Luze – motz

Joan den ostirala. 20:00. A-8 rally-bidea hartuta, herrirako bidean. Iristeko irrikan. Nekatuta, merezitako atsedenaren bila. Bederatzi egun gehiegi dira segidan lan egiteko. Gutxi, dio Usabiagak, berak Tourrarekin berrogei eman behar izan dituela eta. Batzuentzat luze dena, besteentzat motz. Zarauzko ordainlekuaren parean hasi eta Arrokora arteko auto ilarak daudela diote irratian. Hamaika bat kilometro. Noski, egutegia datorkit burura: uztailak eta abuztuak bat egiten dutenekoa da asteburu hau. Matrikulen koloreari erreparatu diot. Horiak, zuriak, urdinak… Asfaltoan, kromatismoa, gasolindegiko dendan, aldiz, Babelko dorre txikitxoa. Zeinen ongi ulertzen ditudan momentu horretan nire ingurukoak: Urte luze baten ostean motz egin zaie sorterrian emandako hilabetetxoa badatozenei, eta badoazenei aldiz, nahi baino luzeagoa egingo zaie jaiolekura arteko bidea. Barruan dudan etorkintxoa azaleratu da orduantxe: Bizkaian extraditutako nafarra naiz, edo hobe esan, Nafarroako erdialdetik kanpokaldera, mendebaldera joandako herritarra. Bihotza eta buruaren arteko aldea, ordu t´erdikoa. Ordu luzeetakoa, aldiz, saltzailearekin ulertuezinik dagoenarentzat.

Bertakoa langileak berak eman dit konponbidea: Arroan atera eta kostaldeko errepidea hartuz gero, Zarautzeraino ilararik gabe. Presa handirik ez dut, beranduxeago iritsita ere Arribe hantxe izango da, betiko tokian, Malloen gerizpean, baina ordu luzez ttarra-ttarra orduko 20 kilometrokoa baino abiadura motelagoan ibili beharko dudala jakiteak urduri jartzen nau. Emakumeari kasu egin diot azkenean, eta ez naiz damutu. Uztaila guztian jarri ez dugun giro ederra dugu, eta Kantauri itxasoa harro-harro dabil, guztiak ere begira dituela jakitun. Lehorrekoa naizelako behar bada, baina ño, zeinen gogoko dudan bide hori! Azkar iritsi behar horrekin maizegi galdu dut gozatu hori, eta egia esan, kurbetan eta bide bakarreko errepidean eman nahi ez ditudan minutu horiek berak ere behar ditut gero inoiz amaitzen ez diren autobideko obretan.

Leave a Reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *