Maitasunagatik
erretzeari utzi nion,
pastillak kendu zizkidaten,
edateaz ahantzi nintzen,
liburuak oparitu nituen,
diskoak enkantean saldu.
Barazkia besterik ez nuen jaten.
Maite nuenak esan baitzidan
gainerakoa soberan zegoela:
maitatzea zela garrantzitsuena.
Don´t care, be happy.
Eta horregatik, hain zuzen,
gimnasia egitera behartu ninduen,
txandal bat erosi nuen,
eskuko telefonoarekin batera,
Interneti lotua bera.
Goiz oheratzen nintzen,
etorriko ote zen niregana,
eta gauak igarotzen ziren
haren gorputzaren usainik gabe.
Halako batean esan zidan
maitasunak ez zuela asetzen,
soberan zegoela bera ere,
eta desagertu zen.
Maitasunagatik,
berriro edaten
eta erretzen hasi nintzen,
aspaldiko liburuak irakurtzen,
joan den mendeko musika entzuten.
Dantzan igarotzen zitzaizkidan orduak
goiz-alba bitartean,
diskoteka ilunetan.
Maite nuenak esan baitzidan
oraina besterik ez zegoela,
carpe diem,
ez pentsatzeko geroaz.
Maitasuna bizitzeko modua zela.
Baina etxera joandakoan,
maite nuenaren gorputzak
atseden hartzen zuen,
eta nik lo.
Hura ere joan zen,
ahantziaren haizeak eramanda.
Agur moduan esan zidan
orainean bizitzea nekagarria zela,
the future is unwritten.
Nik, dena dela, geroari
iruzur traza hartzen diot.