Monthly Archives: October 2012

Xabier Usabiaga: ‘Erruduna’

Munduak begitan hartu du Lance Armstrong. Berarekin itsutu dira komunikabide guztiak eta badirudi zuhaitz ustel horri begira inork ez duela ikusi nahi atzean dagoen basoa. Eta hura ere ustela zegoen, zinez.

Ez dut Lance Armstrong defendatzeko inolako asmorik. Ezinezkoa da. Berak ere uko egin dio urtetan egoskor eutsitako helburuari. Amore eman du, errua onartu ez arren. Nire intentzioa bestelakoa izan da beti. Inor defendatzea baino ziklismoak jasan duen kritika erraz eta bidegabea salatu dut. Ez dut onartzen probarik gabe inori ezer leporatzerik. Komunikabideetan ez. Hau gauza serioa da gero! Baina orain nohai daude frogak. Protagonisten hitzak daude. Egia biribilak. Eta UCIren aitortza ere hor dago. Dopina atzemateko sistema ez zen behar bezain eraginkorra garai hartan. Hori zen arazoa. Arazoetako bat. Ez bakarra. Beraz, errealitatea onartu egin behar da eta errealitateak erakutsi du, salbuespenak salbuespen, garai hartan tropel osoak jotzen zuela antzeko prestaketa metodoetara.

Baina, behin egia jakin delarik, jakin dezagun egia osoa. Ez erdizka. Armstrong erruduna da, baina jaurti dezala lehen harria errugabe denak. Harri txintxarrik ere ez dute jaurtiko. Inor Armstrongen jardunbideaz kaltetua sentituko balitz, salatu egin beharko luke. Lasai, inork ez du epaitegietara joko.

Bere atzetik edo aurretik sailkatutako nork esan behar du ezer. Bota bat. Izen bat. Ia denak antzeko sareetan atzeman izan dituzte, edota positibo emanak dira. Eta bere buruari garbi eusten dioten bakanak zorteko dira euren berri izan zuten taldekideek salatu ez dituztelako. Armstrongen afera Floyd Landisen hari muturrari tiraka azaleratu da. Hark salatu zuen aurrena. Atzetik etorri dira bere taldekide eta lagun min izandako besteen aitortzak. Garai hartako eta aurrekoetako beste taldeetan USADAk egindako ikerketen parekoak egingo balituzte, ia denak zepo berean eroriko lirateke. Ia diot, beti izaten delako salbuespenen bat.

Tristetu egiten nau jendeak arbol ustelean aizkora sartzeko duen erraztasun zitalak. Inork ez du orain Armstrongen alde hitzik egingo, eta beharrik ere ez egoera ez baita inori losintxak egiteko, baina gizakiak zintzotasun minimo bat balu belaunaldi hartako zein aurrekoetako kideek “ni ere errudun” oihukatu beharko lukete. Eta ez soilik txirrindulariek. Ziklismoa osatzen zuten alor guztietako kideek dute, gehiago edo gutxiago, erantzukizunen bat. Zuzendariek, medikuek, managerrek, babesleek, masaje emaileek, eta baita kazetari eta erakundeek ere. Gehienek babestu ez ezik auspoa eman zioten ahal izan zuten bitartean. Eta onurak jaso. Kazetariek ez zituzten kurpil artetik zetozen zurrumurruak behar bezala ikertu, baina berriro diot zurrumurru hutsak ez dira inori ezer leporatzeko adina. Ezta ezer txarrik iradokitzeko ere. Afera honek UCI ere ipurtagirian utzi du. Jakinaren gainean zegoen arazoa konpontzeko ez zuten beharrezkorik egin. Orain bistan gelditu denez, eraginkortasunik gabeko sistemari eustea baino ez zuen egin. Guztiek onartu behar dute (dugu) dagokien erantzukizuna eta autokritika zorrotza egitea behar beharrezkoa da.

Armstrongek ez zuen doping sistemarik asmatu. Ikusi, ikasi eta beste guztiek egiten zuten moduan, indarrean jarri zuen. Beraz, ez diezaiogun duen errua baino handiagorik itsatsi, edo gutxienez, ez dezagun errudun bakar bihurtu. Ez da-eta.

Formula Student Bizkaia: ‘Motorrak berotzen’

Hiru, bi, bat… Eta argi berdea!!! 2013-ko denboraldia jadanik hasia da Formula Student Bizkaia taldearentzat. FSB2013 izenaz, Bilboko Eskola Teknikoko ikasleez osatutako taldea, Silverstonen eta Montmelon lehiatuko den autoaren diseinuarekin hasi da. Orain arte blog hau nahiko geldirik egon da, lan eta lan egin dugulako diseinuaren lehen urratsetan.

Orain dela hilabete bat gure aurteneko apostuaren aurkezpen ofiziala egin genuen. Erantzuna ezinhobea izan zen. Ikasle asko agertu ziren eta taldean sartzeko gogoa erakutsi zuten. Urte honetan ilusio handia daukagu, pasadan urtean izandako emaitzekin, parte hartutako bi lehiaketetan: FSUK eta FSS.

Azpitaldeetako liderrak taldekide berriak baieztatu bezain laster, diseinu berrietan lan egiten hasi ginen FSB2013 proiektua aurreratzeko. Kide berriak beharrezko guztia ikasi dute azken asteetan eta jadanik taldearen parte dira.

