Helena

Helena Troiari so zegoelarik,

gerrak, gorrotoak eta heriotzak

larrututako hiria,

bere sabela dardaraz zen,

harrituta,

sekula jaioko ez ziren

gizaseme haiek buruan.

Penelope zain dago.

beti zain dago,

itsasoak noiz botako gizon bat,

ez besteak bezalakoa,

ez hobea ez okerragoa,

bere sabelak bakartzat

onartzen duen hura baizik.

Sabelak asko sufritzekoak dira,

heroienak ez badira ere.

Afari gaizto bat,

digestio txarra,

eztarrian trabatzen den

maitasun gaua.

Sabelak jakintsuak dira,

eta okertzen dira batzuetan

olibondoaren adarrak bezala.

Beti ibili dira

hondarrak biltzen

edertasuna eta egia sortzen,

beti uzta egiten.

Loti ederra

Baso izan nahi eta

sekula izango ez diren parkeetan,

hiriak bere izena eta fama

galtzen duen tokietan,

ikusiko ditugu

haragia altzairuzko ardatzez

zulatzen,

ahantziaren pozona

saltzen dutenen inguruan,

aspaldi eder izandakoak

etzanda zurezko bankoetan,

ipuinaren loari azkenik emanak.

Zirrara

Txori arinak, hegoaldea galdu dutenak:

beren hegaldien iparra.

Txori galduak, arnasarik eta arrastorik gabeak.

Txoriak,  ni bezain hutsak;

gure aitari Heriok keinu egin zion arratsaldean bezala.

Miseria eta kirats usaina dario itzalari.

Ez du sentitzen nire arimaren arima;

min egiten du, hala ere, larruko

minbiziak bezala.

Begirada ere pisua. Oroimenak iluntzen

eta nostalgiak beren behorren soka askatzen

eta penaren suak argitzen bekokian.

Lana erraza zuen oso,

hiru ordu laurdenero soka ematen zion

erlojuari, gauaren gauean.

Aita esnatzen zen, eguzkia nire leihoan zelarik.

Berriro txoriak, beren zerua galdu dutenak.

Azken hasperenaren unea berriro.

Begirada leun, maitagarri, ulerkorra,

eta argia amatatzen nire hatzen artean.

 

Jose Mármol.

Udazken kanta

Audenek galdetzen zuen, ironiaz noski,

zein den maitasunaren egia.

Erantzunekin ari zen jolasten,

maitasuna jokoa baita.

Behin hasiz gero

saiatu behar amaiera ematen.

Ez da sekula irabazten;

ezta erabat galtzen ere,

ez da asko ikasten,

ezta ahanzten ere.

Batzuetan komeni da gelditu

eta berriro jokoa hastea

maitasunagatik

Maitasunagatik

erretzeari utzi nion,

pastillak kendu zizkidaten,

edateaz ahantzi nintzen,

liburuak oparitu nituen,

diskoak enkantean saldu.

Barazkia besterik ez nuen jaten.

Maite nuenak esan baitzidan

gainerakoa soberan zegoela:

maitatzea zela garrantzitsuena.

Don´t care, be happy.

Eta horregatik, hain zuzen,

gimnasia egitera behartu ninduen,

txandal bat erosi nuen,

eskuko telefonoarekin batera,

Interneti lotua bera.

Goiz oheratzen nintzen,

etorriko ote zen niregana,

eta gauak igarotzen ziren

haren gorputzaren usainik gabe.

Halako batean esan zidan

maitasunak ez zuela asetzen,

soberan zegoela bera ere,

eta desagertu zen.

 

Maitasunagatik,

berriro edaten

eta erretzen hasi nintzen,

aspaldiko liburuak irakurtzen,

joan den mendeko musika entzuten.

Dantzan igarotzen zitzaizkidan orduak

goiz-alba bitartean,

diskoteka ilunetan.

Maite nuenak esan baitzidan

oraina besterik ez zegoela,

carpe diem,

ez pentsatzeko geroaz.

Maitasuna bizitzeko modua zela.

Baina etxera joandakoan,

maite nuenaren gorputzak

atseden hartzen zuen,

eta nik lo.

Hura ere joan zen,

ahantziaren haizeak eramanda.

