Category Archives: Egutera

Lizunkeritan

lizunak

Lagun baten lagunaren lagunak esan dit azkenaldian lotsagabetu egin dela euskal blogosfera, eta orain arte sakonkeriari gordetako txoritxo urdinarenean, bestelako sakonkerietaz ari direla duela astebetetik hona euskaldunak. Arinkeritan hastearekin batera, arindu egin dela batzuen bizkar gaineko zama, norbere fantasia eta gustu beretsukoak ere badirela gertuan ikusita. Lizunak izeneko kontuan, Miren, Ane, Mikel, Xabi eta Iratiren argazkiak. Kuadrilako laguna edo auzokoarenak izan daitezkeela eta are erakargarriagoak diren irudiak. Astebete nahikoa izan da orrialdearen helburua eta benekotasuna zalantzan jartzeko. Erabiltzaileen jatorriarekin osatutako mapak nazio eraikuntza perfektuegia irudikatzen duela, lurraldekako oreka nahikotxo lortuta. Iparraldekoak falta… Eta harrigarria, uste eta prejuizioen kontra, sorgin gehiago aker baino.

Behar bezelako ikerketa bat egite aldera, (zertarako ba bestela? ez al gara guztiok horretarako sartu?) jabetu naiz zakilarekin batera, erabiltzaile kopuruak ere gora egin duela. Betidanik voyeur/exhibizionista jokua oinarri duen orrialdean gero eta gehiago direla ikusi soilik ez, erakutsi ere erakutsi nahi dutenak. Ezizenaren babesean, eta aurpegia gordeta, normalean arropek estaltzen dutena bistan. Argazkiak baino sexu kontakizunak bildu asmo dituen orrialde beretsua ere sortu, sortu dute, baina hura hutsik. Lotsagabetutako sorgin eta akerren elkargune izan nahi duen txat bero euskalduna ere bai, baina bi solaskide baino ez denbora luzez. Sexuaz aritu baino, sexuan aritu nahiago? Orain arte haren gainean nahikoa egin dugula, eta orain, gainean edo behean, baina hartaz baino, besterik gabe, egitea erabaki ote dugu?

Ikerketarekin jarraitu behar lagun batek lagunaren lagunak esandakoa egia ote den…

Elurra Bilbon

Bitxia da elurrarekin gertatzen dena. Neguan elurra egin duela eta, txoritxoarena, Elur Telebista bihurtuko da beste behin. Hamaika bider errepikatuko ditugu gure mendateeetako irudiak, eta kazetariak elurrarekin jolastera bidaliko ditugu. Zenbaki dantzan hasiko gara, elur maila burtsako indizeen pare jarraituz. Bitxia, kontua, normalean kontrakoa gertatzen bait da. Errepikatzearen errepikatzeaz, albiste izateari uzten bait dio egunerokoak.

8247655908_3d4d211e25_k

Larunbatekoa elurtearen pareko izan zen. Milaka herritarrek erabaki zuten azalera ekarri beharra zegoela beste milakak egunero etxean ixilean bizi duena, beste zenbaiten azala zeinen latza den azaleratzearekin batera. Kalean pilatutako aterkiak ez ziren ordea elur horretatik babesteko. Aterkiak baino parasolak ziren. Neguaren ilunetan eguzkiaren izpien zain daudenen parasosola.

Buruan maiz dudan irudia da eskolatik atera eta autobusera nindoanekoa. Hilean behin errepikatzen zen gutxi gora behera. Soinu banda dut batez ere gogoan. Sarkorra eta tristea. Musika hura ozentzearekin batera, kriseiluak ageri ziren hurrunean, argia jarriz arratsaren ilunean. Musikak, edo agian irudiak, guztiak ixilarazten gintuen. Errespetuzko ixiltasuna zen hura. Zer esan ez dakienarena. Neguarekin lotu izan dut beti irudi hura. Aurten udaberria garaiz omen dator… Hala bedi!

