Tag Archives: publizitatea

Debaldeko publia?

Aurrekoan barruko kontuetaz aritu ginen, eta oraingoan, aldiz, beste komunikabideekiko harremanetaz aritu nahiko nuke, lehengo astean gertatutako baten kontura.

Igandean saio berria jarri genuen abian ETB-1en: “Bizirik”. Telebistaz ezer gutxi dakienak ere argi du saio baten arrakastaren gakoetako bat promozioa dela, eta estreinuaren bezperan, han eta hemen agertzea garrantzitsua izaten dela. Bada batetik telebistak berak egiten duen publizitatea, eta bestetik kanpotik datorrena. Astebete lehenago, banuen jakinmina, hainbeste mimoz eginiko saioak ea zer nolako arreta piztuko ote zuen jendartean, eta kinielatxoa egin ere egin nuen, aitortuko dut. Eta ez, ez nebilen oso oker… Batek badaki honez gero gutxi gora behera zeinek deituko dion, eta elkarrizketa nondik bideratu nahiko duen: Batek zuzendaritza berriaren kontra aritzeko probestuko duela, besteak euskalzaletasun azterketa egingo digula…. Eta badira elkarrizketak, erosoago edo lasaiago erantzuten direnak, besteak baino. Hona promozio aste baten kronika.

Berria. Euskerazko katean aritzen garenok jakin badakigu Berriak beti egingo digula kasu. Hori izaten da behintzat gure itxaropena. Militantzia eskatzen diogu, alegia, gure antzera erdaldunez inguratuta euskeraz bakarka ari denari, eta elkarren artean lagunduko garen esperantza izaten dugu. (Beste baterako gogoeta guk ere beraiekin berdin jokatzen ote dugun….). “Bi errepidean”en aritzen ginenean, beti aipatzen genuen zorte txarra ere bazela emakizuna astelehenetan izatea, juxtu euskerazko berripapera etxeetan jasotzen ez dugun egun bakarrean. (Zazpi egunekoa inoiz iristen bada, seinale txarra ez!).  Egunkari gutxitan ikusten genuen beraz gure emakizuna azpimarratuta. Oraingoan ordea, zorionekoak gu! Berriako kazetariak elkarrizketatu ninduen, txukun aski gainera. Saioaren gainean batipat, baina ETBk azken urte hauetan izandako ildoari errepasoa ere emanez.  Emaitza: igandean, orrialde osoko elkarrizketa, argazki eta guzti. Off de record-a gorde, eta nik esandakoak txukun eta zintzo bilduta. Eskerrik asko!

Deia. Txoritxoaren kaiolako nagusiak aldatu zirenetik, Deiak etxe honekin izan duen harremana ere nabarmen aldatu da. Lehen dena zoragarri zen tokian, orain dena beltz. Barne komunikazioak oso ongi funtzionatu izan ez duen garai batean, etxe barruko kontuetaz jakiteko bide egokiena izan da Bizkaiko egunkaria, eta hori eskertu beharrean gaude. Filtrazioak ugari izan direnez, ordea, bertako kazetariekin hitz egiten zuen oro susmagarri bihurtzen zen azkenaldian. Egur emaile ofizialak telebistaren gaineko kontuak politika atalean eta ez egunkariaren atzekaldean argitaratzen dituenetik, beste kazetari bati eman diote, ordea, telebistako jendea elkarrizketatzeko ardura. Harremana goxatze aldera, mesfidantzarik izan ez dadin akaso. Gure zuzuendari ohiak zuzentzen duenekoa ere, nahiko txukun, odol askorik gabekoa. Emaitza, beste orrialde oso bat.

Gara. Maketazio berria dutenetik, telebista kontuek tarte handirik ez dute kentzen, eta parrilaren gaineko laukitxo batzuk probesten dituzte hangoaren eta hemengoaren berri emateko. Horietako bat guretzat izan zen, telebistak berak bidalitako ohartxoa jasoz.

Correo. Ustez gure nagusi berriekin hobekien moldatzen den komunikazio taldea da hauxe, jakina denez. ETB-1 ikusezin bihurtu izan duen talde bera. Hemerotekan bilatze lan zorrotza egin beharko genuke, parrilaz gain, euskerazko katearen aipamen edo haren gaineko elkarrizketa sakonik topatzeko. Eta ez, oraingoan ere ez ez da halakorik izan. Ezustekoa, ordea, Correok eskeini zidan igande goizean. Parrilaren gainean, zinta gorri gorri bat, saioaren estreinuaren berri emanez. Ordaindutakoa, noski.

correo

Ikusitakoak ikusita, zer nolako audientzia izango genuen baino, bestelako kezka geratu zitzaidan buruan: Dirua eman behar diogu zeini eta bestela batere jaramonik egiten ez digun horri? Eta hori bada bertan agertzeko modu bakarra? Hori bada nahiko motibo neurria zilegi izan dadin? Gure saioaren targeta ikusita, Correoko edo Berriako irakurle gehiago ote ditugu ikusleen artean? Beti lagundu izan diguten horien borondatea probestu, eta muxutruk egiten diguten horren truke esker oneko keinurik ez? Behar gehiago dutela jakinda ere ez?  Dirurik ez haientzat? Diru kutxaren giltzarik nik ez dudanez, esker beroena luzatu, besterik ezin egin. Eskerrik asko aurrerantzean ere jaramon egiten jarraituko duten horiei, baita egurra emango digutenei ere.

