Daily Archives: 16 January, 2012

Jon Obesok irabazi du Lengua de Trapo saria

Kaiolaren barruan ez dago txoria bakarrik, zeruko gauza horiek guztiak ere hor bizi dira: eguna eta bere abereak, baita gaua ere eta bere abereak.

Txoria lo dagoenean, kaiola ilundu eta planetaz betetzen da. Esnatzen denean, eguzki argiaren berria pizten da kaiolan.

Haurrek ikasi egin dute hori, eremuko ibaien ubideak iturburuetaraino jarraitzeagatik, han goraino, mendian, haiena den planetaren tontorrik altuenean.

Orain, gailurrean, zerutik gertu jarriak, haurrak zalantzan daude, eta­ –hartaz ezer gutxi dakiela bestea konturatu ez dadin, bata besteari inozo galdetzera ausartu gabe– sekretuan galdetzen diote euren buruari: egia bada, eta halaxe dirudi, mundua ere kaiola dela, orduan zer txori klase gara gu?

Jon Obesoren “Euliak eta planetak” ipuinetik zatitxo bat. Ipuina osorik irakurri genuen Lizardiren Baratzan, urtarrilaren 15eko saioan.

Jon Obeso idazle donostiarrak irabazi du Lengua de Trapo saria, Alimento para moscas (Euli-bazka) eleberriarekin. Gaztelaniazko literaturako prestigio handiko saria da Lengua de Trapo argitaletxearena, eta aurten 699 lan zeuden lehian. Nafarroan girotutako istorioa idatzi du Obesok eta euli mota bat aztertzen ari den entomologo bat du protagonista.