Category Archives: Txoritxoa lumatuz

Aire berria

Otamendi eta Egiguren aurrez aurre. Aspaldiko elkarrizketarik zailena izango zuen seguraski gaur Jaimek. Bakarren batek esango du sozilaisten buruaren egoera zein den jakinda, elkarrizketa zuzenean egiteak zein arrisku zuen jakina zela. Baina hain juxtu, “Airean” saioaren ausardi hori egiten zait niri erakargarri. Gonbitearen benetako helburuaren espekulazioetan sartu gabe, ETB1eko arratsaldeak suspertzeko egiten ari diren eginahala eskertu nahiko nieke nik lerro hauen bidez.
airean_1a

Bi hilabete badira euskerazko katearen alde inoiz egin omen den apusturik handiena hasi zela, eta dagoeneko nota jartzeko moduko epea ere bada hori. Lehen egunetan susmoa zena, egiaztatu ahal izan dugu jada. Arratsaldeko menuan, postreak baino, sarrerakoak arrakasta gehiago duela. Tren berriaren lokomotora izatearen ardura agindu zitzaion Otamendiri. Ez zen ez batere erronka makala! Zuzendaritzarako proposatu zuteneko itsusikeri hura ahaztuta, minduta baino, laguntzeko prest agertu zen Jaime. Eta asmatu du kateak.

Somatzen zaio lan taldeari zein asmo duen. Eta esango nuke egin beharrekoen zerrendan, lehen postuan ez bada bigarrenean, ETB1i itxura modernoago bat ematea dela. Eta hori bistakoa da, plato dotoretik hasi, kolaboratzaileen profiletik jarraitu eta gaien aukeraketarekin bukatuta.

Audientzia datuetatik haratago, (basamortu katodikotik ihesi ibili den ikuslea gureganatzea ez delako egun pare bateko kontua izango), zirrikitu bat topatu duela Aireanek. Aspaldiko partez etxearen lehioak zabaldu, eta egongela bera aireztatu egin du, korrontea jarri du, eta zaharkitu usaina lurrin goxo batez estali du. Eta hori ikusleek igerri dute, eta seguraski horregatik du lokomotorak beste bagoitxoek ez duten arrakasta.

Taldeko kide gehienak lehendik ezagunak nituen. Jakin badakit iturri desberdinetatik edandako jendea dela. Eta esango nuke erredakzioaren bataz besteko adina ez dela 40tik gorakoa. Ekoiztetxearen aukeraketak ere badu garrantzirik. Badira hainbat ekoiztetxe, urteetan formatu bera egitera ohitu direnak, eta ia ia besterik egiten ez dakitenak, edo saiatu ere saiatzen ez direnak. Ez da Orioren kasua. Esango nuke ez dela kasualitate hutsa azkenaldian sarean lore gehien jasotako saioak Orioko sukaldetik atera izana.

Baina batez ere “Airean” euskaratik eta euskaraz sortutakoa da, Maialen handiak finalean esan bezela. Eta tamalez ez da beti gertatzen gurean. Euskeratutakoak dira maiz, euskaldunak baino. Eta hori atzematen da. Jatortasunean ez ezik naturaltasunean irabazten duelako. Ikuslearen identifikazioa eta enpatia irabazteko biderik zuzenena da hori.

Zerbait leporatzekotan, irratiaren formula telebistaratu dutela gehiegi atzematen dela esango du bakarren batek. Egia da Mezularizale ginenoi ezagun egiten zaizkigula hainbat kolaboratzaile, eta baita hainbat elkarrizketatu. Baina honek ez du zertan txarra izan. Gure txoritxoak aurrera egingo badu, txorikumeen arteko sinergia bidez baino ez da izango, eta Euskadi Irratiak erakutsi izan digu, orain arte, bestelako ereduak bereganatu beharrean, bide propioa egin izan duela, bakardadean askotan, eta asmatu duela euskaldunekin bat egiten. Bazen garaia telebistan ere bide beretsuari heltzeko! Eta irratitartasun horrek lagundu dio gainera, neurri handi batean, saioak zuen erronkarik handiena gainditzen: Gure parrillan hainbeste eztabaida, debate eta solasaldi ditugun honetan, egunean zehar behin eta berriz ikusitako solaskide berdinak sahiestea. Errepikatzen diren ia bakarrak, eta hauek hala beharrez, alderdi popularraren ikuspuntua emango dutenak dira “Airean”en, baina hori lantaldearen errua baino alderdiarena dela esango nuke. Mikel Aramendi entzuteko plazerra eskeintzeaz aparte, bere zapi eta guzti agertzen den Azerbayango emakumea euskeraz entzuteko aukera izateak berak bakarrik justifitzen du jada Airean bezelako saio baten beharra.