Agur moduan esan zidan

orainean bizitzea nekagarria zela,

the future is unwritten.

 

Nik, dena dela, geroari

iruzur traza hartzen diot.

 

ume

Gauero etzaten zen

emakumearen gorputzaren azpian

barnean zeraman umearen

bihotza entzutera.

Egunaren

unerik zoragarriena zen,

garaipenaren ziurtapena,

inozentziaren gloria,

sorterrinainoko itzulia:

haurtzaro hasi aurretiko

denbora hutsa,

intxaurrondoa eta intxaurrak,

lurrean,

ibaia urrutira,

bera sekula iritsiko zen

baino haratago.

Merezi izan du,

bera ari baita punpaka,

haragizko sabaiaren azpian,

haren odola baitabil,

bihotzaren mugak jo nahian,

beraren sortzea ere iragarriz.

begiradak

1. Begirada batek mundua larrutu lezake.

Bi begiradek eraiki lezakete.

 

2. Euria beloa da begiradentzat:

beloa eta zauria kalearen erdian.

 

3. Begirada bat, erresuma osoa;

bi begirada; mundu intimoa;

milaka begirada….

infinitua belauniko

jarria.

 

4. Denboraren begirada,

negu beltzeko lainoa.

 

5. Beste begirada batean

hiltzen den begirada:

irabazia den gaztelua.

 

6. Badira benetan hausten diren

begiradak:

aurrean ez dute inor.

 

7. Badoan begirada,

hurrengo udabarrira arte.

 

8. Maitalearen begirada,

gorpuztu nahi duen likidoa.

 

9. Begirada bat ulertzen ez duenak

ez du azalpenik merezi.

 

10. Zoriontsuak elkarri

begiratzen diotenak,

begiaren arrosa

eman nahian.

.

 

hiri hau

Euriak hiria hazi egiten du

herdoildutako laranja bat balitz bezala.

Hiria handiagoa da eta hutsa dirudi.

Boulevard aldean gurasoek ihes egiten dute;

semeak marinel jantzita daude,

alabak, printzesa tankeran.

Txoriak, zuhaizpetan dabiltza,

eta dendariek ateak itxi dituzte, bortizki.

Berandu da,

banoa kalean zehar berokiaren lepoa altxatuta,

gazte erreboltaria banintz bezala,

taberna batera bidean, berdin zein.

Emakume batzuk ikusi ditut pasaeran;

euritakoak daramatzate

eta hitz bustiak esaten dizkiote elkarri.

Ibai aldetik gandua dator,

denak hartu nahi gaituen beso grisa.

Izan ez ditudan amodio guztiak

ikusten ditut,

etxe zaharreko giltzak balira bezala,

noiz irekiko bihotzaren atea.

Autobusa geratu da ondoan;

ez dagoen tranbiaren geltokia da:

hiriaren aztarna,

azalean grabatua burdinaz.

Haur bat dago zain;

begiak itxita dauzka.

 

lezake

Gorputzak zer dezakeen nehork ez du oraindaino zehaztu.

Spinoza.

I

Dena lezake gorputzak eta, era berean, ezer ez.

Kanta lezake goizean eta, ez horregatik, txantxangorri izan.

Oihu egin lezake eguerdian eta, ez horregatik, txirula izan.

Barre egin lezake arratsean eta, ez horregatik, haize izan.

Negar egin lezake gauean eta, ez horregatik, euri izan.

Ur bihur daiteke oinazez eta, ez horregatik, elur izan.

Desegin daiteke plazerez eta, ez horregatik, hari-albainua izan.

Gora daiteke oinekin bat eginda, baina ez lezake zerua jo,

bere izaera galtzeke, gorpu huts bihurtzeke.

II

Gorputzak egia esaten du beti.

Baina ez daki beti egia esaten duenik.

III

Haragiaren erresuma bizi da gugan.

Bizitzeke eta janzteke uzten gaitu.

Haragi soil, jantzirik gaude;

biluzik haragi gabe gara, gorputz gorri eta sakona bizian.

Minik ezean heriotza bizi da, isil, geldi eta odolusturik.

Gorputzik gabe deus ez da haragia.