Monthly Archives: May 2012

Bankiaren babarrunak

Bankiaren gaineko albisteek, aurreko batean, Bizirik saioaren grabazio batean (aurki ETB-1en!) gertatutakoa gogorarazi didate.

babarrunak

Tolosako babarrunen gainean ari ginen Bidaniko baserri baten atarian. 50-60 urte arteko lau lagun, 35eko ni, eta 92 urteko amona. Aurkezlea baldar xamarra izaki, esku artean zituen babarrun aleetako batzuk lurrera erori, eta konturatzerako, hantxe makurtu ez zaigu ba amona ale horiek biltzera? Lau ale berreskuratzea lortu zuela, eta lau urteko kalbarioa saihestu zuela. Huraxe bota zigun, beharrik ez zegoela esan genionean. Felixak baino sasoi hobea genuen guk, bai, baina ardura, harek gehiago, bistan da.

Arrazoirik ez du faltako garai bateko esaerak. Orduan hala pentsatuko zuten, babarrun ale horiek galtzea, gehiegizko luxua zela, eta guztiak heltzera bidean jarri behar zirela, bai ala bai. Gaur egun, ordea, babarrunak behar bezela zaindu ez dituzten horiek, ez dute ezer askorik egin gu inpernuko sutik libratzeko, baina besteoi bai, besteoi kalbario ederra jarri digute ! Besteon jatekoarekin jokatu, eta gainera, estropizioa ikusita, besteak makurtzeko zain geratu…

Bejondeizula, Felixa !