Baina ez, ez pentsa: bikainik ez… Gonbidatuari paso ematerakoan Jaimek Jose Luis Morenoren moduko garraxiak egiteari uzten dionean baino ez diot emango hamarrekorik saioari. Lasaitu ez daitezen, batez ere, eta segi dezaten, hartara, auspoa asintzen, gurera aire berria ekartzen.

Denok batera!

Txoko honetan bertan maiz larrutu dugu ETBren programazioa, motiborik ere falta izan ez delako, aitor dezagun. Horregatik, denbora berreskuratu nahian berriz ere denborari begira egoteko asmoa dugun honetan, gaurko eguna aukeratu nahi izan dut txoko honi izena ez ezik izana ere emateko. Egun handia da gaur gurean. ETB1en aldeko aspaldiko apusturik handiena jarriko omen da abian. Berriz ere izango da zer larruturik, seguru naiz, gutxiagorekin gehiago egitea zail izango delako. Baina orain arte ez bezelako ilusioa igertzen dut lankideen artean. Horra itxaropentsu izateko arrazoia. Bosteko puntuen zerrenda aurkeztu genuen gizarte aurrean, euskerazko katea indartu eta suspertu beharra zen oinarrizkoetako bat. Eta behingoz, ekin diogu. Larria zen egoera, eta berehala egin beharrekoa saiakera. Beraz berandu baino lehen, hitzetik ekintzetara pasa gaitezen. Ikusmina handia da, bai, baina batez ere lanerako gogoa igertzen dut. Behingoz anaia pobrea izateari utzi eta familiaren gidaritza hartzeko nahikoa arrazoi eta aski indar baduela erakutsi nahi duenaren gogoa eta grina. Gero gerokoak, baina abiapuntua ez da batere makala. Zorte on gaur urduri diren lankide guztiei, eta jakizue, bidean lagun izango gaituzuela.

denokbatera

Santi, Santi, Santi…

Txiribiterotik Txiribitonera, ez dago tarte handirik. Kantuak behintzat, esaldi bakarrean batzen ditu biak, eta telebistak ere bai. Horra askotan testuinguru  egokia zein garrantzitsua den: Irratian, politikari gazteen arteko solasaldi batean deskubritu nuen Santi Reyes, Irungo PPKo zinegotzi a. Bertan txiribitero zena, telebistak berak Txiribiton bihurtu ote duen beldur naiz orain. Debateak ekarri digun ezusteetako bat da Santi. Kate euskaldunean oso ohikoa izaten ez den ikuspuntua eskeintzea zen bere ardura, baina batez ere beti eta nonahi agertzen diren solaskideei lekukoa hartzea. Eta eskatutakoa, txukun bete du, honez gero saioaren protagonista ere bihurtu bait da. Onerako ala txarrerako? Hortxe zalantza. Bi emanaldi baino izan ez badira ere, dagoeneko ohitura bihurtu da: Santik ahoa ireki orduko, besteak irrifarrez. “Kottadua” irakur daiteke nabarmen besteen ezpainartean. Kokildu egin beharrean, puztu egiten da ordea gure Santi.

santi

Seguru nago Laura Garrido jeloskor dela honez gero. Beti pentsatu izan dut Garrido anderea bera dela euskeraren aldeko inoiz egin den kanpainarik hoberena. Bestela oharkabean pasako zen erdipurdiko  politikariak dagokion baino oihartzun mediatiko handiagoa lortu du euskerari esker. Hori hala da. Horra, euskerak zertarako balio ote duen galdetzen dutenentzat argudio paregabea. Kezkagarriena da, ordea, Euskal Herriko alderdi politiko batek euskeraz txukun moldatzeko moduko ordezkaririk ez izatea apenas, eta Garrido eta Reyesen eskutan utzi behar izatea bere ordezkaritza. Goi mailako hizkuntza nahi badugu, tamainako hiztunak beharko ditugu, eta telebista txukuna nahi badugu, halako hizlariak beharko ditugu.  

Zorionak beraz, gure Paloma Zorrilla berriari! Ileoria ere gazte zela agertu zen aspaldiko Rrifi-Rrafe hartan, birjintasuna sutsuki defendatuz. Bi hamarkada geroago, telebistak berreskuratu du, jakinda mamia baino itxura gehiago zaindu nahi bada, txiribituaren doinu fina baino, jendearen pasioak piztuko dituen pailazoa behar dela. Eta nola irrifarra hala malkoa, biak batera sortzeko gai den pailazoa baino hoberik ez da.

Mapatxoaren marrak

Inoiz baino euskalautonomierkidegotarragoa izaten ari da hauteskunde kanpaina. Nafarroa eta iparraldea gai zerrendetatik kanpo geratu dira antza. Astebete barru, ordea, irabazten duenak irabazten duela, gure mapatxoa ahotan hartuko du. Horregatik aipatu nahi dut gaur, eta ez datorren astean, mapa horren berri. Etsaiak piztutako poxpoloak berehala hartzen duelako sua, baina barruko suak ere ziria erre beharko luke, eta ikusi dudanez, ez da halakorik gertatu.mapa

Hilabete inguru bada ETBn eguraldi tarte laburtxoak egiten hasi garela.  Edukia ez ezik, itxura ere aldatu dugu, eta tartean, mapak aldatu ditugu. Albiste bihurtu ginen azkeneko hartan, EAE ilundu beharra zegoela erabaki zuten nagusiek, alboko beste erkidegoetaz gehiago bereizte aldera. Mapa berrietan, ordea, ilunago bai, bazeuden hiru probintziak, baina lehen begiratu batean, ez zen alde askorik atzematen. Probetan eta entsaiuetan ari ginela, jabetu jabetu nintzela aitortuko dizuet, baina ez naiz ni izango nire begiei buruak eta bihotzak ikusten ez dituen mugak ikusaraziko dizkena. Eta zergatik ez, susmoa, edo esperantza banuen, nagusiei bi teleberri geratzen zaizkien honetan, ez zirela berriz ere borroka horretan hasiko. Usteak, ordea, erdi ustel. Bi astez euskaldun guztiak berde beretsuaz margotuta egon eta gero, iluntzeko agindua etorri zen. Mapa eta gaia, biak ilundu. Horra arte, eta orain artekoa ikusita, ulergarria. Baina ezustekoa, ondorengoa izan zen. Mapa berriaren hamaikagarren bertsioan, aspaldiko partez, marrak gehitu beharrean, marra bat gutxiago ageri zen.  Baina ez zen gehiketa bat izan, ez, kenketa bat izan zen. Hau nahasmendua… Iparraldeko muga ez zen ageri. Ez zen Biriatukoa falta, ez, iparreko muga zen falta zena.  Alegia, Frantzia osoa agertzen zela, inolako partiziorik gabe. Eta halaxe agertu da telebistan bi astez. Inolako kexurik ez dugu jaso. Ez da inolako lerrobururik izan. Eta tristura sortu dit horrek. Zuloa egin dit. Aitortuko dizuet iraupenaren gaineko kexuen erdiak marra horren gainekoak balira, gustora hartu izango nituela.

Zaudete lasai. Behin kontua argituta, marratxoa berriz ere hortxe da. Neronek ere lasaitu ederra hartu nuen, halako agindurik ez zela izan jakindakoan. Ohiko grafistaren faltan, aldaketaren egunean lanean ari zen ordezkoak ez zuen antza iparraldeko marra topatu. Topatu diot bai, marra hori ez delako existitzen, ez delako inongo aplikazioan ageri. Izango al da inoiz benetako! Izango al du behingoz iparraldeak izaera ofizialik! Hala bedi! Eta lehen bait lehen. Baina bitartean, eskuz marraztu beharrekoa izango da, asmatu beharrekoa. Marra lodiz. Batzuk ikusten ez dutelako, eta beste batzuk faltan botatzen ez dutelako. Aurki beraz marrak kenduko ditugu, eta ospatuko dugu, baina ez dezagun ahaztu, etsaiak jarritakoak baino gogorragoak izan daitezkeela norberaren mugak norberaren marrak.

Txantxibiri tan tan!

