Enbido handira!

anaitasunaEskubaloi jokalarien antzera, guk ere pilota gure eskutan dugu. Inoren atean gola sartzearekin tematu baino, partidua irabazi nahi dugu. Laisterkarien moduan, guk ere helmuga argi, abiapuntuan indarrak neurtu, eta azken sprinteak barrukoak hustu behar ditugu. Apirilaren 25ekoa izango da, gure maratoi honen abiapuntu eta helmuga. Mugarria. Euskararen alde izerdi patsetan aritzen garen, eta aritzeko prest gaudenon jokuzelaia izango da Anaitasuna.

Gihartsu gaude, osasuntsu. Edozein erronkari ekiteko prest. Ekin, eta egiteko prest. Obstakulu karreretan izan dugu entrenamendua. Gehiegi izan dira trabak, baina gainditu ditugu. Kostata, bai, baina etsi gabe. Eta honaino iritsi gara. Muskulua atera behar dugu orain. Dotore jarri, eta erakutsi gure giharreak, lotsa eta konplexurik gabe: gurean, komunikabideenean, aspaldiko partez, modu eraikitzaile eta baikorrean ari gara. Ezin ahaztu bidean zerraldo gehiegi utzi dugula. Eta gurean ari garenon baldintzak, nabarmen kaxkartu direla. Baina oraintxe bi agerkari aurkeztu berri ditugu: euskalerriairratia.eus eta erran.eus. Biek ere eskuladekako euskaldunen topaleku izan asmo dute. Komunitatea sendotu eta trinkotu. Iruñerrian euskerazko toki telebista jarri berri dugu abian. Eremu berrietara zabaldu dugu euskara. Guztietan behar duelako present gure hizkuntzak, present eta indartsu. Besteen pare, ez hizki txikiagoz edo argiagoz. Parez pare. Gu ere bagarelako nafar, eta ez bigarren mailako herritar. Guk ere badugulako, besteek adina eskubide. Eta euskerazko komunikabide txukunak izatea bada, gure nahia, baina batez ere gure eskubidea.

Mendizaletasuna da, akaso, euskaldunon kirolik kuttunena. Gailurrera bidean, maldan gora, hazi egiten gara. Tontorra gertu dugu, eta arnasa bukatzen ari zaigun honetan, elkarri auspotu, bultzatu, eta aurrera bidean jarri beharra daukagu guztiok. Guztiok, ez soilik kirolari finenak, baita alperrenak ere. Guztiok helduko gara puntara, edo ez gara iritsiko. Badira, kanpora atera eta nekatu beharrean mahai baten bueltan musean aritu nahiago dutenak. Haiek ere behar ditugu. Partida hau ere irabaziko dugulako. 31 dugu eskutik. Tranparik gabe, besteenak bait dira tranpak. Duenarekin seguru dagoenaren ausardiaz, enbidoa jotzeko ordua da, enbidoa handira!

Horregatik “Anahitasuna”. Handia delako, gure handitasuna erakusleio. Izena eta izana, biak ditu apoposak. Anaitik bezain beste dugulako nahitik. Nahi dugunok gara anai, euskarak egiten gaitu anai. Horregatik, anai-arreben arteko sestran baino, familia aurrera ateratzeko guztiok behar dugu elkartu, eskua elkarri eman, eta batak besteari bultzatu. Aldaketa izango bada, esparru askotan beharko da, noski! Kalterako ikur izan den bezela, partida berriaren ikur ere beharko luke euskarak, eta hori kartak banatuko dituztenei ikusarazi behar diegu, baina batez ere guk gerorrek sinistu behar dugu. Bagarela gai, nahi dugula, baina ez dela amestsa, gure nahia dela, kantuak dioenez, eta nahi hori gauzatuko dugula. Gauzatu behar dugula. Anahitasunetik abiatuta. Orain enbidoa joko dugula handira, eta aurki hordagoa etorriko dela!

Leave a Reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *