Tag Archives: Zinema

Bostetako sesioan

Egutegiak Berriotxokoa ez den beste Balendinen eguna dela gogorarazten digun honetan, gaur zer ospaturik ez dutela uste duten haiek hartu nahi ditut nik gogoan. Bostetako sesiora joan beste erremediorik izaten ez duten zinemazaleetaz ari naiz.

solo_en_el_cine

Hamarretako sesiora inoiz bakarrik joan denak, lagunik gabe joan denak, alegia, badaki beso bat, hanka bat edo besterik gabe burua bera falta balitzaizu bezela begiratuko dizutela ilaran dauden gainerakoek. Bikoteentzako propio egindako emanaldia izaten da eguneko azkena. Txartel saltzaileak binaka saldu ditu ordura artekoak, eta horregatik zuk txartel bakarra behar duzula esandakoan, birritan galdetu dizu, ea ongi entzun ote duen, eta bakarra behar ote duzun. Krisketak erosterakoan, bi lagunentzako propio jarritako eskeintzak ezin probestu. Atea zabaldu biitartean, binaka eraikitako ilararen geometria apurtuko duzu. Eta behin eserlekuan eseri zarenean, alboko kideak zure parera iristerakoan eskuetan duen txarteltxoa begiratuko du, erratu dela pentsatuta, zure alboan berak eseri baino komunean behar duen beste batek beharko lukeela pentsatuta.

Hamarretakoa baino, zortziretakoa, arratsalde erdikoa aukeratzen baduzu, bikoitza izango da zaplaztekoa. Alboan duzun nerabe taldeak urduritzen zaituela ikusita, zahartzen ari zarela ohartuko zara. Gero eta pazientzi gutxiago duzula. Atzean utzi zenituela zorionez garai haiek. Baina erdi bidean geratu zarela. Ez taldean, ez binaka. Bakarka joan zarelako zu pelikula ikustera.

Horregatik euskara jatorrean zahar abizena behar izaten duten mutil eta neska zinemazale horiek, lehen emanaldia aukeratzen dute. Bestelakoa izaten da bostetako sesioaren erradiografia. Atzeko ilaran jarriz gero, ikusleen buruek eserlekuen itxasoan inolako geometria araurik gabe banatutako uhartexoak direla ohartuko zara. Baina horretaz ez zara jabetuko, pelikula hasi arte. Aretoa ilun geratu arte, alegia. Pelikula hasteko momentuan bertan sartzen direlako barrura. Lekurik egokiena zein izan daitekeen aukeratu baino, parean libre ikusten duten aurrenekoan eseriko dira. Hurrengo erronken berri ematen duten trailerretaz gozatzeko aukera baino, ilaran bizitzen denaren pareko tortura gerta daitekeelako eserlekuko itxaronaldia. Errematea. Edozeinek arrapa zaitzake bertan ere. Horregatik pelikula bukatu orduko, lehen letra agertzearekin batera ziztu bizian irtetea hoberena, lehendik ikusi ez zaituen horrek bukaeran ere ikusi ez zaitzan.

Jabetuko zinetenez, alboan lagunik ez duzunean, albokoen jarrera aztertzeko astia eta parada izaten duzu. Hori da, era berean, zure kontsolamendu bakarra: bakoitia bai, baina ez bakarra. Bada zu bezelakorik. Horregatik, hamarretako sesiora joateko moduan nagoen honetan, ez nituzke ahaztu nahi lotsa horiek gainditu eta kontuak kontu bere zinemazaletasunari eusten dioten ausart guzti horiek. Zorionak zuei!

Artistaren lana

Zinea gustoko duenak pelikula hau gustoko izango du oso, seguru naiz. Nabari da bai zuzendariak berak ere oso gustoko duela zeluloidea. Eta ez diot soilik zinemaren historiako momentu gogangarrienei egindako keinu sortagatik. Argi dagoena da errelatoa gustoko duenak hobe egiten duela haren kontakizuna. Eta kasu honetan, izenburuak berak dioen bezela, arte lana ere badela esango nuke errelato hori.

the-artist

Maitasunak berak bultatzen gaitu askotan ausart jokatzera, eta gaur egun zuri beltzekoa ez ezik elkarrizketarik gabeko ere baden pelikula bat egiteak badu bitixitik bezainbeste ausartetik. Maitasuna eta ausardia elkartuta, pelikula honen moduko zeozer magikoa sortuko da gehientsuenetan… Edo ez beti, batek daki, askotan zaila bait da asmatzen zerk egiten zuen zerbait miresgarri edo liluragarri. Argi dagoena da, eta denborak emango dit arrazoia, klasiko bat sortu berri dela.