BOSTPUNTU

“Bost puntu” ekimenerako gonbita iritsi zitzaidanean, ez nuen inolako zalantzarik izan. Nire konfidantza osoa merezi duten bi lankideren izenean etorri zelako batetik, baina batez ere, langileek bultzatu beharrekoa zelako. Eta argi dut, oso argi, kanpoko flotadorearen zain egon beharrean, guk gerorrek eragin behar dugula barrutik gure komunikazio taldearen salbazioa ekarriko duen hausnarketa sakona. Euskerazko zein gaztelerazko kalitatezko telebista banaren eskariak harrotu du hautsik gehien. Guztiz ulergarria da batzuen mesfidantza: bi kate horien arteko harreanean oinarritzen dira zalantzak, parekideak izango ote diren, edo orain arte bezela, euskerazkoa erderazkoaren menpeko izango ote den. Neronek, sinatzaile gehienen antzera, argi dut itaun horren erantzuna zeinek behar duen. Hori izango da helmuga, baina oraindik abiapuntuan gaude, eta eztabaida hori abia arazteko, ez da batere puntu makala eskeini zaigun bostekoa.

Jakina da bietan aritzen naizela neroni. Euskerazkoan lasaiago, erosogo eta finago. Baina ETB-2en aritzea ere egokitzen zait tarteka. Aspaldian egin nuen erderazko emankizunean ere euskerazkoan erabiltzen nuen agur berbera erabiltzearen hautua. Amona Inaxi zenak guri esaten zigun berbera: “Txintxo ibili eta ongi izan!”  Erabaki horrekin batera etorri zen ezustekoa. Badakizue harez geroztik zein den kalean jendeak gehien egiten didan galdera? Ez, ez dira biharko iragarpena eskatzera etortzen. Azkenaldian gehien egiten didaten galdera da: “oye, muy bien en el eguraldi, te vemos siempre y tal y tal… pero una pregunta: ¿Qué es eso que sueles decir al final de “txantxibiri tan tan”? Horixe bera esan zidaten lehen aldian, irri txikia atera zitzaidan, baina anekdota hutsa izatetik maiz errepikatzen den galdera izatera pasa zenean, zer pentsa eman zidan. Lehenengo ondorioa: askok esan bezela, bai, mantsoago eta argiago hitz egiten hasi behar duk behingoz, Aristi! Eta bigarrena, eta garrantzitsuena:  Zeinen arrotz egiten zaion zenbaiti euskeraz entzute hutsa!

Orain ulertzen dut zergatik gimnasioan alboan izaten dudan emakumeak uste duen urtean soilik hilabete bakarrez egiten dudala lan. Ezin hasiko naiz nire kurrikuluma azaltzen Urrutiaren ordezkapenetan baino ikusten ez nauen belarri motzari. Harrokeriaren nahasteko arriskua izateaz gain, alperrikako ariketa izango delako, harentzat ETB1 existitzen ez delako. Eta harritzekoa ere ez. Egun, Conquistadorreko partaideak ETB1eko saio gehientsuenetan ikusten ditugu, baina euskerazko kateari egiten zaion ia aipamen bakarra, Teleberriren kirol tartekoa da, emankizunen zerrendaren berri ematerakoan. Argi dago bigarrenak behar zuenak hartu diola aurre lehengoari, eta hura jarri dela buru. 15-2koa da abantaila markagailuan. Erderazkoan, primetime-a futbolatik salbatze aldera, 15 minutuko eguraldi tarteak egin behar izaten ditugu, saio izarra futbola bukatu arte has ez dadin. Euskerazkoan aldiz, futbolak berak ere behartuta, bi minututxoko laburpena baino ez, emakizun eta emankizun artean ez dagoelako albisteak kontatzeko nahikoa denborarik.

Neronek ere anai pobre izateari utzi nahi diot, eta aberatsena izatera pasa, baina familiaren alde egingo dut beti, anaien artean laguntzea bezelakorik ez dagoelako, eta horrela baino ez dugulako familia aurrera ateratzea lortuko. Horregatik anai arteko borrokak alde batera utzi, eta sendi guztiaren alde egiteko, bost puntuekin bat egitera gonbidatzen zaitut. San Juaneko sutan txar guztiak erre, eta hortik aurrera, biziberrituta atera gaitezela!

Bejondeizuela!!!

