Tag Archives: korteak

Kaiolatik kabira

kaiolabisEz dezala inork izenburuko kakofonian, hitz joku merkerik bilatu. Irainaz haratago, konponbide bila abiatutako bidea izango delako txoritxoa lumatzeko erabiliko dugun tarte hau. Konponbidea behar, behar duelako, begi bistakoa denez. Ukazioak ez du arazo hori larritu baino egiten. Ez ditzala inork, ordea, lerro hauek erasotzat har. Abidideak zehatzak izango dira, baina izenik ezean, pluralean idatzitakoa izango da. Gu. Plural maiestatikoa. Gu guztiok. Izango da denbora arduradunetaz aritzeko, ba bait dute erantzukizunik, noski. Lehengoek eta oraingoek. Izango da tarterik ikusleen axolagabekeriaren ondorioetaz aritzeko, mesede baino kalte egiten bait dio aferari. Baina batez ere, dagokidan neurrian, langileetaz arituko gara hemen batez ere. Erantzuleak kanpoan bilatzen aritu baino, eraikitzaileagoa izango delako hausnarketa autokiritikoa burutzea.

Aurreko batean, euskerazko korteek erderazko katean zuten trataeraren gaineko eztabaida interesgarria abiarazi zuten Sustatun. (http://sustatu.com/1313134517) Susmoa hartuta nago askotan gure buruan etsaia berez dena baino gaiztoago egiten dugula. Arazoa hori bait da: Zein da horrela jokatzeko kriterioa? Kriterio eza, hortxe gakoa. Eta noski, gurasoaren errietaren beldur den semetxoak barrabaskeri gutxiago egingo du beti, eta oraintxe bertan jakin badaki semetxo horrek, euskera behar bezainbeste ez zainduta ere, belarrondokorik ez duela izango. Horren aurrean zer? Errezenera jo? Mingarria egin zitzaidan, mingarria oso, duela gutxi nire herriko euskaldun peto petoa erderaz entzun nuenean Gaur Egun albistegian. Seguru nago lankideak ez ziola galdetu ere euskeraz ba ote zekien, bestela nahiago izango lukeelako, ziur naiz, euskeraz aritu. Bitan galdetu beharrean, erderaz galdetuta, erantzun bat baldin badut, bietan erabili ahalko dudana, zertarako denbora gheiago eman euskerazkoa lortzeko, pentsatuko zuen akaso… Edo besterik gabe, eta horrek kezkatzen nau gehiago, aferari ez zion ez minutu erdirik eskeini, ez buruan itzuli erdirik. Hori da marka!

kaiola

Txoritxoa preso dugu. Kaiolan preso. Guztien artean eraikitako kartzelan. Garai batean koloretsua zen txoritxo hori bera, seriotuta dago look aldaketan kolorea kendu ziotenetik. Okerrena da, kolorea marrazkitik ez ezik, eguneroko jardunetik ere kendu diogula. Triste atzematen da. Faltan botako ditu, seguraski, hegan hasi zeneko garaiak. Baliabide gutxiago, baina gogo eta ilusio gehiago zituenekoa. Argi dago, militantzia hutsa baino bazka gehiago behar duela txoriak haziko bada, baina hura ere behar du. Denbora luzeegia joan da kaiolan sartu genuenetik, eta hegan egiten ere ahaztu zaio dagoeneko gaixoari. Hegaldiari ekiteko, txoriak hegan egin behar duela uste badugu behintzat, bultzadatxoa beharko du. Baina ezin botako dugu amildegitik behera, airera bideratutakoa behar du bultzada horrek. Abiapuntua? Kabia bera, kaiola baino hobe!