Category Archives: Eguraldia

Debaldeko publia?

Aurrekoan barruko kontuetaz aritu ginen, eta oraingoan, aldiz, beste komunikabideekiko harremanetaz aritu nahiko nuke, lehengo astean gertatutako baten kontura.

Igandean saio berria jarri genuen abian ETB-1en: “Bizirik”. Telebistaz ezer gutxi dakienak ere argi du saio baten arrakastaren gakoetako bat promozioa dela, eta estreinuaren bezperan, han eta hemen agertzea garrantzitsua izaten dela. Bada batetik telebistak berak egiten duen publizitatea, eta bestetik kanpotik datorrena. Astebete lehenago, banuen jakinmina, hainbeste mimoz eginiko saioak ea zer nolako arreta piztuko ote zuen jendartean, eta kinielatxoa egin ere egin nuen, aitortuko dut. Eta ez, ez nebilen oso oker… Batek badaki honez gero gutxi gora behera zeinek deituko dion, eta elkarrizketa nondik bideratu nahiko duen: Batek zuzendaritza berriaren kontra aritzeko probestuko duela, besteak euskalzaletasun azterketa egingo digula…. Eta badira elkarrizketak, erosoago edo lasaiago erantzuten direnak, besteak baino. Hona promozio aste baten kronika.

Berria. Euskerazko katean aritzen garenok jakin badakigu Berriak beti egingo digula kasu. Hori izaten da behintzat gure itxaropena. Militantzia eskatzen diogu, alegia, gure antzera erdaldunez inguratuta euskeraz bakarka ari denari, eta elkarren artean lagunduko garen esperantza izaten dugu. (Beste baterako gogoeta guk ere beraiekin berdin jokatzen ote dugun….). “Bi errepidean”en aritzen ginenean, beti aipatzen genuen zorte txarra ere bazela emakizuna astelehenetan izatea, juxtu euskerazko berripapera etxeetan jasotzen ez dugun egun bakarrean. (Zazpi egunekoa inoiz iristen bada, seinale txarra ez!).  Egunkari gutxitan ikusten genuen beraz gure emakizuna azpimarratuta. Oraingoan ordea, zorionekoak gu! Berriako kazetariak elkarrizketatu ninduen, txukun aski gainera. Saioaren gainean batipat, baina ETBk azken urte hauetan izandako ildoari errepasoa ere emanez.  Emaitza: igandean, orrialde osoko elkarrizketa, argazki eta guzti. Off de record-a gorde, eta nik esandakoak txukun eta zintzo bilduta. Eskerrik asko!

Deia. Txoritxoaren kaiolako nagusiak aldatu zirenetik, Deiak etxe honekin izan duen harremana ere nabarmen aldatu da. Lehen dena zoragarri zen tokian, orain dena beltz. Barne komunikazioak oso ongi funtzionatu izan ez duen garai batean, etxe barruko kontuetaz jakiteko bide egokiena izan da Bizkaiko egunkaria, eta hori eskertu beharrean gaude. Filtrazioak ugari izan direnez, ordea, bertako kazetariekin hitz egiten zuen oro susmagarri bihurtzen zen azkenaldian. Egur emaile ofizialak telebistaren gaineko kontuak politika atalean eta ez egunkariaren atzekaldean argitaratzen dituenetik, beste kazetari bati eman diote, ordea, telebistako jendea elkarrizketatzeko ardura. Harremana goxatze aldera, mesfidantzarik izan ez dadin akaso. Gure zuzuendari ohiak zuzentzen duenekoa ere, nahiko txukun, odol askorik gabekoa. Emaitza, beste orrialde oso bat.

Gara. Maketazio berria dutenetik, telebista kontuek tarte handirik ez dute kentzen, eta parrilaren gaineko laukitxo batzuk probesten dituzte hangoaren eta hemengoaren berri emateko. Horietako bat guretzat izan zen, telebistak berak bidalitako ohartxoa jasoz.

Correo. Ustez gure nagusi berriekin hobekien moldatzen den komunikazio taldea da hauxe, jakina denez. ETB-1 ikusezin bihurtu izan duen talde bera. Hemerotekan bilatze lan zorrotza egin beharko genuke, parrilaz gain, euskerazko katearen aipamen edo haren gaineko elkarrizketa sakonik topatzeko. Eta ez, oraingoan ere ez ez da halakorik izan. Ezustekoa, ordea, Correok eskeini zidan igande goizean. Parrilaren gainean, zinta gorri gorri bat, saioaren estreinuaren berri emanez. Ordaindutakoa, noski.

correo

Ikusitakoak ikusita, zer nolako audientzia izango genuen baino, bestelako kezka geratu zitzaidan buruan: Dirua eman behar diogu zeini eta bestela batere jaramonik egiten ez digun horri? Eta hori bada bertan agertzeko modu bakarra? Hori bada nahiko motibo neurria zilegi izan dadin? Gure saioaren targeta ikusita, Correoko edo Berriako irakurle gehiago ote ditugu ikusleen artean? Beti lagundu izan diguten horien borondatea probestu, eta muxutruk egiten diguten horren truke esker oneko keinurik ez? Behar gehiago dutela jakinda ere ez?  Dirurik ez haientzat? Diru kutxaren giltzarik nik ez dudanez, esker beroena luzatu, besterik ezin egin. Eskerrik asko aurrerantzean ere jaramon egiten jarraituko duten horiei, baita egurra emango digutenei ere.