Reunión de los jefes de grupo de FSB2013
Reunión de los jefes de grupo de FSB2013

Diseinuak erritmo onean ari dira garatzen eta Azaroan diseinu finala edukiko dugu eta fabrikazio fasean sartuko gara.

Autoaz beraz hitz egiten, urte honetan erabaki garrantzitsu bat hartu dugu: kotxe bakar bat egitea, motor elektrikoarekin. Pauso handi bat guretzat, eta pasadan urteko emaitzak kontuan hartutak, nahiko konfidantza daukagu postu oso on bat lortzeko lehiaketa internazionalean eta Espainiako lehen postua errepikatzeko. Horrez gain, material berri batzuk ikertu ditugu, auto hobeago bat lortzeko. Blog honetan berritasunei hauei buruz hitz egingo dugu hurrengo post-etan.

Kide berriak lan erritmoa hartu dezaten, Zamudiora joan ginen Irailak 23an auto elektrikoaz. Esperientzia hau, denok hobeto ezagutzeko ere erabili genuen.

551994_468460533187913_165021512_n

Urte berri batean, auto azkar bat, prezio merkean egiteko erronka daukagu. Hau guztia, gure babesle ugariei esker egin ahal dugu, diru-laguntza eta, gehienetan, esperientzia eta materialekin laguntzen digutenak. Denboraldi honetan babesle gehiago bilatuko ditugu, geure artean laguntzeko.

Azkenik, berri oso on bat daukagu. Formula Student Spain-eko bideo lehiaketan lehen saria ean digute. Sari hau Olympus-ek ematen du, lehiaketaren babesle bat, eta argazki kamera bat izango da. Hemen utziko dizuegu bideoa:

FSSpain – FSBizkaia Electric giving out sparks [HD]

Xabier Usabiaga: ‘Egia’

Azkenean egia jakin da. Esaera batek dio posible dela pertsona bati beti gezurra esatea edo mundu guztiari une batez, baina ezinezkoa dela mundu guztiari beti egia ezkutatzea. Egia izango da. Lance Armstrongi gertatu zaio, eta akats bera egingo luke 90. hamarkadako ziklismoa izan zena ezkutatzen jarraitzen duen orori.

Festina aferak garai hartako ziklismoaren argi printzen bat eman zuen. Izpi bat baino ez zen izan, taldea bera eta gehienez ere Frantziako ziklismoa jipoitu zuelako soilik. Oraingo honetan ordea badirudi hamarkada oso batetik gora doan aroari dagozkion zalantzak argitu direla.

Ez naiz inoiz frogarik gabe salaketak egitearen aldekoa izan. Uste dut norbaiti zerbait leporatzen zaionean frogak behar direla. Bestela ixilik hobe. Edozer gauza esatearen anarkia ez dut onartzen. Baina protagonistak eurek, eta denek aho batez gainera, errealiatea xehetasun ororekin deskribatzen dutenean, sinestea besterik ez dago. US Postal taldeko ziklisten adierazpenak iraganean egindakoen berrespen borobila dira. Antzera mintzatu ziren Festinako gizonak, baita Jesus Manzano, Bjarne Riis, Erik Zabel, Johan Museeuw, David Millar, Bernard Kohl eta orain garrantziarik ez duten beste abar luze bat ere. Batzuek euren akatsa baino ez zuten onartu, beste batzuek taldearen esparruraino heldu ziren, baina oraingo honetan tropel osoa erori da zepoan.

Egoera honetan Lance Armstrgonek ez dauka ihesbiderik, ataka oso estuan dago. Ondorioak gainera kirol esparrutik haratago joan daitezke US Postal talde diru publikoak babestu baitzuen eta litekeena da amaierarik gabeko epaiketa zurrunbiloan murgiltzea. Inoiz ez da berandu egia jakiteko, baina oraingo honek ere bere hipokresia dosia izan du. Aitorpena egin duten guztiek euren kirol bizitzaren amaieran esan dute egia, jarritako zigor sinbolikoek inolako eraginik izango ez duten garaian.

Bidegabea deritzot Lance Armstrong bakarrik jotzea errudun, bistan gelditu baita tropel osoak berdin edo berdintsu jokatzen zuela. Iraingarria iruditzen zait eta higuina eragiten dit garai hartako lehen mailako protagonista batzuen adierazpenak irakurtzeak. Egun zentzurik ez duten argudio ustelekin zuritzen dute euren burua. Garai hartako ziklismoaren parte izan ziren (izan ginen) guztiek dute erantzukizunen bat eta zintzo onartu behar da, anbiguitaterik gabe.

Ez zait zuzena iruditzen orain Armstrong edo garai hartako beste inor zigortzea. Hasteko Armstrongen kasu honetan berdintasunaren legea urratu delako. Berari bakarrik egin diote neurri hontako jazarpena. Bigarrenik denek bete zituztelako zegozkien arawak, inork ez zuen positibo eman. Eta hirugarrenik, euren lorpenak baliogabetuta ere, ezerk ez duelako zilegitasun gehiago bermatzen.

Guzti honetan ikusten dut ondorio baikorrik. Protagonistek eurek aitortu dute ziklismoak hobera egin duela eta garai bateko ustelkeria sinestu zaien bezala sinestu behar zaie hori ere. Eta Jonathan Vaugthers Garmin taldeko managerrak esan duen moduan, iragaran horrek gauza bat erakutsi du eta ozen esan behar da. GEHIAGO SEKULA EZ.