Susmoa dut kontinente zaharreko zinemagintza  frantziarrek gehiago mirestu izan dutela amerikarrek eurek baino. Hollywoodeko aintzindarien artean frantziarrek topatu zituzten artista handienak, eta zenbaiten ustez 60ko hamarkadako krisitik frantziarrek emandako bultzadari esker atera zen bertako industria. Eta oraingoan ere frantziarrek etorri behar izan dute amerikarrei gogoraztera zein den zinemaren funtsa eta oinarria. Hazanaviciusek belarritik egin die tira: jaun adreok, itzul zaitezte oinarrira, hainbeste jende mugiarazten zuten filma haietara, magiaz beteriko pelikula haietara.

Zine mututik elkarrizketadunera bitarteko aldaketa azaldu nahi du hain zuzen elkarrizketarik gabeko lan honek. Eta aldaketa horrek zein ondorio ekarri zituen ordura arte izarrak ziren aristengan, izar zaharren tokia nola bete zuten izar berriek Hollywoodeko zeruan. Izarretaz ari garela, “The artist”en guztiak dira izan, guztiak ari dira fin, baina guztietan dizdiratsuena, txakurraren baimenarekin, Jean Dujardin bera. Komedia eta dramaren artean ederki daki dantzan, unean unean eskutik heldu eta eraman nahi gaituen txokora eramanez. Pelikula on batek funtziona dezan hain beharrezkoa dena ere lortzen du:  sinisgarri zaigu oso, eta ez zaigu batere nekeza egiten haren buruan sartzea.

Azkenadlian pelikula gutxik lortutako zerbait lortu du honek: ezustekoa eman dit, eta hori, zinemako sarrera zein garesti dagoen ikusita, ez da gutxi. Baina batez ere, etxeko lanak jarri dizkit: zine klasiko gehiago ikusi behar dut. Bai, badakit nostalgiko bezain ñoño geratu zaidala gaurkoa, eta hori izango da hain zuzen filma honek izango duen etsairik handiena, jendearen pereza, gainerakoan ez bait du inolako oztoporik izango.

Potorik gabeko bertsoa

Poto bakar bat bera ere ez du egin Altunak! Eta egin badu, nik behintzat, ez diot atzeman.. Ze bertsozale porrokatua behar du askotan batek halakoak arrapatzeko, eta aitortuko dut, ez naizela ni fauna horretakoa. “Hitzetik Hortzera”k traumatizatutakoen klubekoa nauzue. Igande eguerdiro gure aitak ixilarazi egiten gintuen, telebistako bertsoak entzun behar zirelako. Hori gutxi ez, eta umetan, eskolara joan, eta bertan euskerako irakasleak ere lehendik ikusia nuen saio oso-osorik jarri ohi zigun. Nerabezarora iritsitakoan, festondorako ez zen batere bidelagun aproposa altu-altu jarritako telebista saioa. Hortxe apurtu zen gure harremana. ETB-3ra jauzi egin, eta gaztetu eta modernizatzearekin batera, berradiskidetu egin ginen apur bat, bai, egia da, baina euskaldun-peto-prototipikoaren rankingean puntuak galaraziko badizkit ere, aitortuko dizuet hiruzpalau bertsoko saiotxo bat gustagarri dudala, baina zaila egiten zaidala finaleko egun osoko jarduna jarraitzea.