Bostetako sesioan

Egutegiak Berriotxokoa ez den beste Balendinen eguna dela gogorarazten digun honetan, gaur zer ospaturik ez dutela uste duten haiek hartu nahi ditut nik gogoan. Bostetako sesiora joan beste erremediorik izaten ez duten zinemazaleetaz ari naiz.

solo_en_el_cine

Hamarretako sesiora inoiz bakarrik joan denak, lagunik gabe joan denak, alegia, badaki beso bat, hanka bat edo besterik gabe burua bera falta balitzaizu bezela begiratuko dizutela ilaran dauden gainerakoek. Bikoteentzako propio egindako emanaldia izaten da eguneko azkena. Txartel saltzaileak binaka saldu ditu ordura artekoak, eta horregatik zuk txartel bakarra behar duzula esandakoan, birritan galdetu dizu, ea ongi entzun ote duen, eta bakarra behar ote duzun. Krisketak erosterakoan, bi lagunentzako propio jarritako eskeintzak ezin probestu. Atea zabaldu biitartean, binaka eraikitako ilararen geometria apurtuko duzu. Eta behin eserlekuan eseri zarenean, alboko kideak zure parera iristerakoan eskuetan duen txarteltxoa begiratuko du, erratu dela pentsatuta, zure alboan berak eseri baino komunean behar duen beste batek beharko lukeela pentsatuta.

Hamarretakoa baino, zortziretakoa, arratsalde erdikoa aukeratzen baduzu, bikoitza izango da zaplaztekoa. Alboan duzun nerabe taldeak urduritzen zaituela ikusita, zahartzen ari zarela ohartuko zara. Gero eta pazientzi gutxiago duzula. Atzean utzi zenituela zorionez garai haiek. Baina erdi bidean geratu zarela. Ez taldean, ez binaka. Bakarka joan zarelako zu pelikula ikustera.

Horregatik euskara jatorrean zahar abizena behar izaten duten mutil eta neska zinemazale horiek, lehen emanaldia aukeratzen dute. Bestelakoa izaten da bostetako sesioaren erradiografia. Atzeko ilaran jarriz gero, ikusleen buruek eserlekuen itxasoan inolako geometria araurik gabe banatutako uhartexoak direla ohartuko zara. Baina horretaz ez zara jabetuko, pelikula hasi arte. Aretoa ilun geratu arte, alegia. Pelikula hasteko momentuan bertan sartzen direlako barrura. Lekurik egokiena zein izan daitekeen aukeratu baino, parean libre ikusten duten aurrenekoan eseriko dira. Hurrengo erronken berri ematen duten trailerretaz gozatzeko aukera baino, ilaran bizitzen denaren pareko tortura gerta daitekeelako eserlekuko itxaronaldia. Errematea. Edozeinek arrapa zaitzake bertan ere. Horregatik pelikula bukatu orduko, lehen letra agertzearekin batera ziztu bizian irtetea hoberena, lehendik ikusi ez zaituen horrek bukaeran ere ikusi ez zaitzan.

Jabetuko zinetenez, alboan lagunik ez duzunean, albokoen jarrera aztertzeko astia eta parada izaten duzu. Hori da, era berean, zure kontsolamendu bakarra: bakoitia bai, baina ez bakarra. Bada zu bezelakorik. Horregatik, hamarretako sesiora joateko moduan nagoen honetan, ez nituzke ahaztu nahi lotsa horiek gainditu eta kontuak kontu bere zinemazaletasunari eusten dioten ausart guzti horiek. Zorionak zuei!

Arriya: Mando gara mando!

Susmoa hartuta nago, Arriya-k duen akatsik handienak nik neronek ere badudala. Bertako pelikula bat larrutzea kosta egiten zait. Aitortuko dut. Antzekoa gertatu zitzaidan Sukalde kontuak ikusitakoan. Aizpea Goenagaren kurrikuluma ezagututa, mingarria zitzaidan pelikula kaxkarra zela esatea. Gero zorionez beste Goenaga bat, Joxe Mari, etorri zen, Jon Garañoren laguntzaz, eta bapo bapo utzi ninduan. Aurreko menuarekin ez bezela, asebetetuta geratu nintzen “80 egunean” ikusita. Haren mailara iristea zaila izango zelakoan, baina Eutsirekin susmatutakoa baieztatzeko asmoz joan nintzen Gorritiberearena ikustera.