Bostetako sesioan

Egutegiak Berriotxokoa ez den beste Balendinen eguna dela gogorarazten digun honetan, gaur zer ospaturik ez dutela uste duten haiek hartu nahi ditut nik gogoan. Bostetako sesiora joan beste erremediorik izaten ez duten zinemazaleetaz ari naiz.

solo_en_el_cine

Hamarretako sesiora inoiz bakarrik joan denak, lagunik gabe joan denak, alegia, badaki beso bat, hanka bat edo besterik gabe burua bera falta balitzaizu bezela begiratuko dizutela ilaran dauden gainerakoek. Bikoteentzako propio egindako emanaldia izaten da eguneko azkena. Txartel saltzaileak binaka saldu ditu ordura artekoak, eta horregatik zuk txartel bakarra behar duzula esandakoan, birritan galdetu dizu, ea ongi entzun ote duen, eta bakarra behar ote duzun. Krisketak erosterakoan, bi lagunentzako propio jarritako eskeintzak ezin probestu. Atea zabaldu biitartean, binaka eraikitako ilararen geometria apurtuko duzu. Eta behin eserlekuan eseri zarenean, alboko kideak zure parera iristerakoan eskuetan duen txarteltxoa begiratuko du, erratu dela pentsatuta, zure alboan berak eseri baino komunean behar duen beste batek beharko lukeela pentsatuta.

Hamarretakoa baino, zortziretakoa, arratsalde erdikoa aukeratzen baduzu, bikoitza izango da zaplaztekoa. Alboan duzun nerabe taldeak urduritzen zaituela ikusita, zahartzen ari zarela ohartuko zara. Gero eta pazientzi gutxiago duzula. Atzean utzi zenituela zorionez garai haiek. Baina erdi bidean geratu zarela. Ez taldean, ez binaka. Bakarka joan zarelako zu pelikula ikustera.

Horregatik euskara jatorrean zahar abizena behar izaten duten mutil eta neska zinemazale horiek, lehen emanaldia aukeratzen dute. Bestelakoa izaten da bostetako sesioaren erradiografia. Atzeko ilaran jarriz gero, ikusleen buruek eserlekuen itxasoan inolako geometria araurik gabe banatutako uhartexoak direla ohartuko zara. Baina horretaz ez zara jabetuko, pelikula hasi arte. Aretoa ilun geratu arte, alegia. Pelikula hasteko momentuan bertan sartzen direlako barrura. Lekurik egokiena zein izan daitekeen aukeratu baino, parean libre ikusten duten aurrenekoan eseriko dira. Hurrengo erronken berri ematen duten trailerretaz gozatzeko aukera baino, ilaran bizitzen denaren pareko tortura gerta daitekeelako eserlekuko itxaronaldia. Errematea. Edozeinek arrapa zaitzake bertan ere. Horregatik pelikula bukatu orduko, lehen letra agertzearekin batera ziztu bizian irtetea hoberena, lehendik ikusi ez zaituen horrek bukaeran ere ikusi ez zaitzan.

Jabetuko zinetenez, alboan lagunik ez duzunean, albokoen jarrera aztertzeko astia eta parada izaten duzu. Hori da, era berean, zure kontsolamendu bakarra: bakoitia bai, baina ez bakarra. Bada zu bezelakorik. Horregatik, hamarretako sesiora joateko moduan nagoen honetan, ez nituzke ahaztu nahi lotsa horiek gainditu eta kontuak kontu bere zinemazaletasunari eusten dioten ausart guzti horiek. Zorionak zuei!

