Tag Archives: oscar sariak

Artistaren lana

Zinea gustoko duenak pelikula hau gustoko izango du oso, seguru naiz. Nabari da bai zuzendariak berak ere oso gustoko duela zeluloidea. Eta ez diot soilik zinemaren historiako momentu gogangarrienei egindako keinu sortagatik. Argi dagoena da errelatoa gustoko duenak hobe egiten duela haren kontakizuna. Eta kasu honetan, izenburuak berak dioen bezela, arte lana ere badela esango nuke errelato hori.

the-artist

Maitasunak berak bultatzen gaitu askotan ausart jokatzera, eta gaur egun zuri beltzekoa ez ezik elkarrizketarik gabeko ere baden pelikula bat egiteak badu bitixitik bezainbeste ausartetik. Maitasuna eta ausardia elkartuta, pelikula honen moduko zeozer magikoa sortuko da gehientsuenetan… Edo ez beti, batek daki, askotan zaila bait da asmatzen zerk egiten zuen zerbait miresgarri edo liluragarri. Argi dagoena da, eta denborak emango dit arrazoia, klasiko bat sortu berri dela.

Susmoa dut kontinente zaharreko zinemagintza  frantziarrek gehiago mirestu izan dutela amerikarrek eurek baino. Hollywoodeko aintzindarien artean frantziarrek topatu zituzten artista handienak, eta zenbaiten ustez 60ko hamarkadako krisitik frantziarrek emandako bultzadari esker atera zen bertako industria. Eta oraingoan ere frantziarrek etorri behar izan dute amerikarrei gogoraztera zein den zinemaren funtsa eta oinarria. Hazanaviciusek belarritik egin die tira: jaun adreok, itzul zaitezte oinarrira, hainbeste jende mugiarazten zuten filma haietara, magiaz beteriko pelikula haietara.

Zine mututik elkarrizketadunera bitarteko aldaketa azaldu nahi du hain zuzen elkarrizketarik gabeko lan honek. Eta aldaketa horrek zein ondorio ekarri zituen ordura arte izarrak ziren aristengan, izar zaharren tokia nola bete zuten izar berriek Hollywoodeko zeruan. Izarretaz ari garela, “The artist”en guztiak dira izan, guztiak ari dira fin, baina guztietan dizdiratsuena, txakurraren baimenarekin, Jean Dujardin bera. Komedia eta dramaren artean ederki daki dantzan, unean unean eskutik heldu eta eraman nahi gaituen txokora eramanez. Pelikula on batek funtziona dezan hain beharrezkoa dena ere lortzen du:  sinisgarri zaigu oso, eta ez zaigu batere nekeza egiten haren buruan sartzea.

Azkenadlian pelikula gutxik lortutako zerbait lortu du honek: ezustekoa eman dit, eta hori, zinemako sarrera zein garesti dagoen ikusita, ez da gutxi. Baina batez ere, etxeko lanak jarri dizkit: zine klasiko gehiago ikusi behar dut. Bai, badakit nostalgiko bezain ñoño geratu zaidala gaurkoa, eta hori izango da hain zuzen filma honek izango duen etsairik handiena, jendearen pereza, gainerakoan ez bait du inolako oztoporik izango.