Tag Archives: minbizia

Eskerrik asko, Uxue!

Iurretako egoitza zaharrean bekadun hasi berria nintzen. Ikasleak ETBn izaten dituen lehen lanak, trafikoa eta eguraldiaren gainekoak izaten dira, baina asteburuetan aritzeak hori zuen: bestelako lanetan ere hasi beharra zegoela, jende askorik ez bait da izaten.. Nazioarteko gaia egokitu zitzaidan egun hartan. Gogoan dut. Albistegia bukatu orduko, editore berriak bere mahaira deitu ninduen. Hantxe joan nintzen ni kaka eginda, gainera zetorkidan bronkaren beldur. Serio serio emakumeak: “Nork esan dizu irudi horrekin hasteko zure bideoa?”. Nik, aldiz, “Inork ez. Neronek”. “Zorionak ba, oso ongi”. Errietarik gogorrena botatzen duenaren zorroztasunez zoriondu zidan egun hartakoa Uxuek.

uxue

Gogoan dut munduan barrena eten gabe hasten diren gerra horietako baten gaineko albistea zela. Txalogarri iruditu zitzaizkion irudiak, kanpamenduan xakean ari ziren soldadu batzuenak ziren. “Halakori dagokio fitxa mugitzea”. Halaxe hasi nuen nire lehen bideoetakoa zen hura. Geroztik askotan akordatu naiz hartaz. Miresten duzun haren aurrean, beti zarelako txiki. Eta gogor itxura ez ezik, gogorra izatearen ospea zuenarengandik ez nuelako xamurtasunik jaso, egia da. Ikasi berriz, dexente. Zorroztasun horri esker, akaso. Harez geroztik, maiz ikusi dut Uxue gaur txalotu duten legebiltzakideei bekadun gazteari botatako errieta bera botatzen. Sarritan ikusi dut Nabai barruko liskarrei zorroztasun berarekin aurre egiten. Xake taula berrian, aurrekoan bezain fin. Jakin izan du, erreginaren antzera, aldian aldian mugimendu bat edo beste aukeratzen, erregearengainaino heltzeko. Nafarroako taulak, laukitxo zuri edo beltzak ezik, grisak ere badituela erakutsi die hainbati. Erregezale diren beste nafarrak urduri jarri izan ditu, eta endroke xelebreak egitera behartu. Mugimendu bakoitza behar bezela pentsatuta. Hausnartuta.

Gaur, aldiz, peoak ekarri ditu gogora Uxuek, parlamentura itzuli denean jaso dituen txaloak haiekin partekatuz. Tamalez asko dira peoiak, gehiegi, Uxuren antzera zapiaren beharrean aurkitzen direnak. Gehiegi dira Uxueren aurpegi puztuaren markak ispiluan egunero ikusi behar izaten dituztenak. Gertutik dakit horren berri. Azken urtean Barkos anderea ikusi dudan aldiro etorri zait besteren baten aurpegia. Hari aipatzerik ez dut, tamalez, zenbat hunkitu nauen gaur Uxueren agurrak. Bidean geratu direnak gehiegi direlako, borrokan ari direnak bezainbeste. Baina nire jefa ohiaren adore bera erakutsita baino ez dugu lortuko gaitzari jake mate egiten. Gaur loreak zuri, Uxue, eta orduan urduri, ahotsak dar dar egiten zidala esandako bera esango dizut… Eskerrik asko !