Daily Archives: 31 January, 2013

Puerto Afera, galdutako epaiketa

Egunotan mundu erdiko zirko mediatikoa Puerto Afereko inputatuen inguruan dabil, euretakoren batek esan zuen moduan “zirkoko tximinoak bezala” jarri dituztelako plaza publikoan. Baina, hemen, benetan lotsagarri gelditzen ari dena Espainiako sistema judiziala da, ez duelako, inondik inora ez gainera, kirolaren historian izan den dopaje arazo larrienetako baten aurrean ez behar bezalako seriotasunarekin ez behar bezain azkar erantzun. Puerto Afera, galdutako epaiketa da edozein ikuspegitatik begiratuta ere.

Hasteko Espainiako dopajearen aurkako legedia ipurtagirian gelditu zen arazoa lehertu zenean. Dopina delitu zen ordurako Europako beste lurralde batzuetan, hala nola, Alemanian, Frantzian eta Italian. Espainian ez. Bigarrenik, harrigarria da ustezko dopin sare horretako bezero zigortu bakarrak atzeritarrak izatea, alemaniarrak eta italiarra ia denak: Ullrich, Jaksche, Scarponi eta Gianpaolo Caruso. Beste bezero ia guztiak espainiar herritartasuna dute, baina inork ez du zigorrik jaso. Herrialde horretan lotsaren arrastorik bada, axolagabeena ere lotsatzeko modukoa da hori. Norbaitek Alejandro Valverde zigortu zutela ekarriko du gogora. Ados, baina gertaera horrek berak ustel kiratsa du, txiripaz harrapatu baitzuten murtziarra. Kontua da auziaren ardura zuen Antonio Serrano epaileak ez zuela onartu CONI-ren (Italiako Batzorde Olinpiko Nazionala) eskaera, alegia, odol poltsak aztertzeko eskaera. Baina Serrano oporretan zegoen batean haren ordezko epaile batek ameto eman zion italiarren nahiari eta orduan ziurtatu ahal izan zuten odol poltsetako bat Valverderena zela. Urte hartako Tourra Italiara pasatu zenez, hala zigortu ahal izan zuten egungo Movistarreko ziklista. Antonio Serrano epailegatik balitz, Valverde ez zuten inoiz zigortuko.

Epaiketa hau justiziak beharko lukeenaren justu kontrakoa da. Ez da ez garbia, ez zuzena, ez bidezkoa izango. Ezin du izan. Sare horretan ustez zeuden ziklista batzuk zigortu zituzten, beste batzuk oraindik korritzen ari dira, eta beste asko, ia gehienak, pelotoitik erbesteratu egin zituzten. Beraz, ez du inondik inora berdintasunaren oinarri zipitzik. Berez, arau hauste berdina egin dutenek, zigor berdina beharko lukete, ezta? Bada, hemen ez da halakorik beteko.

Gainera, ez da dopin sarerik epaitzen, eta ikusitakoak ikusi, beharbada hori da txarrena. Seguruenik lekuko gisa deklaratuko duten ziklista ohi atzerritarren ahotik jakingo da dopin sistema antolatua zutela inputatuek, baina epaileak AMA-k (Dopinaren Kontrako Mundu Agentzia) eskatutakoari uko egiten badio, odol poltsak bere esku uzteari alegia, ez dute inor zigortuko. Zigortu edo errugabe jo, batek daki. Inori bere huts egitea baieztatu eta zigorrik jarriko baliote berandu litzateke, ia ziklista gehienak erretiratuta daudelako. Baina askoz okerragoa litzateke ziklistaren bat edo batzuk errugabe direla ziurtatuko balitz. Hori barkaezina litzateke bere garaian euren kirol jarduera profesionalarekin jarraitzea ahalgabetu zitzaielako.

Espainiako justiziaren jarduna nolakoa den ikusita, ez dago batere argi epaitzen ari diren osasun publikoaren kontrako delitua bera ere frogatu ahalko duten. Baina hori, azken batean, nori axola zaio orain?