Author Archives: Inigo Lejarza

Martxoa sartu da atzo

Martxoa sartu da atzo,
errekaldetik, eta oihartzuna
pozarren dago,
ahotsa goxoro egurasturik.
Zalantza berritan nago martxoan,
atzotik huntza lepoan kiribildurik,
joan, ez-joan, martxotik ihesi
beste zuritasun ederrago batera.
Karnabak, soinuak, txilarra,
dena orain ahaztu, eta betiko,
eta betiko joan ihesi, horrela,
hitz erdi bat esan gabe izan nintzen
guztiari, edo zuri, ezkutuko musu?
Hitzak paparretik eusten dit,
esaten dit hitzak ozen larri,
denboraz zauritua, ea nora eta zergatik,
martxotik dena utzita, eta etorriko den
elorria eta euria eta argiaren urdintasuna.
Eta nik zer erantzun behar diot hitzari,
paparretik mututzen banau goxo-goxo,
eta zapaltzen dudan lurra zerua bada
zure hortzetan eta besarkatzen garen
irla edo espaloia edo ezlekua;
nora eta zergatik hau guztia gurea bada,
eta martxoa atzo sartu bada goi-goitik,
guretzat, maite, urte osorako ia,
geldi gaitezen ihesean lurmendurik,
zure ezpaina nirean oraindik haragi
eta betiraunde eta gorputz eta aberri.

Karlos Linazasoro

 

Karlos Linazasorok irabazi du Xabier Lete Poesia Sariaren lehen edizioa, Ezer gehiago behar gabe lanarekin. Oraindik argitaratu gabe dagoen liburu saritu horretatik, honako poema hau bidali zigun poeta tolosarrak, Lizardiren Baratza irratsaioko entzuleentzat opari.

Jon Obesok irabazi du Lengua de Trapo saria

Kaiolaren barruan ez dago txoria bakarrik, zeruko gauza horiek guztiak ere hor bizi dira: eguna eta bere abereak, baita gaua ere eta bere abereak.

Txoria lo dagoenean, kaiola ilundu eta planetaz betetzen da. Esnatzen denean, eguzki argiaren berria pizten da kaiolan.

Haurrek ikasi egin dute hori, eremuko ibaien ubideak iturburuetaraino jarraitzeagatik, han goraino, mendian, haiena den planetaren tontorrik altuenean.

Orain, gailurrean, zerutik gertu jarriak, haurrak zalantzan daude, eta­ –hartaz ezer gutxi dakiela bestea konturatu ez dadin, bata besteari inozo galdetzera ausartu gabe– sekretuan galdetzen diote euren buruari: egia bada, eta halaxe dirudi, mundua ere kaiola dela, orduan zer txori klase gara gu?

Jon Obesoren “Euliak eta planetak” ipuinetik zatitxo bat. Ipuina osorik irakurri genuen Lizardiren Baratzan, urtarrilaren 15eko saioan.

Jon Obeso idazle donostiarrak irabazi du Lengua de Trapo saria, Alimento para moscas (Euli-bazka) eleberriarekin. Gaztelaniazko literaturako prestigio handiko saria da Lengua de Trapo argitaletxearena, eta aurten 699 lan zeuden lehian. Nafarroan girotutako istorioa idatzi du Obesok eta euli mota bat aztertzen ari den entomologo bat du protagonista.

 

Prostituta baten gabon-postala

Prostituta baten gabon-postala, Minneapolisetik

E, Txarli, haurdun nago,
eta 9. kalean bizi naiz,
liburu-denda ziztrin baten gainean
Euclid etorbidearen izkinan,
eta drogak utzi nituen,
eta whiskya ere bai,
eta senarrak tronboia jotzen du
eta autopistan egiten du lana.

Eta maite nauela esaten dit,
eta jakin badakien arren ez duela berea,
umea berea izango balitz bezala
zainduko duela agindu dit.
Eta bere amak janzten zuen
eraztuna oparitu zidan,
eta dantzalekura gonbidatzen nau
larunbat gauero.

Eta e, Txarli, zurekin akordatzen naiz
zerbitzugune batetik pasatzen naizen bakoitzean,
zure piuragatik,
olio zopa galanta zeneraman ilean.
Eta oraindik gordetzen dut disko hura
Little Anthony eta the Imperials,
baina disko-jogailua lapurtu zidaten,
bitxia kontua, ezta?

E, Txarli, ia burua galdu nuen
Mario giltzapetu zutenean,
horregatik aldegin nuen Omahara,
nire jendearekin egon nahi nuen,
baina lagun guztiak
edo hilda nituen edo kartzelan,
eta Minneapolisera itzuli nintzen,
baina oraingo honetan hemen geratzeko,
hala pentsatu nahi nuke.

E, Txarli, zoriontsua naizela uste dut,
lehenbizikoz istripua izan nuenetik,
eta drogatan botatzen genuen diru guztia
orain nirekin izango banu,
bigarren eskuko autoen negozioan hasiko nintzateke,
baina ez nuke bakar bat ere salduko.
Auto bat diferentea erabiliko nuke
egunero, nire animoaren arabera,
zoragarri litzateke.

E, Txarli, jainkoarren,
egia jakin nahi?
Ez dut senarrik,
ez du tronboia jotzen,
eta dirua eskatu behar izan dut
abokatua ordaintzeko.
E, Txarli, e,
baldintzapeko askatasuna onartu behar didate,
etorri San Valentin egunean.

 

Tom Waits (Blue Valentine diskotik)

 

Amodio (sei eta zortzi)

sei

Amodio:
bihotzetik heltzen digun gaitza.
Denbora okagarri. Ibai gorri-gorria.
Itzulbiderik ez duen kale ixkina.
Emazte bat. Eztularentzako jarabe.
Harrera egitearen ohitura.
Psikiatren lasterketa. Hizkuntzaren forma
anormala. Amarru tentela egunen akaberan.
Zorion modu bat itxuratzeko txorakeri pila bat alegia.

zortzi

Amodioa,
zorionez, maitale batek libratu ninduen harengandik.