Pakearen izena… eta izana

palomaAitaren bizilaguna zen Joxean. Txikitan sarri entzun nituen haren gainekoak, baina Alacanten haren arrastoak topatu zituztenera arte kasik ez nintzen guztiaz jabetzeko gai. Mikelek zabaldu arazi zidan ikuspegia. Haren izena zerrenda beltzean agertu zenetik goizero nirekin gosaltzera etorri aurretik auto azpian begiratu behar izaten zuela esan zidanean lankideak, aitormen harek zaplaztekoaren pareko eragina izan zuen nire buruan. Ordura arte, nire inguruan, beste norabidekoak ziren kexuak. Iñaki lehengusua etxetik eraman zuten gau batean. Aske utzi zuten bi egunera, baina ez ziren nolanahiko bi egun izan. Ederki jipoitu zuten. Irene eta Jose Angelen gorpuzkin xehetuek patrolaren txatarrarekin nahastuta osatutako kollage makabroa burutik kentzerik ez dut lortu Sallenteko plazan ikusi nuenetik. Beste patrol batean eraman zituzten Jontxu, Mikel eta Gallur, gure herria patrolez josi zuen eta gero ezertan geratzen ez den sarekada horietako batean. Amona Inaxik ez zuen lo xamurrik izan hiruzpalau egunetan, beldurra eta aspaldiko mamua berpiztuak gorputzean sartuta zituela. Franciscoren hiletan terrorista deitu ninduten, Aizoaingo koartelera haren hilketaren berri ematera joan nintzenean. Harro sentiarazi zidaten aldiz, Madrilgo euripean amesgaiztotik atera berritan Martxelok isuritako malkoek. Malkoek eta adoreak, noski. Haren lantokia inolako erru eta lotsarik gabe itxi zutenak izango dira, seguraski, haren adierazpenak entzun eta hunkitu gabe geratzeko gai diren bakarrak. Barruan zegoen Beltzarekin maiteminduta, ziegako harresiak maitasuna hoztu baino benetakotu egiten duela erakutsi zidan Amaia lehengusuak. Maitasunaren indarra, San Mames bera dardarka jarri eta lantokiko lehioak lehertarazi zituen bonbarik indartsuenaren parekoa dela, alegia. Ostegun gaua, lana tarteko, Gorka eta Patxirekin eman nuen. Bostekoa baino, hirukoa eman zidan Gorkak, gainean lehertutako bonbak lapurtutako bi hatzen faltan. Albistea jaso orduko alabak emandako besarkada gogoan zuela, malko potoloa isuri zuen haren begi kaltetuak. Poz malkoak ziren behingoz. Harekin topa egin eta gero, Patxirengana jo genuen. Herri berdinean zinegotzi da bera. Eskoltarik gabe etorri zen oraingoan, baina  Gorkak berotutako gorputzaldia hoztu egin zuen harek. Ez da fido.

Joxean, Mikel, Iñaki, Irene, Jose Angel, Jontxu, Mikel, Gallur, Francisco, Martxelo, Beltza, Amaia, Gorka, Patxi… Izen guzti hauek izan ditut gogoan bi egunotan, eta baita kezka bat ere: Nola azaldu Patxiri, boloz bolo dabilen hitz horrek, izena ez ezik, izana ere baduela? Argi dago orain arte, arto aleak txar/on banatzen ditugun bezela, zerrenda horretako izenak ere txintxo edo gaizto, lagun edo etsai banatzen genituela. Distantzia geografiko, eta distantzia politikoa, distantzia emozional bihurtzen genituen, izenaren osotasunari baino, hizkiari erreparatuz. Hizki multzoari. Siglak berak banatzen dituzten puntuak pareta bihurtuz. Harresi. Artaburuari baino, aleari begiratuz. Bai, badira bestelako artaburuak ere, bateko zein besteko. Haiek alde batera utzita, soroari erreparatuta, buru eta ale guztiak kontutan hartuta, orduantxe erakutsiko dugu, eta ikasiko dugu, bakeak izenetik bezainbeste baduela izanetik.

Aupa Orio!

Bai, jakin badakit gaur Orio aupatzen lanik ez zela. Lehendik ere aitortu izan dut kirolaz tutik ez dakidala, baina hainbeste bai, badakit. Gaur, ordea, horixe dut buruan behin eta berriz : Aupa Orio !

orio

Bizitzak badaki maiz kasualitate itxuraz jazten berez halakoak beharko luketen momentuak. Aspaldian Oriorik gabeko Kontxa berbera izan da nire amonarik gabe bizi izan dudan lehen Kontxa. Zenbiten pozak sorarazitako malko berberak egin dit irrist masailetik eguerdian niri ere.

Gure amona Inaxi Aginakoa zen. Aginakoa jaiotzez, Oriokoa bihotzez. Horien alde egiten zuen, txikitan bezela, zahartzaroan ere. Bizitzaren gorabeherek itsasaldetik lehorrera eraman zutenean, bi ziren batez ere,  errioa gure egunerokora ekartzen zuten hitzorduak. Bata, lagun zaharrak angula bete kaxatxo bildatzen zioneko urteroko hitzordua. Laguna hiltzearekin batera bukatu zen gure pagotsa. Harez geroztik, gulek bete zuten urteroko opariaren tokia. Amonak ordea, telebistako erreportai batean begiak margotzen zizkiotenekoa ikusi zuenetik, ez zituen sekulan gogoko izan. Jatorrizkoa nahiago, ordezkoa baino. Bestea, Kontxako banderanekoa zen. Igandeko hamaiketakoarekin batera, txikitan Donostira joaten zireneko pasartea entzuten genuen urtea joan urtea etorri. Baina batez ere, itsasoaren agindutara zeuden mutil horiek sorarazten zioten beldurra eta haien nagusitasunak eragiten zion emozioaren arteko nahasketa somatzen genuen haren aurpegiko zimurretan.

Lehengusuak koxkortzearekin batera, estropadetako hitzordua garrantsitsuagoa egin zen urtez urte. Lehengusuetako bat arraunlari hasi zelako batetik, eta beste bi lehengusuk mutil laguntzat arraunlari bana hartu zutelako. Eta hortxe hasi zen Inaxi gaixoaren buruhaustea: Bihotza bitan edo hirutan banatu zitzaion. Fernando, Donibanen arraunlari, Mirenen mutila, Castron, eta Anerena berriz, Urdaibain… Baina Orio, beti Orio. Gure amonaren bihotzak, halere, beti izan zuen argi zein zuen patroi, zein zuen jarraitu beharreko bidea. Eta bilobak, biloba zituen. Bereak zituen. Familikoa zen bere kolorea. Adarjotze ugari izan zuen elastiko aldaketa horren zigor. Igandeko bazkalosteko txantxarik gogokoena bihurtzu zen amonaren desertzioa. Bere burua defendatu beharrean aurkitzen zen, norberak bereari eutsi behar diola leporatzen genionean. Argi zuen harek, ordea, ez ziola inori inolako traiziorik egin, bereetan bereena zein zuen bazekielako. Eta argi dut nik orain, Orioko zaletasunak sorarazten didan mirespena, amona Inaxiri diodan berbera dela. Batek zein besteek, guztiek ere argi dutelako, haizea aldeko edo kontrako, olatuen talkari aurre egiterakoan edo aldeko izaterakoan, bereen alde, eta bereekin batera egin behar duela batek arraunean traineruak aurre egingo badu. Gaur beraz, ez batzuk ez bestea Kontxan izan ez diren honetan, oriotarrak baina batez ere amona izan dut nik barruko itsasoan arrauna astinduz. Aupa Orio… eta aupa amona!

Eskerrik asko, Uxue!

Iurretako egoitza zaharrean bekadun hasi berria nintzen. Ikasleak ETBn izaten dituen lehen lanak, trafikoa eta eguraldiaren gainekoak izaten dira, baina asteburuetan aritzeak hori zuen: bestelako lanetan ere hasi beharra zegoela, jende askorik ez bait da izaten.. Nazioarteko gaia egokitu zitzaidan egun hartan. Gogoan dut. Albistegia bukatu orduko, editore berriak bere mahaira deitu ninduen. Hantxe joan nintzen ni kaka eginda, gainera zetorkidan bronkaren beldur. Serio serio emakumeak: “Nork esan dizu irudi horrekin hasteko zure bideoa?”. Nik, aldiz, “Inork ez. Neronek”. “Zorionak ba, oso ongi”. Errietarik gogorrena botatzen duenaren zorroztasunez zoriondu zidan egun hartakoa Uxuek.

uxue

Gogoan dut munduan barrena eten gabe hasten diren gerra horietako baten gaineko albistea zela. Txalogarri iruditu zitzaizkion irudiak, kanpamenduan xakean ari ziren soldadu batzuenak ziren. “Halakori dagokio fitxa mugitzea”. Halaxe hasi nuen nire lehen bideoetakoa zen hura. Geroztik askotan akordatu naiz hartaz. Miresten duzun haren aurrean, beti zarelako txiki. Eta gogor itxura ez ezik, gogorra izatearen ospea zuenarengandik ez nuelako xamurtasunik jaso, egia da. Ikasi berriz, dexente. Zorroztasun horri esker, akaso. Harez geroztik, maiz ikusi dut Uxue gaur txalotu duten legebiltzakideei bekadun gazteari botatako errieta bera botatzen. Sarritan ikusi dut Nabai barruko liskarrei zorroztasun berarekin aurre egiten. Xake taula berrian, aurrekoan bezain fin. Jakin izan du, erreginaren antzera, aldian aldian mugimendu bat edo beste aukeratzen, erregearengainaino heltzeko. Nafarroako taulak, laukitxo zuri edo beltzak ezik, grisak ere badituela erakutsi die hainbati. Erregezale diren beste nafarrak urduri jarri izan ditu, eta endroke xelebreak egitera behartu. Mugimendu bakoitza behar bezela pentsatuta. Hausnartuta.

Gaur, aldiz, peoak ekarri ditu gogora Uxuek, parlamentura itzuli denean jaso dituen txaloak haiekin partekatuz. Tamalez asko dira peoiak, gehiegi, Uxuren antzera zapiaren beharrean aurkitzen direnak. Gehiegi dira Uxueren aurpegi puztuaren markak ispiluan egunero ikusi behar izaten dituztenak. Gertutik dakit horren berri. Azken urtean Barkos anderea ikusi dudan aldiro etorri zait besteren baten aurpegia. Hari aipatzerik ez dut, tamalez, zenbat hunkitu nauen gaur Uxueren agurrak. Bidean geratu direnak gehiegi direlako, borrokan ari direnak bezainbeste. Baina nire jefa ohiaren adore bera erakutsita baino ez dugu lortuko gaitzari jake mate egiten. Gaur loreak zuri, Uxue, eta orduan urduri, ahotsak dar dar egiten zidala esandako bera esango dizut… Eskerrik asko !

Futbolari gola

Ez naiz batere futbolzale. Ez dut ulertzen, ez futbolaz, ez futbolak sorarazten duen zurrunbilo guztiaz. Final handien egunetan zinemako bakardadean babesten den arraro horietakoa naiz. Gaur Eguneko kirol tartea iritsi orduko zapping-a egiten dutenetakoa. Gimnasioko aldageletan eguraldiz hitz egiten duenetakoa, asteburuko partiduaren errepasoa iritsitakoan esatekorik ez dudala jakinda. Tabernan zain nagoela Marca esku artean sekulan hartu ez duenetakoa. Eta bai, eskolan, soinketa klasean, taldeka banatzerakoan, azkenera arte inork aukeratu gabe geratzen zen ume baldar horietakoa. Inoiz bateonbatek azterketa egin beharko luke munduan izandako psikopata, ero eta petralen artean, zenbat eta zenbat ez ote diren trebe eta baldarren arteko bereizketa horretan kapitainek azkenera artea aukeratzen ez zituztenekoak. Horregatik behar bada, edo besterik gabe, oraindik ere badudalako belaunaldi berrietan zaharretan baina fede gehiagorik, ikaragarri gustatu zait esku artera iritsi zaidan bideotxo hau. Eta horregatik lan honekin estreinatu nahi dut, toki ospeletik argitara, itzalpetik eguzkitara, eguterara ekartzea merezi dutenen zerrenda. Bejondeiela!

L´equip petit