Txikia nintzen artean. Bai, gezurra dirudien arren, ni ere txiki izan naiz inoiz. Ez nuen ulertzen zer zela eta nire aita errifak saltzen hasi zen. Jolastoki izan ohi nuen Beteluko pilotalekua hesita ikusi nueneko harridura dut gogoan. Sarrerak kobratzeko itxi zuten. Benito Lertxundi ere ekarri omen zuten, baina hartaz ez naiz behar bezela gogoratzen. Gaur ordea oroitzapen apal guzti haiek berritu ditut. Egia esan, maiz xamar gaurkoratzen ditut. Lankideak haurtzaroko oroitzapenetan murgiltzen hasten diren bakoitzean: Patrick postaria zein zen ez dakidala aipatzen diedanean, harritu egiten dira, eta arritu ere horren arrazoia ematen diedanean: kontutan hartu ni haur nintzela, gurean, Arriben ez zela ETB ikusten. Kontutan izan berandura arte ez zela txoritxoaren hegaldia gure etxeko egongelaraino iritsi. Gurasoek eta auzokoek lana majo egin behar izan zutela Elosta puntan errepetidorea jartzeko beharrezkoa zen dirua biltzeko. Ez Araitzen bakarrik, Nafarroa osoan izan ziren antzeko ekimenak. Paz de Ziganda ikastolako gurasoei esker Aralarren puntan jarritako antenari esker ikusi ahal izan da ETB urte luzez Nafarroan. Inozentzio Aierberi esker izan zen hura. Elizako agintariei ez ezik, gobernuko agintariei ere aurre egin behar izan zien On Inozentziok. Gizon handia, handia bere txikitasunean. Haren lekukoa hartu dutenen eskutik iritsi da zorioneko berria. Poza eta tristura, biak uztartzen ditu ordea albisteak.

nd

Erregeek opari polita ekarri diete hainbat iruindarrei, bai : ETB LTD bidez ikusteko aukera. Beste behin herritarrek eurek bete behar izan dute, ordea, agintarien lana. Batzuen utzikeria besteen gogoarekin betea. Hori da, Nafarroako euskalgintzan dihardugunok ongi dakigu, gure egunerokoa. Beste behin, Oinezen kantak zioen bezela, ezina ekinez egina. Eta beste behin, argudio teknikoak eta zenbaki potoloak zeinen aitzaki merke ziren bistan utzi dute nafarrek eurek. Aste honetan bertan agintarien txanda izango da, legebiltzarrean aferaren gaineko azalpenak eman beharko dituzte. Eta herri ekimenak argi utzi duenez, ez dira sinisgarri izango, baina seguru aitzakiren bat topatuko dutela azaldu ezinekoa azaltzeko. Edo burua zuritzeko. Kontua da, aurrerantzean nafar batzuk behintzat (ezin ahaztuko bait dugu oraindik ere gehientsuenek ez dutela halako aukerarik izango), telebistako pantailan ikusiko dituzten elur maluta bakarrak, mapan jartzen dizkiedanak izango direla, bestela txukun xamar ikusiko dutelako. Maddi txikiak behar bezela ikusi ahalko du bere aitapuntekoaren jarduna. Eta nire besoetakoak aldiz, jakingo du zein diren Doraemon eta Shin Chan, baina nire erretolika bera errepikatu beharko du berak ere koxkortutakoan: beste inon ez bezela bere gurasoek eta bere lagunek ingenieritza ikastaro azkarra egin eta lanean jarri izan behar zutela euren seme alabek euskerazko telebista ikusi ahal zezaten. Mandoan sakatu beharreko botoi aukeraketa baino gehiago da batzuentzat telebista ikustearena. Ongi kostatako ekintza. Maitasun ekintza. Zeinen luxintxa gutxi eskeintzen dio ordea txoritxoak hainbesteko maitasuna erakutsi dionari, sarri xamar bide bakarrekoa dirudien maitasun istorio honetan. Beste baterako gaia izango da hori…

Arratsaldero: Agur eta ohore!

Langabezian geratuko ez den taldekide bakanetakoa naiz, beraz esan ahal dut esatera noana, inolako susmorik gabe. Alegia, bestela balitz, langabetu berri baten purrusta edo kasketa irudi lezakeela honek, baina ez da halakorik. Aldez aurretik, hori bai, bihartik aurrera lanik izango ez duten lankide eta lagun guztiei besarkada estu eta muxu handi bana.

