Matthew Goss da urteko gizona

Goss_gBeste inork baino garaipen gehiago lortu du Matthew Gossek, zortzi dagoeneko, baina ez da hori 24 urteko gazte honen urteko bilakaeran azpimarratzea merezi duen datu bakarra. Oso modu eta aurkari desberdinen gainetik ari da nagusitzen han eta hemen: Australian, Omango Itzulian, Paris-Nizan eta azkenik Milan-San Remon, urteko lehen klasiko handian. Oso gazterik eman zuen bere dohainen berri (orain bi urte Paris-Bruselas irabazi zuen, iaz Giroko etapa bat), baina aurten bere maila berretsi ez ezik, sekulako gorakada izaten ari da. Bere urtea da.

Orain arte gizon azkarra delako nagusitu izan da, esprinter bizkorra, baina San Remon hori baino askoz gehiago erakutsi zuen. Egoerak hala eskatzen zuen. Abiadura ez da nahikoa egoera horretan gailentzeko. Ezer baino lehen esprinta ziurtatu behar izan zuen, eta hori inoiz ez da erraza erasotzaileez beteriko taldetxoan. Cancellara, Gilbert, Pozzato, Nibali eta Offredo justu kontrako asmoarekin ziren, baina Gossek zapuztu zuen ahalegin oro. Suitzarraren erasoa motzean lotu zuen. Bestela, hark irabaziko zuen, akaso. Ondoren, Gilbert ahalegindu zen, eta haren atzetik ere irten zen eta lortu ez bazuen ere Pozzatori egin zion harrapaketaren gonbitea. Horrek zapuztu zuen belgikarraren asmoa. Beraz, birritan antzeman zion arriskuari Gossek.

Cavendishek esan berri du Goss oso ona dela, ez esprintatzen bakarrik baita esprintaren bidea aukeratzen ere. Berak, Cavendishek, inoiz ez omen luke Mark Renshaw bere bideratzailearen babesa utziko, hark erakusten diolako jarraitu beharreko bidea. Baina, Gossek, zioen britaniarrak, bere kabuz egin dezake hori guztia. San Remon egia dela ikusi zen. Eta ikusi zen, zenbait probetan atzetik izan zituen Cancellararen eta Gilberten parean ibili daitekeela, gorenean, alegia.

1 thought on “Matthew Goss da urteko gizona

  1. Jon Kaxka

    Poz ematen dik izen berriak azaltzea, eta ez azaldu bakarrik, baizik eta puntaren puntan oraingo klasikomanoek duen hejemonia hori haustera buru belarri datozen jendea diau bultzaka, Goss, Van Garderen, Sagan, Ben Hermans eta horrelako txirrindulariak.

    Reply

Leave a Reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *