Juan Antonio Bayona eta Kiko Maíllorekin lan egin eta “Cenizo” eta “Hibernation” laburrekin arrakasta lortu ondoren, Jon Mikel Caballerok (Iruñea, 1985) jauzia eman du. Bere lehen film luzea, “El Increíble Finde Menguante” egin eta berau Malagako Zinemaldiko Zonezine sailean estrenatuko du. 1957ko “El Increíble Hombre Menguante” filmeari keinua eginez, Caballerok ere murrizten du, ez gizon bat baizik eta denbora. Albaren denbora. Hogeitahamar urte bete berri ditu neskak eta lagunekin basa-etxe batean ospatu nahi du. Baina mutil lagunak utziko du eta Alba denbora korapilo batean sartuko da, asteburuan gertatutakoa behin eta berriz errepikatuko zaio. Errepikapen bakoitzak ordubete gutxiago irauten du. Zer gertatuko da denbora guztiz agortzen denean? Malagakoa jakin baino lehen hitzegin zuen “Pantaila Handia”k Caballerorekin.

Zure film laburrek zientzia fikzioa generoan kokatu daitezke, baina kritika soziala ere aurkitu daiteke “Cenizo”n. Nola sailkatuko zenuke luzea?
“Nire ustez zientzia fikzio onena da metafora dena, beste gauza batzuetaz hitzegiteko metafora. Guri buruz hitzegiteko aukera ematen diguna. Eta hori muturreraino eraman dut hemen. Honetan kutsu sozial baino gehiago belaunaldi baten ispilua dago. Nire belaunaldiaren erretratua da. Zinean ikusi nahi dudan erretratua”
Orduan nola izendatuko dugu: ukitu fantastikoak dituen thriller emozionala?
“Generoen mugetara joatea gustatzen zait. Drama fantastiko modura definituko nuke. Komedia puntu bat dago eta thriller emozionala gainetik, baina nire ustez lehengo bi definizioak dira onenak”
Nola izan da lehen luzerako dirua lortzea? Zure laburrek lorturiko sariek lagundu dute?
“Nire elkarteak, Nafarroak, lagundu dit. Laburren ibilbidea aitortu dute eta horrek euren konfidantza eman dit. Baina hortaz gain, oso erronka handia izan da. Gure burua ekoiztu behar izan dugu. Horrek esan nahi du, ez bakarrik gure poltsikoetatik dirua ateratzea, baizik eta gureak eta bi egitea diru hori lortzeko. Hemen dena den Montreux Entertainment ko-ekoizleen lana eskertu nahi dut, proiektuan sinisteagatik eta babesteagatik. Pedro eta Beléneren babesari esker miraria posible izan da”
Nola izan da aktoreen hautaketa?
“Proiektuari freskotasuna eta naturaltasuna ekarriko zioten aktoreak nahi nituen. Hasieratik inprobisazio puntu batekin heldu nion, elkarrizketak guztiz lotu gabe, aktoreek eurek hitzak eta keinuak bereak egin ditzatela. Iria del Rio, Adam Quintero, Nadia de Santiago, Irene Ruiz, Jimmy Castro eta Adrián Expósito itzel daude. Tarteka, nekez desberdintzen genuen non zegoen pertsonaia eta non aktorea. Hortaz gain, protagonistaren aitarena egiten duen Luis Tosarren ahotsak bestelako dimentsioa ematen dio pertsonaiari eta guretzat luxua da“.
Azken aldian telebistan erruz ikusi ditugun Iria eta Nadia, zurekin estreinekoz lan egin dute. Zergatik hautatu dituzu? Zer eman diote filmeari?
“Pelikularen zama Iría del Rioren gainean dago. Lan itzela egin du. Nire ustez ezin hobeki egin du. Entsaioetan asko lan egin dugu, mapa emozionalak asko eginez, argi edukitzeko Alba, bere pertsonaia, ze unetan zegoen eszena bakoitzean. Gogo naiz bere lana ikus dezazuen. Nadiarekin lan egitea plazerra izan da. Argi berezia du pertsona bezala eta oso erraza da berarekin lan egitea. Gainera filmeak Nadiak orain arte egin ez duena egitea ahalbideratu dio. Oso pertsonai kutuna du“.
Lehen aldia emakumezko aktoreekin baina Adam Quinterorekin lan eginda zaude aurreko bi film laburretan. Gauza bera argazki kamara den Tânia da Fonsecarekin. Nola izan da euren lana?
“Biekin oso erraza da lan egitea. Hainbeste ulertzen dugu elkar, askotan hitzik gabe, begiekin bagenekien zer behar zuen batak bestetik. Tâniak meritu handia izan du. Kamara lan talde handia koordinatu behar izan du, bi kamarekin aldi berean lan egin baitugu, inprobisazioak hobeto hartzeko. Hortaz gain, kamara bat berak gidatzen zuen eta hori gutxi ez balitz, argiztatu egin du. Emakumezko argazki zuzendariak ez daudelaren mitoa atzera bota behar da”
Teaserren arma fabrika bat ikusten da, Orbaitzetako al da? Non filmatu duzue?
“Eugikoa da. Orbaitzetakoa izan ziteken. Lehen aukera zen, oso leku enblematikoa eta amaren herritik gertu. Baina oso egoera txarrean dago eta publikoari itxita. Diruaren zain dago berriztatzeko. Ondorioz, Eugikoa arma fabrika zaharrean filmatu dugu. Zinean ikusi ez den espazio naturala da. Filmatzen ari ginela behin eta berriz galdetzen nion neure buruari zergatik ez du inork erakutsi. Hortaz gain, Aezkoako bailarako beste lekuetan filmatu dugu, Madrilen eta Segovian. Paisaiari dagokionez oso film osoa da“.
Bere publizistaren arabera, filmean “Atrapado en el tiempo” edo “Olvidate de Mí” luzeen erreferentziak daude. Malagan aritu ondoren, zine pantailetara maiatzaren 10an iritsiko da “El Increíble Finde Menguante” Jon Mikel Caballeroren lehen film luzea.
Please comment with your real name using good manners.