la foto

Saioak iraun duen urte t´erdi honetan, krisia izan dugu bolo bolo eguna joan eguna etorri. Haren gaineko gaiak izan dira nagusi gurean, nik uste. Eta hara non, krisiaren biktima omen gu ere.  ETB1erako diru nahikorik ez nonbait, eta Arratsaldero itxi egingo dute. Nik esango nuke, etxe gehientsuenetan, bakarren batek diru arazoak dituenean, anai aberatsak ematen diola dirua pobreari, baina gurean alderantziz: anai pobrea, pobreago. Pobre izan bait gara beti. Merke zuhurrean ibili gara hasi eta bukatura arte. Horrek bi ondorio nagusi izan ditu: tartarrean bete behar izan ditugu bost ordu, batetik. Horrek, saioa nahi baino aspergarri eta motelago bihurtu izan du batzuetan. Hori laiotzean. Eguteran, aldiz, gaia intereseko duen ikusleak behintzat, beste inon ez bezelako patxadaz entzun ahal izan dituela haren gainekoak.  Eta zuzenean entzun ditu gainera. Zuzenekoa eta frexkoa izan da jarduna. Aurrerantzean, enlatatutako euskera entzungo du ikusle horrek berak. Enlatatua eta txukuna, zuzena, egokia. Eta horretatik ere behar du, jakina, euskeraren normalizazioak. Baina bapatekotik ere bai, eta halakorik ez du izango aukeran. Bestetik, ahalik eta gutxien gastatze aldera, Bilbo handian ibili behar izan dugu gehienetan. Eta zorionez, uste ustelak gezurtatu ahal izan ditugu: Sestaon, Barakaldon, ezkerraldean…, inkesta bat euskeraz egin daitekeela erakutsi dugu, eta hori poztekoa da noski! Baina ez da bilatutako zerbait izan. Gazia gozo bihurtu da, baina sorburua, kontu horrek gazia zuen: merke zuhurrean ibili gara. Legebiltzarrean bertan erakutsi dute gure aurrekontua, eta anai aberatsenaren erdia zela guztiok dakigu, iraupenez eta lanez bikoitza zena egiteko. Eta hori, ETB1en apustu sendoa ginenik… Nik dakidala, pilotalekuan, tartean dirurik gehien duena da apustu potoloa. Eta apustuak, batzuetan irabazi egiten dira, eta besteetan galdu, eta oraingoan guztiok galdu dugu, baina bereziki ETB-1en proiektuan sinisten dugunok galdu dugu.

Esanguratsua iruditu zitzaidan atzo Berriak Arratsalderoren amaieraren berria laguntzeko jarritako argazkia. Saioaren aurkezpenean duela urte t´erdi ateratako argazkia zen. Ez foto horretan aurkezleak bereziki guapo agertzen zirelako (beti dira guapoak biak!), ETBk beste argazki edo promozio ekintzarik egin ez diolako saioari iraun duen urte t´erdian.. Lastima. Bide zaila zela bagenekien hasiera hasieratik, eta horregatik heldu genion erronkari hain gogotsu. Bai batzuk behintzat. Bidea ez da amaitu, hasi baino ez da egin. Guk lurra atxurtu dugu. Etorkizunean beste talde bat etorriko da, eta asfaltatuko du. Arratsaldero, saio bat baino gehiago izan bait da: orain arte ETB-1en jorratu gabeko ordutegi eta aktualitate formatu baten aldeko hautua. Eta hori beti izango du beharrezko telebista kate osatu batek. Inoiz amaitzen ez den lana da hori. Itsasontzia ez da portura iritsiko, ez bait da hori helmuga. Itsasoa zeharkatu, bertako bizipenak eta bertan ikusitako kontatzeko. Hori da helburua. Baina bidea egiteko, marinelak ez ezik patroiak ere behar ditu txalupak, noraezean itzulika ibiltzeko arriskua bait du bestela. Eta hortxe geratu gara, ez atzera ez aurrera.

Ez gara ez lehenak, ez azkenak, tamalez. Bai, badakit. Ingurura begiratu baino ez dago: beste hainbat dira kinka larrian dauden proiektuak, UEU dela, Nafarroako Antzerki Eskola dela… Baina tristeena da, guzti horiek, albistegietatik haratago ez dutela telebistan euren egoera salatzeko zirrikiturik topatuko aurrerantzean. Eta arratsaldeetan txutxumutxu eta halakoez jositako programaziotik ihesean dagoen ikusleak ez du euskerazko babesik topatuko. Solaskideek ez dute euren gogoeta non azaldu izango. Eta nik ez dut Estitxuren zeharkako begiraturik jasoko. Ezin nabarituko dut haren begi ederretan, ari zaren horrek merezi duela nabari duzunean baino ez dagoela nekea eta etsipena gainditzerik. Ezin esango diot, minak min, honek merezi duenik.

la foto(2)

