Monthly Archives: April 2012

ume

Gauero etzaten zen

emakumearen gorputzaren azpian

barnean zeraman umearen

bihotza entzutera.

Egunaren

unerik zoragarriena zen,

garaipenaren ziurtapena,

inozentziaren gloria,

sorterrinainoko itzulia:

haurtzaro hasi aurretiko

denbora hutsa,

intxaurrondoa eta intxaurrak,

lurrean,

ibaia urrutira,

bera sekula iritsiko zen

baino haratago.

Merezi izan du,

bera ari baita punpaka,

haragizko sabaiaren azpian,

haren odola baitabil,

bihotzaren mugak jo nahian,

beraren sortzea ere iragarriz.

begiradak

1. Begirada batek mundua larrutu lezake.

Bi begiradek eraiki lezakete.

 

2. Euria beloa da begiradentzat:

beloa eta zauria kalearen erdian.

 

3. Begirada bat, erresuma osoa;

bi begirada; mundu intimoa;

milaka begirada….

infinitua belauniko

jarria.

 

4. Denboraren begirada,

negu beltzeko lainoa.

 

5. Beste begirada batean

hiltzen den begirada:

irabazia den gaztelua.

 

6. Badira benetan hausten diren

begiradak:

aurrean ez dute inor.

 

7. Badoan begirada,

hurrengo udabarrira arte.

 

8. Maitalearen begirada,

gorpuztu nahi duen likidoa.

 

9. Begirada bat ulertzen ez duenak

ez du azalpenik merezi.

 

10. Zoriontsuak elkarri

begiratzen diotenak,

begiaren arrosa

eman nahian.

.

 

hiri hau

Euriak hiria hazi egiten du

herdoildutako laranja bat balitz bezala.

Hiria handiagoa da eta hutsa dirudi.

Boulevard aldean gurasoek ihes egiten dute;

semeak marinel jantzita daude,

alabak, printzesa tankeran.

Txoriak, zuhaizpetan dabiltza,

eta dendariek ateak itxi dituzte, bortizki.

Berandu da,

banoa kalean zehar berokiaren lepoa altxatuta,

gazte erreboltaria banintz bezala,

taberna batera bidean, berdin zein.

Emakume batzuk ikusi ditut pasaeran;

euritakoak daramatzate

eta hitz bustiak esaten dizkiote elkarri.

Ibai aldetik gandua dator,

denak hartu nahi gaituen beso grisa.

Izan ez ditudan amodio guztiak

ikusten ditut,

etxe zaharreko giltzak balira bezala,

noiz irekiko bihotzaren atea.

Autobusa geratu da ondoan;

ez dagoen tranbiaren geltokia da:

hiriaren aztarna,

azalean grabatua burdinaz.

Haur bat dago zain;

begiak itxita dauzka.