Ikusmina sorarazia zidan,  halere, aspaldian Bertsolari filmak. Eta ikusmina asetu ez ezik, asebete ere egin nau. Lau laguneko kuadrila joan ginen zinemara. Bertsozale porrokatua bata, bertsoak neurrian gogoko dituena bestea (ni neroni, alegia), bertsolaritzaz ezer gutxi zekien euskaldun berria, eta bertso mundua guztiz arrotza zitzaion erdalduna. Experimentu polita, oharkabean antolatu genuena. Bertsoaren azken errimarekin batera iritsi zen ezustekoa, aretokoa argiak piztu, eta alboko lagunak malkoa garbituz ikusi nituenean. Bilboko aurrestreinaldia zen, eta zuzendaria eta Maialen Lujanbio ziren bertan (lehendik ere miresgarria iruditu bazait txapelduna, filma ikusita bai iruditzen zaidala txapela kentzeko modukoa neska…).  Txalo zartaren ostean, Anak hartu zuen hitza, alegia, euskeraz apur bat baino ez dakiena, euskaldunez inguratuta bizi izan dena, bertsolariak izan bazirela bazekiena, baina guztiz arrotza zena. Eserlekutik altxa, eta eskerrak eman zizkion zuzendariari. Eskerrak mundo ezezagun hori bistarazteagatik. Eskerrak zaplaztekoarengatik. Zaplaztekoaren pareko gertatu bait zitzaion ordubete inguruko ikuskizun hori. Ondorengo kafean ere ulertu ezinik zegoen nolatan ez zen sekulan jabetu ETB-1en hainbestetan ikusitako jardun horren atzean zer izkutatzen zen. Erdaldunak ere ez zuen asmatzen barruko nahasmena hitzez azaltzen, ez zen bertsolari, alegia. Azpitituluak irakurrita ere, ikuskari ederra iruditu zitzaiolako, mimoz eta sentsibilitatez betea. Eta sekulakoa iruditzen zitzaiolako gau hartan deskubritutakoa.  Beste bi euskaldunoi egokitu zitzaigun azalpenak ematea, hainbat ertz argitzea, baina saiatuta ere, ez genuke sekulan Altunak bezain ederki azaltzerik lortuko.

BECeko finaletik abiatuta, bertso on orok bezela (hori ikasi ere ikasi genuen), amaieratik abiatu eta atzeraka egiten du lanak. Lekuko aldaketak gainera, sekulako mesede egin zion lanari, klimaxa azpimarratu baino ez bait du egin. Egaña eta Lujanbioren antzera, atzeraka dabil filma. Farregarri xamar batzuetan, sakon besteetan. Hondartza hitzez ez ezik, isiltasunez ere betetzen du. Isiltasuna… isiltasunaren laztasuna nola islatu hitzezkoa behar duen lan batean? Hortxe erantzuna… Bertsolari! Errimaz jositako margarita baino, margaritaz beteriko lorategia. Oholtza gainekoa aulkitakoei azaltzen diena. Baina itsasoko uretan hurrundu baino, zubian gerturatzen dena. Aldazko amildegian Miren Amuriza (neska honen indarra ere bada beste baterako moduko mintzagaia) bezain trebe mugitzen dena. Bertsorik onena bezain borobila!

PD.: Konpetentzikoa izanda ere, horra La Sexta kateak filmaren gainean egindako erreportaia, adierazgarria gerta bait daiteke halako batean bertsolaritzaz aritzea.

http://www.lasextanoticias.com/videos/ver/la_magia_del_bertsolari/497233


Galderak airean

–         Zergaitia galdetzen badidazu, erantzuna ulertuko ez duzunaren seinale.

las-manos-en-el-aire

Halaxe erantzun dio kazetariari Bruniren ahizpak. Ez dio, noski, Carlaren haurdunaldiaren gainean galdetu. Haren senarrak etorkinen kontra hartutako neurrien ondorioak arintze aldera, ihes egin duten hainbat haurrei lagundu dien amari galdetu dio kazetariak. Famili barruko liskarrak baino, herrialde osoari, eta munduari berari esango nuke, eragiten dion afera duelako film honek ardatz. Frantziako lehen ministroa eta haren koinataren artekoa saldu dugu komunikabideetan, halako istorio xumeak beste helduleku interesgarririk ez duelakoan. Edo Frantziatik datorkigun zinemak salmenta egokirik ez duelakoan. Istorio xumea da bertan eskeintzen zaiguna, bai. Lerro bitan laburtu daitekeena. Baina zeluloidezko ispiluan bistaratzen dena, hori baino arazo luzeagoa da. Duela urte batzuk etorkinen uholdeari aurre egiteko asmoz Sarkozyk indarrean jarritako kaleratze aginduak eskola batean dituen ondorioez ari da. Aktore protagonista eta filmeko zeharkako protagonistaren arteko loturaz haratago, zer pentsa ematen duen lana. Kazetariaren pare, hura ikusita, gu ere zenbait erantzun ulertzen ez ditugula ateratzen garelako aretotik. Edo galderarik egin ere, egiten ez dugulako. Onartu eta kitto. Edo besterik gabe, galderaren erantzunari beldur diogulako. Zalantza guzti horiek, galdera guzti horiek buruan ditugula irteteko bada ere, aurtengo uda kaxkar honetan babesleku egoki izan daiteke “Les main en l´air ( Las manos al aire)” filma eskeintzen duen edozein zinema. Tamalez, ez dira areto asko izango. Horren gaineko galdera, beste baterako.

watch?v=Lno5-dElJlU