Monthly Archives: February 2012

bakar

Gaueko ordubata zen.

Bakarrik nenbilen kalean.

Nire pausoek lurrean

bateria kolpeak ziruditen,

Coltraneren doinu bat gogoan.

Zineman lehenago

ikusle bakarra izan nintzen,

baina pelikulak ere

aktoresa bakarra zuen:

monologo afektatua.

Tren bat igaro zen ondotik,

eta emakume bat ikusi nuen,

bakarrik bagoi batean.

Begiratu ninduen eta begiratu nuen,

segundo bakar batez.

Elkar ezagutu dugu

lehen aldia bazen ere,

batak bestea begiz jotzen genuela.

Berehala galdu zen trena,

geltokira bidean,

eta berarekin emakumea.

Nire pausoak azkartu ziren,

zergatik jakin gabe, ordea.

Bakardadea da

Kainen zigilua bekokian.

 

poz

Bizitza pozgarria dela zioen Spinozak.

Baina haren aurpegia ximela ageri da grabatuetan.

Seguru asko, barnean zeraman alaitasuna,

nola altzairuak bera sortzeko sua.

Ni, batzuetan, alai egoten naiz;

eta beste batzuetan, jakina, triste.

Tristura ez da alaitasun modu bat,

aktoreek nahiko luketen bezala.

Haien aurpegiak ere ximelak ageri dira,

antzerkia iragartzen duen txartelean.

Badakite bizitza eskenatokia dela,

eta gure aurpegia argazki bat.

Errealitatea kontuan hartzeko

esan dit psikoanalistak,

ez ahanzteko bertatik ihes egitea

okerragoa dela ez egitea baino.

Eskua eman dit, agur gisa,

eta ximela aurkitu dut: gaztan ikara.

Billete ximurtuarekin ordaindu diot,

eta kalera atera naiz, desiraz husturik.

Taberna batera egin dut sarrera,

edatea debekatuta dudan arren.

Edadeko emakume bat txanponak

ematen zizkion jateko

makina zaratatsu bati.

Bukatutakoan so egin dit.

Hainbeste pintura zeraman aurpegian,

Gioconda baitzirudien.

Bizitzeko poza ote zuen galdetu diot,

martini bi eskatzen nituen bitartean.

Kamareroak barre egin du

galdera entzundakoan,

eta olibak oparitu dizkigu.

Gero, elurra hasi du,

eta emakumeak esan dit

beldurra diola bakardadeari.

Nigana hurbildu eta besotik heldu dit.

Kalean ez zebilen inor.

Esku hotzak zituen,

baina ez zitzaidan axola.

Nire bihotza ez zen beroagoa.

Horrela igaro da denbora.

Halako batean askatu eta joan egin da.

Begiratu dit desagertu aurretik,

poz hezea zeraman begietan,

zuritasun luzea, udako eguzkia.

Ni ez naiz ausartu kalera ateratzera.

Kamareroak, edukazio handiz,

taxia eskatu du niretzat.