Atzo Esne Beltza izan zen gurean. Bai, tarteka halako harribitxiak ere izan ditugu. Ordu luzeetako jardunean bazelako aspergarritik bezainbeste entretenigarritik. Izenburua bera hausnartzen baino denbora gehiago eman diogulako izenari izana eman nahirik. Iritzi asko bildu ditugu, kalean kontrako ustea den arren, kolore desberdinak izan dituelako gure arratsalderoko ortzadarrak. Eta gonbidatu garrantzitsu eta ilustreak ere izan ditugu sarri xamar. Azkenetakoa, esan bezela, Xabi Solano eta banda. Badakizue zein kantu eskeini zuten? “Nahi dut”. Euskeraz bizi nahi dut… Ba hori, nik ere euskeraz bizi nahi dut. Egunero. Arratsaldero.

Basauritik Oionera, euskeraz

gaur egun

Atzo eguerdiko “Gaur Egun”-en ikusia. Basauriko metro geltoki berria dela eta, bertako erabiltzaileen iritziak bildu, eta guzti guztiak gazteleraz. Oiondik zetorren ondorengo albistea: bertako herritarrak orain arte Logroñora joaten zirela medikutara, baina Errioxako agintariek aukera hori moztu egin dietela. Basaurikoan ez bezela, Oiongo berrian euskeraz entzun genituen herritarren kexuak. Harrigarria egin zitzaidan bigarrena, eta kezkagarria lehena. Basauri eta Oion ez dira behar bada Euskal Herriko herri euskaldunenak izango, ados. Baina baten eta bestearen errealitate soziolinguistikoari erreparatuta, besterik ez bada biztanle kopurua handiagoa delako, Basaurin euskal hiztun gehiago izango dela uste dut Oionen baino. Bistakoa da, ordea, Araban izandako lankideak ez bezela, Bizkaiko herrira joandakoak behin erderazko testigantzak lortuta ez ziola denbora askorik eman euskerazkoak lortzeari. Ez bait dut uste euskal hiztunek fobia berezirik izango diotenik metroari, eta batez ere, gero Euskadi Irratiko albistegian euskeraz adierazi zutelako erabiltzaileek euren poza.

Ez dut lankiderik larrutu nahi, noski, baina uste dut autokritika serio bat egin beharrean gaudela. Seguru nago inork ez ziola erredakzioan errieta egin kazetariari, euskerazko lekukotzak behar luketen tokian erdera hutsezkoak zeudelako. Ados. Baina errezkeria, edo erosokeria, euskeraren etsai bihur daiteke. Batzuen ardurabekeriari besteon utzikeria gehitzen badiogu, ez dugu emaitza onik izango. Binomio kaxkarra. Euskerazko produktuak izaera propioa behar duela uste badugu, eta batez ere gureari errespetua badiogu, ekin diezaiogun egunerokoan, ladreilurik gabe, ezin osatuko bait dugu gure etxea.

SOS Navarra Directo

Gaurkoa coypaste lotsagabea duzue, baina badu bere arrazoia: “Navarra Directo” saioko lankide eta lagunei nire elkartasuna agertzeaz gain, haien eskakizunekin bat egin, eta behingoz Nafarroako euskalzaleen eskubidea bermatu eta ETB Nafarroan behar bezela ikusi dadin agintariek egin beharreko guztia egin dezaten eskatu. Eutsi goiari!

navarradirecto

“Euskal Irrati Telebistak bertan behera utziko du ETB2ko Navarra Directo saioa 2011. urte bukaeran. Nafarroan eta Nafarrorako egiten den saio bakarra da ETBn.1998 geroztik emititzen den saioa da Navarra Directo. ETBko saiorik zaharrenetakoa da, honenbestez. Ordezkari politikoen utzikeriagatik, komunikabide munduko 20 langile kalean geratuko dira. ETB TDTan ikusteko akordioak ez baitituzte bete. Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak 2009an akordioa sinatu zuten arren, analogikoan emititzen den kate bakarra da ETB. Hitzarmen hartatik bi urte eta erdi pasa dira eta hitzartutakoa bete gabe dago oraindik. Nafarroako Legebiltzarrak hainbat aldiz jorratu du gaia eta parlamentarien gehiengoa TDTaren kaptazioaren alde agertu da, azkenekoz 2011ko urriaren 27an.

