Xabier Usabiaga: ‘Alejandro Valverde itzuli da’

Ivan Basso, Danilo Di Luca, Alexandre Vinokourov eta Alejandro Valverdek parekotasun asko dituzte. Hasteko ziklista handiak dira, oso handiak. Bigarrenik, denak erori ziren dopinaren atzaparretan. Hirugarrenik, laurek larrutik ordaindu behar izan dute hutsa, kasurik gehienetan bi urteko zigorra. Eta denak itzuli dira, nola itzuli ere, baina inor ez bueltatu Alejandro Valverde bezala. Bere lehen karreran bertako etapa nagusia irabazteaz bat itzulia bera eramateko mehatxu egiten dio liderrari, Simon Gerransi.

alejandrovalverde
Alejandro Valverde

Datuak begiratzen dituen edonor ohartu daiteke Vinokouroven eta Valverderen itzulera oso antzekoa izan dela, baina Valverderen garaipenak meritu gehiago duela esango nuke Pro Tourreko lasterketan gailendu delako. Kazastandarra 2009ko abuztuaren 4an berragertu zen Frantziako kriterium batean. Handik gutxira irabazi zuen lehen proba, abuztuaren 11an, L’Aingo Tourreko erlojupekoa.

Valverde Down Underren estreinatu berria da eta bosgarren egunean etapa nagusia irabazi du bere benetako nortasuna modurik onenean erakutsiz. Garaipen hori, berezkotik asko izan arren, disziplinaren adierazgarri da, hots, arrakastaren bi zutabe nagusiak izan ditu. Movistarreko ziklistak kolpe bakar batez uxatu ditu ezkorrek zituzten zalantzak. Baikorrak eta haren zaleak garaipena ospatzen ariko dira.

Valverdek lasterketarik onenak irabazteko gaitasuna duela erakutsi du garaipen horrekin. Itzuli da, inork ezin du zalantzarik txikiena izan. Iaz, beraren eta Philippe Gilberten arteko orpoz orpokoaren mina izan zuten zale askok. Murtziarrak lehia horretarako prest dagoela erakutsi du.

Leave a Reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *