Cameronen kafea eta Punseten ogia

Francesca Ariani izeneko gaztea, kafe xixtrin batek egin du ezagun. Ez zuen askorik esperoko egunero modura lanera joan zen hartan. Ez zuen Toscanako neskak berehala pentsatuko Erresuma Batuko lehen ministroa bere kafetegira joango zenik. Ez zuen behintzat harekin lotu kafetxoa eskatu zion gizon apalaren aurpegia. Eurak berak har zezala kafea esan ez zion ba! Londongo istiluekin izango du seguraski Cameronek gertakari harena baina kezka larriagorik. Uda erdiko albiste lehortean berrien gose diren komunibaideek ordea, tarte zabala eskeini diote.

cameron1

Maiz gertatu zait, bi lagunekin elkartu, eta batek besteari esatea: ezagutzen al duzu hau? Harek ezetz. Behin besteak eguraldikoa naizela argituta, barkamena eskatzea: ez dut telebistarik ikusten, eguraldiari ez diot kasu egiten, orain bai, barkatu, baina hasiera batez ez zaitut harekin lotu, barkatu… Barkatu? Barkatu baino zoriontzekoa ez ote den telebistatik at bizitzea! Ditxosozko tramankuluak egoak puztu ez ezik, izarrak sortzen ditu, izar iheskorrak. Eta izarren dizdirak jende asko liluratzen du, itsutu arteraino.

“Redes” saioarekin ezagun egin den Eduard Punset ikusi ahal dugu egunotan Bimbo ogiaren iragarkian. Arrotza egin zait, niri bederen, baina irakurri berri diot aurten iragarki bi egin dituela, horien truke jasotako dirua bere izena duen fundazioari eskeintzeko asmotan. Ulergarriagoa bazait orain, bai, baina ez guztiz.

punset1

Urte pare bat bada, telebistako jefeetako bat etorri zitzaidala esanez esneki marka batek bazuela interesa kolesterolaren kontrako produktua iragartzeko kanpaina bat egiteko, eta aurpegi ezagunen bila hasita, kankailu honetaz akordatu zirela, eta ea ba ote nuen nik kolesterolik. Aurrejuztuak nolakoak diren, halako handikote bat ikusita, kolesterola izango ez du ba! Ba ez.. ez nuela. Ea gezurtxo hori esateko arazorik izango ote nukeen, harek, eta prest egonez gero, pentsatzeko zenbat diru eskatu nahi nuen trukean. Deituko zidala enpresa horretako arduradunen batek. Orduantxe hasi ziren buruhausteak. Egin edo ez egin. Nire burua saldu edo ez saldu. Gezurretan aritu edo tranparik ez egin. Lankidearen amak hartzen zuela eta funtzionatzen ziola. Lasaitu ninduen horrek. Gezurra ez da hainbestekoa izango beraz…  Poltsikua bete, edo patrika hutsarekin jarraitu. Alperrikakoa izan zen, ordea, burujana. Ez zen deirik izan azkenean. Lankide bat ikusi nuen gero kolesterol arazoak nola konpondu azaltzen.

Utikan birusarekin inmunizatuta gaudenaren susmoa dut. Alegia, tipo-jator-xinpatiko-guay honek egiten badu, zuk zergatik ez? Nire zalantzak ditut molde horretako ekimenen eraginkortasunaren gainean. Zalantzan aurrean, argi dut, ordea, bada ez bada ere, euskeraren aldeko bide horretan adibidez bidelagun izango nauela edonork. Salerosketan sartuta, ordea, ba al da ongi hori janda Punset bera bezain jakitun bihurtuko dela uste duenik? Esnekia hartuta Coronadoren arrakasta bera izango duela sinistuta dagoenik? Susmoa dut Cameronek iragarki horietako bat egingo balu, zerbitzariak ezagutu, eta kafea debalde eskeiniko liokeela, telebistaren eragina ez bait da makala. Baina argi dago, joan etorrikoa dela kutxatxo honek berezkoa duen gezurra, eta iragarki garestienak ere ezin izakutatuko duela berez kaxkarra dena. Hobe beraz, inork zerbitzatutakoa baino, norberak hartzea kafea. Bejondeiola beraz Francescari!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude