikoa izan da eragin dutena jakiteko. Besteak beste Wigginsi ezagutzen ez zitzaizkion gabeziak azaleratu zaizkio.

Tropela Toscanan barrena. Argazkia: EFEAurrenekoa baldarkeria teknikoa da. Ondo ezkutuan eduki du orain arte. Iazko Tourreko irudi edota argazkiak erreparatuz gero Wiggins beti buruan ageri da, gehienetan elastiko horiarekin nabarmenduta. Aurtengo Kataluniako Voltan, berak eta bere taldeak eragin zuten tropelean etena jaitsiera sigisagatsu batean. Artetsua zirudien bihurguneak hartzen. Baina, ez da, Giroak erakutsi du hori. Izuak airean dabil eta ez da ulertzekoa. Eroriren batean buruhezurra hautsi izan balu, tira! Beldurra hezur muinetaraino sartu eta izu bihurtzea normala izango zatekeen, baina eroritxo pare batengatik dabilen bezala ibiltzeak ez du ez buru ez hankarik. Igoerak asko entrenatu ditu, baina jaitsierak ez antza. Eta premia eduki badauka.

Itzuli handiak irabazteko bertuteak edukitzeaz gain, gabeziak ezkutatzen jakin behar da, eta Wigginsi gehiegi antzeman zaizkio. Aurkariek badakite zein zauritan bota behar den gatza zornea eragiteko. Baina, bere arazo bakarra ez dira jaitsierak eta euria. Igoeretan ere larri dabil, ohi baina justuago. Inoiz baino hobeto dagoela esan du, baina ezin du erakutsi. Atzoko etapa horren lekuko. Lasterketa gogortzea komeni zitzaiela pentsatuta, ekimena hartu zuten pelotoi buruan. Txalotzeko jarrera da. Nortasuna hori baita, norberari komeni zaion karrera norberaren baliabideei esker jorratzea, ez besteren baitan egotea. Wigginsek modu horretan menderatu behar ditu aurkariak, menderatzekotan. Higadura lana eginez, erritmoan iraunez. Ez erasoka, hori ez da bere bertuterik behinena. Karrera azken muturreraino gogortzeak indartsuenari egiten dio mesede, horregatik egin zion kalte Wigginsi, indartsuena ez delako. Baina garaiz ohartu zen Sky eta irtenbidea eman zion. Bizkor jokatu zuten eta eskerrak, bestela porrota are handiagoa izango zen. Uranen garaipenak gozatu zuen Wigginsen gazia.

Ikusitakoak ikusita, Skyk aldatu egin beharko du hasierako estrategia. Erlojupekoa ez zuen behar bezala baliatu Wigginsek eta mendateetan ez dabil. Ezin du Giroa irabazi. Atzoko etapan bezala estrategia aldatu eta, zirt edo zart, Uranek eta Wigginsek ausart jokatzen badute ataka estuan jar lezakete Nibali, patroia. Seguru aski ez dute lortuko, baina Giro zoragarria eskainiko ligukete. Itxaropen horrekin jarraituko dugu!!

Onak beti itzultzen dira

Denbora da Thomas Lofvkist, Mediterraneoko itzulia irabazi berri duen ziklista suediarra begiz jo nuela. 2003a edo izango zen, 19 urte baino ez zituela Etorkizuneko Tour bikaina egin zuenean (seigarren izan zen), seguru aski. Geroztik gertutik jarraitu dut. Egungo ziklismoaren ordezkarietako bat zela iruditu zitzaidan, garbizaletasun joeraren aitzindarietako bat. Oso gaztea izanagatik, bidezidor zalantzagarriak erabiltzen zituztenen gainetik nabarmentzen zen batzuetan. Ibilbide luzeko ziklista ematen zuen, ezaugarri anitzetakoa eta sapaia goian zuena. Zoritxarrez, ez zen halakorik bete. Erdizka gelditu da bere palmaresa.

Gogoan dut, 1997an Donostian jokatu zen Munduko Txapelketaren baitan, entrenatzaileen nazioarteko simposium bat antolatu zuten eta bertan entzun nion entrenatzaile bati, txirrindulari bat erretzea ezinezkoa zela, dohainek iraun egiten zutela, kamusten zirela bai, baina ez zirela desagertzen. Uste dut ataka estuan jarriko nukeela Ekitaldeko ziklista askoren kasuak mahai gainean jarriko banizkio. Alegia, nola azalduko luke kirolari batzuk 16-20 urterekin, euren heldutasunean baino (26-28) hobeak izatea?

Beharbada iaz Iñigo Mujika fisiologo euskaldunak Journal of Sports Physiology and Perfomance aldizkari entzutetsuan argitaratu zuen ikerketa batekin erantzungo lidake. Bertan Mujikak zera ikusi zuen, Miguel Indurain handiak erretiroan 14 urte eman arren, bere balore fisiko absolutuak egun pelotoian dabiltzan gazte askorenak baino hobeak direla.