Kalean geldituko garen langileok honako hau exijitzen diegu arduradun politikoei: Nafarroan ETB ikusi nahi duten milaka nafarren eskubideak bermatzen dituen berehalako irtenbidea. Navarra Directo Nafarrorako deskonexioan emititzen den saioa da eta orain dela hamar urtetik Foru Erkidego osoko gizarte, kultura eta kirol gaiak jorratzen ditu. Gainera, urtero San Fermin jaietako giroa Euskal Herriko etxe guztietara eramaten duen ETBko saio bakarra da.

Urte hauetan milaka nafarren lan eta gizarte arazoei buruz hitzegin dugu, eta zoritxarrez, orain gu bihurtu gara notizia Nafarroa eta EAEko arduradun politikoen utzikeriagatik. Horregatik, gizarte eragile, komunikabide, sindikatu, erakunde, alderdi politiko, ikusentzule eta hamairu urte hauetan jarraitu gaituzten herritarrei babesa eskatzen diegu.”

Navarra Directoko langileak.

Gizarte sareetan babesa:

–       Twitter: @apoyoNDIRECTO

–       Facebook: Apoyo a Navarra Directo / Navarra Directo aurrera

Andre Maddalen

Hasi berria den hau Maddalenik gabeko aspaldiko bigarren kanpaina izango da, eta hauteskunde kanpaina ez da kanpaina Maddalenik gabe. Hori horrela da, nahiz eta batzuk ohartu ez. Edo ohartu badira, ez zaie axola, eta hori larriagoa litzateke. Ustez beto eta kutsadura kontuak atzean utzi ditugun honetan, kazetariak alboratuta. Egunotan jo ta su ariko diren lankideen lana ez dut gutxietsiko, noski, baina ulergaitza zait oraindik ere Iriarte anderea bertan izanda apustua nolatan den bestelakoa.

6260076978_4a7be708ca

Lehendakariaren antzera, bera ere kanpoan harrapatu zuen ETAren iragarpenak, baina Lopezen kasuan ez bezela, pixuzko arrazoiak izango zituen, seguru. Seguru bait nago penarik handiena berak hartu zuela. Hiruzpalau egunetara bueltatu, eta hori bai, irakasgai ederra eman zigun guztioi, kazetaritza irakasgaia, albistearen inguruan egin izan diren berezirik borobilenetakoa eskeiniz.

Pelota xamarra gertatzen ari zait gaurkoa, bai, eta ez naiz gainera alperrikako diximuloan ibiliko. Bakoitzari berea zor zaiolako, eta nagusiek aitortu nahi ez duten hori eta ikusleek hainbeste eskertzen duten hori azpimarratu nahi dudalako, egunerokoari azpimarra beste inork baino hobe egiten dionaren gorazarre.

Arriben harro-harro esaten dugu Maddalenen aita auzokoa dugula. Juan Gorritiren baimenarekin, bera dugulako herriko pertsonairik ospetsuena. Txiki-txikitatik pantailan ikusten nuen haren agindutara lan egitea egokitu zitzaidan bekadun izateari utzi eta soldatapeko langile bihurtu nintzenean. Gogoan dut oraindik ere lehen egunean bota zidan sekulako bronka hura. Jenioa ere baduelako Iriartek, eta ez gutxi. Baina hori bada bere izaeraren ezaugarri. Begiak txinatarrak baino bietnamitak omen diren horiek bezain bereizgarri. Men egiten dizutenak baino gustoko ez dituenaren amorragarri.  Baina errietak ez ezik, gogoan ditut haren aginduak. Gogoan dut nola sentiarazi zidan Iruñeko korrespontsalian ari nintzen hartan, Nafarroa Euskal Herriko azken probintzia baino, lehena zela. Erderazko albistegian hiruzpalau lerrotan aipatzen zen berri hura euskerazkoa zabaltzeko modukoa zela. Ez ziren ez kazetaritza lezio hutsak: Itoizko urtegira egindako bidai guzti haiek, euskeraren aurkako erasoak bistarazteko egindako ahalegin guzti haiek…

Eskerrak hori bai, azaroaren 20aren ondoren 21a etorriko denik. Eta biharamunean hantxe agertuko zaigu gure anderea, beti bezain dotore, beti bezain fin. Eta gu zain, irrikitan, baina ez izeiozue ezer aipatu, gure arteko sekretua bedi: ordura arte makillaje gelan gurutzatzen dudan aldiro, hantxe kuzkurtuko bait naiz ni, lotsa lotsa eginda, gorpuzkeraz bikoitza baino talentuz erdia baino ez naizenaz jakitun. Gaztetako errespetu berdinarekin, baina batez ere txikitako miresmen berarekin.