Daily Archives: 6 January, 2012

gorputz 2

Besteetan bezala eskatu nion kafea,

egunkariari begia ematen nion bitartean.

“Deskafeinatua esne gutxirekin, mesedez”.

Berehala ekarri zidan, eta aurrean utzi,

diosalik gabe, bromarik gabe,

oso hotz, bere ohituraren aurka.

Kafeari dasta egin nion,

egunkariko berriei bezala,

gehiegizko pasiorik gabe.

Kafea beltza zen eta garratza oso.

Begiak kendu nituen egunkaritik,

oso notizia txarrak zekartzan,

eta  emakumeari eman nion so.

Haren begiak, hain ezti eta bareak,

antiojo beltzek hartuak zituzten,

desagertuak ziren zeharo desertu,

urrutikoan, barbaroen lurralde.

Ezpainak hanpatuak zituen,

eta sekula baino gorriagoak,

makillajearen eta karminaren kariaz.

Ahapeka hitz egiten zuen arren,

“Ez duzu kafea gustuko?”,

hortz bat mailatua sumatu nion,

koska bat harresi zurian.

Harritu nintzen

eta kafea baztertu nuen;

egunkariko berriak bezala,

hotza zegoen ordurako.

Lepoan zetazko zapi koloretsua zeraman,

gorputz gainean soineko itxia, erabat gorria,

bularren iturria estaltzen ziona.

Pentsatu nuen gorputza era horretan

ezkutatzen duenak

minen bat duela azaltzeko.

“Gaur ez zara zu”, esan nion.

Ez zidan erantzun.

Kikara hartu eta harraskara bota zuen.

Puskatu egin zen, harrabots handiz.

Taberna beteta zegoen

baina inork ez zion erreparatu.

Eskuak lehortu zituen.

Kalera joaten ikusi nuen.

Haren pauso bakoitza oihu bat zen.