Tag Archives: abenduak 3

Beti geratuko zaigu…. Paris (I)

paris

2010eko abenduak 3. Paris. 20:00

–         Seguru zaude, ama? Hemen ez du inork ezer aipatu… Orain ere nahastuko zenituen albisteak!

–         Baietz ba… Oraintxe esan dute telebistan. Izkutuko greba omen. Kontolatzaileek lanpostua utzi omen dute, eta….

Amak emandako berria lagunarekin partekatzen ari naizela, orduantxe aireportuko pantailatxoan: Bilbora bueltan eraman behar gintuen hegaldia, estatuko beste hegaldi guztien antzera, bertan behera geratu da. Batzuentzat konstituzioarena, besteentzat prostituzioarena eta bakarren batzuentzat amabirjinarena den honetan, gehientsuenak oporretarako asmotan ziren honetan, ni berriz etxera bueltan. Kalendarion gorriz daudenak ez dira norberaren egutegian egun seinalatu bakarrak izaten. Eta nire oporraldia, lanak baino, beste neke batek behartutakoa zen. Maleta egin berri duenari baino, min gutxiago egin behar lioke berez albisteak maleta hori bera oroitzapenez eta bizipenez josita dakarrenari. Oporrik ez didate zapuztu behintzat… edo bai? Estanbul hiriburu dotorea da, eta lagunarekin ere primeran pasa dut. Alde horretatik kexurik ez. Baina badirudi nahita ere, ezin izango diodala abenduaren hirugarreneko madarikazioari izkin egin…

Zuri eta beltz ageri da Paris hoteleko lehioan. Bi estalki ditu hiriak. Elurrarena lehena, eta gauarena bigarrena. Beltzak hartu dio gain zuriari. Dena ilun ageri da, edo dena ilun ikusten dut. Aberats kapritxoso batzuk txantai egin nahi izan digutela eta, plana aldatu behar izan dugu. Lagunak Bilbon egin asmo zuen geldiunea ahaztu, eta Madrilerako hegaldia eskatu du hurrengo egunerako. Nik nireari eutsiko diot, baina horretarako, Parisko beste puntan dagoen aireportu inguruko hotel batera joan behar gaua ematera. Bakarrik. Frantzesez tutik ere ez. Eta furgonetako gidariak ingelesez ere, beste hainbeste. Aire konpainiako andereñoak eman didan papertxoan, hotelarena behar zuen izena, hotel katearena omen. Bospasei ba omen dira kate horretako hotelak hirian. Hortxe gidariaren kezka eta bidaiariaren larria. Ezin jakin non bukatu behar duen gure bideak. Halako egoeretan ez da maisurik egokiena izaten, baina logikari jarraitzea erabakita, kate horrek aireportutik gertuen duenera eraman nazala eskatu diot hala nola urduritzen hasia den emakumeari. Iritsi gara, baina ez da hura konpainiak adostutakoa. Ba nengoen ba ni…  Overlook hotelaren itxura du honek. Edozein bazterretan Nicholson bera agertuko zaidanaren susmoa dut. Hemen ezin geratuko naiz ba…. Edo bai. Berandu da oso. Nekatuta nago. Amorratuta. Taxi bat hartu eta Paris guztia atez ate, hotelez hotel zeharkatzea, ez da gaurkorako nuen plana. Ez dirudi zentzuzkoa. Bidaide kaxkar horrek berriz ere bertan geratzeko aholkatu dit. Buruari kasu egin behar, bihotza ez bait dago aholkurik emateko moduan.

–         Ongi da, emaidazu gela. Hemen geratuko naiz. Berdin zait ordaindu behar badut ere. Hori izango da gutxienekoa….

Logelarako bidean ez da Nicholson agertu, baina nire susmoak ez ziren okerrak. Gau gogorra aurrean dudana… Kortina apartatu, eta lehiotik begira jarri naiz… Perspektibarik ez dago. Laua da dena. Landa malapartatu bat. Zuriaren eta beltzaren arteko muga soilik. Ez dago grisik. Ez dago argirik. Lehiora inguratu behar, beraz, erlojua, ordua ikusiko badut. Abenduaren laugarrena hastera doa. Minutu batzuk baino ez zaizkio geratzen egunari. Atzean utziko dut abenduaren hirugarrena… Edo ez. Nahi, eta ezin.