Category Archives: Erlojuaren orratzak

Luze – motz

Joan den ostirala. 20:00. A-8 rally-bidea hartuta, herrirako bidean. Iristeko irrikan. Nekatuta, merezitako atsedenaren bila. Bederatzi egun gehiegi dira segidan lan egiteko. Gutxi, dio Usabiagak, berak Tourrarekin berrogei eman behar izan dituela eta. Batzuentzat luze dena, besteentzat motz. Zarauzko ordainlekuaren parean hasi eta Arrokora arteko auto ilarak daudela diote irratian. Hamaika bat kilometro. Noski, egutegia datorkit burura: uztailak eta abuztuak bat egiten dutenekoa da asteburu hau. Matrikulen koloreari erreparatu diot. Horiak, zuriak, urdinak… Asfaltoan, kromatismoa, gasolindegiko dendan, aldiz, Babelko dorre txikitxoa. Zeinen ongi ulertzen ditudan momentu horretan nire ingurukoak: Urte luze baten ostean motz egin zaie sorterrian emandako hilabetetxoa badatozenei, eta badoazenei aldiz, nahi baino luzeagoa egingo zaie jaiolekura arteko bidea. Barruan dudan etorkintxoa azaleratu da orduantxe: Bizkaian extraditutako nafarra naiz, edo hobe esan, Nafarroako erdialdetik kanpokaldera, mendebaldera joandako herritarra. Bihotza eta buruaren arteko aldea, ordu t´erdikoa. Ordu luzeetakoa, aldiz, saltzailearekin ulertuezinik dagoenarentzat.

Bertakoa langileak berak eman dit konponbidea: Arroan atera eta kostaldeko errepidea hartuz gero, Zarautzeraino ilararik gabe. Presa handirik ez dut, beranduxeago iritsita ere Arribe hantxe izango da, betiko tokian, Malloen gerizpean, baina ordu luzez ttarra-ttarra orduko 20 kilometrokoa baino abiadura motelagoan ibili beharko dudala jakiteak urduri jartzen nau. Emakumeari kasu egin diot azkenean, eta ez naiz damutu. Uztaila guztian jarri ez dugun giro ederra dugu, eta Kantauri itxasoa harro-harro dabil, guztiak ere begira dituela jakitun. Lehorrekoa naizelako behar bada, baina ño, zeinen gogoko dudan bide hori! Azkar iritsi behar horrekin maizegi galdu dut gozatu hori, eta egia esan, kurbetan eta bide bakarreko errepidean eman nahi ez ditudan minutu horiek berak ere behar ditut gero inoiz amaitzen ez diren autobideko obretan.

Tik-tak, tik-tak…

“Eta hartan, ohartu nintzen ez zebilela batere haizerik, ez zebilela lainorik, ez zebila ezer. Nire barrua bezalaxe zegoen guztia: geldi-geldi, hutsune hondorik gabe batek hartuta. Autoan gindoazen, iheska gindoazen, gure baitako hutsune hondorik gabea genuen garrio, baina denbora zehatzik gabeko errealitate batean. Atzean zer gertatu zen, ez genekien. Aurrean zer geneukan zain, ezta ere. Auto batean gindoazen Neska eta ni, ibai baten ondotik, geldi-geldi zegoen mundu bateko errepide bakarti batean aurrera. Ematen zuen denbora bera ere geldi-geldi geratu zela. Ez zen nik espero izandako miraria, baina hurbildu egiten zitzaion. Ez zen atzera itzultzea, baina denborarik gabeko errealitate hartan munduko ezerk ez zuen eragingo gugan.”

Anjel Lertxundi. “Etxeko hautsa” (Elkar)

Ez da debaldekoa Lertxundi maixuaren aipua. Izan zitekeen Manuel Vincentena ere, edo blogosferara etorrita, Patxitrapero berarena. Baina Lertxundirena da, “Etxeko hautsa”tik hartua. Nahiko luke ni bezelako hitzontzi batek Anduk Berriako tartean hain hitz gutxirekin hainbeste esateko erakusten duen trebezia. Horra erronka. Liburu bikain horretan bezela, bakarrizketa izango da hau, hasiera batean behintzat, baina Gorkaren aitak ez bezela, irakurleak erantzungo duen esperantzan. Gertatutakoaren azalpenaren bila egindako gogoetak, esan gabe utzitakoen errepasoa… aitortza azken finean. Ordenagailuak hartuko du autoaren tokia norabide jakinik gabeko ihesean, eta haizea, lainoa eta enbata, urte sasoiaren araberakoak izango dira. Ez bait da alperrik Euskal Herriko bazter askotan eguraldiaren sinonimo denbora bera. Erderakada itzela izango da seguraski, baina ezin hasiko gara lehenengo honetan egurra banatzen. Izango da astirik… Izango da denborarik…