Eta litekeena da Thomas Lofvkisten kasua ere aipatzea. Esaten zenez, ziklista suediarrak oso dohain onak zituen, baina auskalo zergatik ezin izan dituen behar bezala erakutsi. Akaso presio gehiegi ezarri diote. Beharbada beste batzuentzat lan egin beharrak mugatu du bere bilakera, edo motibazio ezak. Ez dakit, baina orain badirudi IAM talde sortu berrian lider sentitzen dela eta horrek lagundu lekioke. Edonola den ere, garbi dago, bere gorputzak garaipen garrantzitsuak lortzeko bertuteak dituela. Mediterraneoko itzulia da adibide.

Puerto Afera, galdutako epaiketa

Egunotan mundu erdiko zirko mediatikoa Puerto Afereko inputatuen inguruan dabil, euretakoren batek esan zuen moduan “zirkoko tximinoak bezala” jarri dituztelako plaza publikoan. Baina, hemen, benetan lotsagarri gelditzen ari dena Espainiako sistema judiziala da, ez duelako, inondik inora ez gainera, kirolaren historian izan den dopaje arazo larrienetako baten aurrean ez behar bezalako seriotasunarekin ez behar bezain azkar erantzun. Puerto Afera, galdutako epaiketa da edozein ikuspegitatik begiratuta ere.

Hasteko Espainiako dopajearen aurkako legedia ipurtagirian gelditu zen arazoa lehertu zenean. Dopina delitu zen ordurako Europako beste lurralde batzuetan, hala nola, Alemanian, Frantzian eta Italian. Espainian ez. Bigarrenik, harrigarria da ustezko dopin sare horretako bezero zigortu bakarrak atzeritarrak izatea, alemaniarrak eta italiarra ia denak: Ullrich, Jaksche, Scarponi eta Gianpaolo Caruso. Beste bezero ia guztiak espainiar herritartasuna dute, baina inork ez du zigorrik jaso. Herrialde horretan lotsaren arrastorik bada, axolagabeena ere lotsatzeko modukoa da hori. Norbaitek Alejandro Valverde zigortu zutela ekarriko du gogora. Ados, baina gertaera horrek berak ustel kiratsa du, txiripaz harrapatu baitzuten murtziarra. Kontua da auziaren ardura zuen Antonio Serrano epaileak ez zuela onartu CONI-ren (Italiako Batzorde Olinpiko Nazionala) eskaera, alegia, odol poltsak aztertzeko eskaera. Baina Serrano oporretan zegoen batean haren ordezko epaile batek ameto eman zion italiarren nahiari eta orduan ziurtatu ahal izan zuten odol poltsetako bat Valverderena zela. Urte hartako Tourra Italiara pasatu zenez, hala zigortu ahal izan zuten egungo Movistarreko ziklista. Antonio Serrano epailegatik balitz, Valverde ez zuten inoiz zigortuko.

Epaiketa hau justiziak beharko lukeenaren justu kontrakoa da. Ez da ez garbia, ez zuzena, ez bidezkoa izango. Ezin du izan. Sare horretan ustez zeuden ziklista batzuk zigortu zituzten, beste batzuk oraindik korritzen ari dira, eta beste asko, ia gehienak, pelotoitik erbesteratu egin zituzten. Beraz, ez du inondik inora berdintasunaren oinarri zipitzik. Berez, arau hauste berdina egin dutenek, zigor berdina beharko lukete, ezta? Bada, hemen ez da halakorik beteko.

Gainera, ez da dopin sarerik epaitzen, eta ikusitakoak ikusi, beharbada hori da txarrena. Seguruenik lekuko gisa deklaratuko duten ziklista ohi atzerritarren ahotik jakingo da dopin sistema antolatua zutela inputatuek, baina epaileak AMA-k (Dopinaren Kontrako Mundu Agentzia) eskatutakoari uko egiten badio, odol poltsak bere esku uzteari alegia, ez dute inor zigortuko. Zigortu edo errugabe jo, batek daki. Inori bere huts egitea baieztatu eta zigorrik jarriko baliote berandu litzateke, ia ziklista gehienak erretiratuta daudelako. Baina askoz okerragoa litzateke ziklistaren bat edo batzuk errugabe direla ziurtatuko balitz. Hori barkaezina litzateke bere garaian euren kirol jarduera profesionalarekin jarraitzea ahalgabetu zitzaielako.

Espainiako justiziaren jarduna nolakoa den ikusita, ez dago batere argi epaitzen ari diren osasun publikoaren kontrako delitua bera ere frogatu ahalko duten. Baina hori, azken batean, nori axola zaio orain?