Dieter Kosslick alemanarra zuzendari izango duen azken edizioa Berlinalen, besteak beste, gizon eta emakumeen parekotasunaren aldeko edizioa bezala gogoratuko da. Gaur hasi eta datorren asteko iganderarte egingo den zinemaldiak 17 film izango ditu lehian Sail Ofizilean. Horietatik 7 emakumeek zuzenduta. Tartean Isabel Coixet. Zuzendari katalanaren partehartzeak gainera Netflix plataformak ordaindutako film baten lehian lehen partehartzea ahalbideratu du. 69. edizio honek Charlotte Rampling aktore britaniarri emango dio bere Ohorezko Urrezko Hartza, Agnès Varda zuzendari frantziarra omenduko du eta Juliette Binoche aktore frantziarra buru izango duen Sail Ofizialeko Epaimahaia. Euskal partehartzea Film Laburren Sail Ofizialean, Culinary Cinema sailean eta merkatuan izango dugu.
Euskal bi film lehian izango dira Berlinaleko sail bitan. Batetik, “Leyenda Dorada“ Chema García Ibarra valentziarrak Ion de Sosa lasartearrarekin batera egindako film Laburren Sail Ofizialean arituko da. Udan igerileku baten mikrokosmosa erretratzen duen filma de Sosak Leire Apellaniz galdakoarrarekin batera ekoiztu du. Culinary sailean berriz Kinoskopik ekoizetxea gazteiztarrak egindako “Y en cada lenteja un dios” dokumentala arituko da lehian. Miguel Ángel Jimenez Kiko Moya sukaldariak kudeatzen duen “L’Escaleta” Alacanteko jatetxean sartu da eta bizitza eta lanaren arteko oreka du aztergai. Hortaz gain, ostegunetik datorren asteko ostiralarte egiten den merkatuan bost filmek izango dituzte emanaldiak erosle eta programatzaileen aurrean: jada estrenatu diren Fernando Bernuések zuzendutako “El hijo del acordeonista“, Joaquín Calderónen “Basque Selfie“ eta Víctor Cabacoren “Vitoria 3 de marzo“ eta estrenatzear dauden “70 Binlandens“ Koldo Serrak zuzenduta eta “Elcano & Magellan” Ángel Alonso zuzendari duena. Laugarren urtez, Zineuskadik stand-a jarriko du eta bertan estrenatu diren edota ekoizpen une desberdinetan dauden 50 filmeen berri ematen duen katalogoa banatuko da.
Berlinalek aurretik Cannesek eta Donostiak sinatutako parekotasunaren aldeko, 50/50×2020 konpromezua sinatuko du. Baina hitzetatik ekintzetara jo duela jada frogatzeko esan bezala, Sail Ofizialean lehiatzen diren 17 filmeen 7 emakumeek egin dituzte, hau da %41a. Lehena gaur bertan ikusiko dugu. Lone Scherfig (“An Education”) daniarraren “The Kindness of Strangers” filmak zabalduko du zinemaldia eta lehia. New Yorken girotuta Tahar Rahim (“Un prophète”) du protagonista. Agnieszka Holland poloniarraren “Mr. Jones“ aipatu behar da, Bollywooden dirutzarekin filmatzen duen emakumezko bakarrenetakoa den Zoya Akhtar-ren “Gully Boy“ estrenaldia lehiaz kanpo eta 90 urte dituen Agnès Varda frantziarraren dokumental autobiografikoa “Varda par Agnès“. Eurekin batera François Ozon frantziarraren, Fatih Akin alemanarraren eta Zhang Yimou txinatarraren zain gaude.

Aipatzekoa 2015ean Berlinale zabaldu zuen Isabel Coixet katalana itzuli dela lehiaketera. Eta historia eginez gainera. Netflixek babestutako filma osatu du. “Beti nahi izan duen modura, zuribeltzean“, munduan izan zen lehen ezkontza homosexuala kontatzeko. XX. mende hasieran Galizian bi andereño trikimailu eginda elizan ezkondutakoen istorioa kontatzen du “Elisa y Marcela“ filmak. Zinemalditik pasa ondoren, oraingoan ez dago aurreikusita zine aretoetan ematen. Netflix plataforman ikusi beharko da, gauzak ez badira aldatzen.
Sail Ofizialeko filmak epaitzeko osatutako taldearen buru Juliette Binoche frantziarra izango dugu. Berarekin batera Sebastián Lelio zuzendari txiletarra, Justin Chang kritiko estatubatuarra, Sandra Hüller aktore alemaniarrra, Rajendra Roy New Yorkeko MOMAko komisarioa eta Trudie Styler aktore eta ekoizle britaniarra. Emakumearen aldeko apostua, aurtengo Urrezko Ohorezko Hartza Charlotte Rampling aktore britaniarrak jasoko duela. Hemen Zilarrezko Hartza hartu zuen “45 years” filmagatik. Bere film gehienak emango dira, tartean, “Portero de Noche“ eta bere zuzendaria, Liliana Cavani izango da Berlinen ere.
Zine politiko eta sozialki konprometitua nagusi izango duen edizio hau Dieter Kosslick alemanarraren azkena izango da. 18 urtez Berlinaleko zuzendari artistikoa izan da kritikoa eta ikerlari hau. 70 urte beteta, bikote bati utziko die lekua. Orain arte Locarnoko zuzendaria izan den Carlo Chatrian italosuitzarrak eta Mariette Rissenbeek, zuzendari holandarrak hartuko dute.
Please comment with your real name using good manners.