Hasi, ederki hasi zen kontua. Baina bidean galdu egin nintzen. Eta nolakoak diren kontuak, hizkuntzak galerazi ninduen. Ez da batere sinsgarri gertatzen Euskal Herriko herri koxkor batean eraikitako Babel dorre artifiziala. Militanterik militanteenak ere ez duen jokabidea dute protagonistek: gazteleraz jo eta su ari denari, euskeraz erantzun. Besteak berriz, guztia ulertu. Halere berearekin tematu. Eta frantsez hasitakoan, zer esanik ez…. Jatorrizko hizkuntza ulertuta ere, pelikulak azpitituluak dituenean, haiek saiestea ezinezko gertatzen da, begiak hara joaten direlako nahi edo nahi ez. Eta kasu honetan, are nabaremenagoa da joera hori.

Herrena baina ez inutila. Hori dio protagonistetakoa batek. Eta pelikula bera ere halakoa dela gehituko nuke nik. Badu alde onik. Txalotzekoa zenbiat aktoreren lana. Ez da originalegia izango, baina istorioan aurrera egiteko txalaparta erabiltzearena gustatu zitzaidan. Irudia ere zenbaitetan mimatuta dago. Zainduta. Ederra argazki zuzendariaren lana. Baina animaliek mugitu beharreko harria bezain astuna gertatzen zaio film honi gidoia bera. Familia tarteko, bi gazteren arteko maitasun istorio gora-beheratsua. Garateri Romeorena egitea dagokio, burua eta bihotzaren arteko borrokan, familia edo neska maitagarria. Sententzietan oinarritutakoa da textua. Esaldi potoloak dituzte ahoan aktoreek. Bat bestearen atzetik. Baina hori ez da okerrena… Gorroto dut pelikula bateko egileek tontotzat hartzen nautenean. Lehenengoan txistea ulertu ez duenari behin eta berriz txistea azaltzea bezain iraingarria da pelikularen norabidea behin eta berriz argitzea. Eta ulertzen zaila balitz gaitzerdi, baina erreza da. Hasieratik jakin badakizu nora doan eta nora iritsiko den. Eta Gorritibereak horixe egin du. Gorriz azpimarratu du pelkularen norabidea. Txapelaren gorriaz.

Herriko plazan ikurrinari agurra dantzatzeko batere ilusiorik ez duen haurrak dio dantzatzen ez badu, amak akabatu egingo duela. Horixe da kontua. Guretakoa izateko, gureari eutsi behar diogula, gurea defendatu, gurea maitatu. Amu horri koxk eginda joango dira ikusleak aretora. Baina azkenean pelikulan irakasgaia, maketoaren alabak eskeiniko digu. Eta gu dantzari gara. Dantzari eta apustuzale. Baina zerbait gehiago ere bagara… Edo hori pentsatu nahi nuke. Pelikulan familiarena da, baina zeluloidezko borroka honetan, gure ekoizpenarena da jokuan dagoen ohorea. Zaldi zuri eder edo mando motel. Urte luzez geldi egon den arria mugiarazi dugu. Baina plazari buelta bakarra ematearekin ez da nahiko. Itzainak behar ditugu. Trebatutako itzainak. Eta trebatzeko, saiatu egin beharko, eta saio bezela, balekoa izan da Arriya. Eutsi horri!

Futbolari gola

Ez naiz batere futbolzale. Ez dut ulertzen, ez futbolaz, ez futbolak sorarazten duen zurrunbilo guztiaz. Final handien egunetan zinemako bakardadean babesten den arraro horietakoa naiz. Gaur Eguneko kirol tartea iritsi orduko zapping-a egiten dutenetakoa. Gimnasioko aldageletan eguraldiz hitz egiten duenetakoa, asteburuko partiduaren errepasoa iritsitakoan esatekorik ez dudala jakinda. Tabernan zain nagoela Marca esku artean sekulan hartu ez duenetakoa. Eta bai, eskolan, soinketa klasean, taldeka banatzerakoan, azkenera arte inork aukeratu gabe geratzen zen ume baldar horietakoa. Inoiz bateonbatek azterketa egin beharko luke munduan izandako psikopata, ero eta petralen artean, zenbat eta zenbat ez ote diren trebe eta baldarren arteko bereizketa horretan kapitainek azkenera artea aukeratzen ez zituztenekoak. Horregatik behar bada, edo besterik gabe, oraindik ere badudalako belaunaldi berrietan zaharretan baina fede gehiagorik, ikaragarri gustatu zait esku artera iritsi zaidan bideotxo hau. Eta horregatik lan honekin estreinatu nahi dut, toki ospeletik argitara, itzalpetik eguzkitara, eguterara ekartzea merezi dutenen zerrenda. Bejondeiela!

L´equip petit