Cameronen kafea eta Punseten ogia

Francesca Ariani izeneko gaztea, kafe xixtrin batek egin du ezagun. Ez zuen askorik esperoko egunero modura lanera joan zen hartan. Ez zuen Toscanako neskak berehala pentsatuko Erresuma Batuko lehen ministroa bere kafetegira joango zenik. Ez zuen behintzat harekin lotu kafetxoa eskatu zion gizon apalaren aurpegia. Eurak berak har zezala kafea esan ez zion ba! Londongo istiluekin izango du seguraski Cameronek gertakari harena baina kezka larriagorik. Uda erdiko albiste lehortean berrien gose diren komunibaideek ordea, tarte zabala eskeini diote.

cameron1

Maiz gertatu zait, bi lagunekin elkartu, eta batek besteari esatea: ezagutzen al duzu hau? Harek ezetz. Behin besteak eguraldikoa naizela argituta, barkamena eskatzea: ez dut telebistarik ikusten, eguraldiari ez diot kasu egiten, orain bai, barkatu, baina hasiera batez ez zaitut harekin lotu, barkatu… Barkatu? Barkatu baino zoriontzekoa ez ote den telebistatik at bizitzea! Ditxosozko tramankuluak egoak puztu ez ezik, izarrak sortzen ditu, izar iheskorrak. Eta izarren dizdirak jende asko liluratzen du, itsutu arteraino.

“Redes” saioarekin ezagun egin den Eduard Punset ikusi ahal dugu egunotan Bimbo ogiaren iragarkian. Arrotza egin zait, niri bederen, baina irakurri berri diot aurten iragarki bi egin dituela, horien truke jasotako dirua bere izena duen fundazioari eskeintzeko asmotan. Ulergarriagoa bazait orain, bai, baina ez guztiz.

punset1

Urte pare bat bada, telebistako jefeetako bat etorri zitzaidala esanez esneki marka batek bazuela interesa kolesterolaren kontrako produktua iragartzeko kanpaina bat egiteko, eta aurpegi ezagunen bila hasita, kankailu honetaz akordatu zirela, eta ea ba ote nuen nik kolesterolik. Aurrejuztuak nolakoak diren, halako handikote bat ikusita, kolesterola izango ez du ba! Ba ez.. ez nuela. Ea gezurtxo hori esateko arazorik izango ote nukeen, harek, eta prest egonez gero, pentsatzeko zenbat diru eskatu nahi nuen trukean. Deituko zidala enpresa horretako arduradunen batek. Orduantxe hasi ziren buruhausteak. Egin edo ez egin. Nire burua saldu edo ez saldu. Gezurretan aritu edo tranparik ez egin. Lankidearen amak hartzen zuela eta funtzionatzen ziola. Lasaitu ninduen horrek. Gezurra ez da hainbestekoa izango beraz…  Poltsikua bete, edo patrika hutsarekin jarraitu. Alperrikakoa izan zen, ordea, burujana. Ez zen deirik izan azkenean. Lankide bat ikusi nuen gero kolesterol arazoak nola konpondu azaltzen.

Utikan birusarekin inmunizatuta gaudenaren susmoa dut. Alegia, tipo-jator-xinpatiko-guay honek egiten badu, zuk zergatik ez? Nire zalantzak ditut molde horretako ekimenen eraginkortasunaren gainean. Zalantzan aurrean, argi dut, ordea, bada ez bada ere, euskeraren aldeko bide horretan adibidez bidelagun izango nauela edonork. Salerosketan sartuta, ordea, ba al da ongi hori janda Punset bera bezain jakitun bihurtuko dela uste duenik? Esnekia hartuta Coronadoren arrakasta bera izango duela sinistuta dagoenik? Susmoa dut Cameronek iragarki horietako bat egingo balu, zerbitzariak ezagutu, eta kafea debalde eskeiniko liokeela, telebistaren eragina ez bait da makala. Baina argi dago, joan etorrikoa dela kutxatxo honek berezkoa duen gezurra, eta iragarki garestienak ere ezin izakutatuko duela berez kaxkarra dena. Hobe beraz, inork zerbitzatutakoa baino, norberak hartzea kafea. Bejondeiola beraz Francescari!