Zinemaldiko eskaintza zabalean gida moduko bat prestatzen ohi dut. Cannes eta Berlineko zinemaldietan ikusi eta gustatu zaizkidan filmeen gomendioa izaten da. Tarteka fidagarri diren lagun kritikoek beste zinemaldietan ikusi eta goraipatu dituztenak sartzen ditut. Hemen bigarren atala:

MAY DECEMBER. Todd Haynesen lan berri honen lehen kredituetatik, entzuten den musikaren lehen doinuek filmaren tonua argi uzten dute. Camp estilokoa, 80 edo 90 hamarkadeetako telefilm baten itxura du azalean. Baina telenobela batek onartuko ez lukeen materiala darabil: Gracie Atherton-Yu (Julianne Moore) irakasleak Joe (Charles Melton) 13 urteko ikasle batekin sexu harremanak izateagatik gartzelara bidali zuten. Hartara, emakume ezkondua zen eta hiru seme-alaba zituen. Benetako kasuak Ameriketako Estatu Batuak aztoratu zituen. Are gehiago kartzelatik atera ostean, adingabea ikusteko debekuari muzin eginez, mutilarekin bildu zenean. Haurdun geratu eta beste 7 urteko espetxe-zigorra bete behar izan zuen emakumeak. Orain 20 urte geroago Hollywoodek euren istorioa pantailara eraman nahi du eta hautatutako aktoreak, Elizabeth Berryk (Natalie Portman) denbora pasa nahi du familiarekin, papera prestatzeko. Eta hor familia dinamika eroriko da, Espainian izango duen izenburutik abiatuta, azalaratuko ditu eskandalu baten sekretuak. Portman eta Mooren arteko antzezpen borroka itzela. Todd Haynes Donostiara itzuliko da filma publikoari aurkezteko. NETFLIXen ikusiko da abenduaren 1etik aurrera, SECRETOS DE UN ESCÁNDALO izenburupean.

ROSALIE. Duela zazpi urte, Canneseko Un Certain Régard sailean bere lehen luzea, LA DANSEUSE, aurkeztu ondoren, sail horretara bueltatu zen aurten bere bigarren luzearekin. Gai zailari heltzen dio baina ondo lagunduta. Frantzian XIX mendearen bukaera aldera bizi zen emakume bizardun baten kasua edo hobeto esanda ilelaztasuna zuen emakume baten kasuari heltzen dio. Rosalie (Nadia Tereszkiewicz) urteetan gorputza eta aurpegia estaltzen dioten ileak ezkutatu ditu. Bazterkeriarik ez jasateko. Berak ez du feria atrakzioa bihurtu nahi. Emakumeak bere garaian egiten zituen gauzak egin nahi ditu. Kafe baten jabea (Benoît Magimel) zorrak kitatzeko berarekin ezkonduko da bere sekretua jakin gabe. Baina Rosalie aspertuta dago ezkutatzeaz. Film klasikoa, musikak, eta aktoreen atzezpenak goratzen duten horietakoa. Batez ere, azken urteetan lan oparoak eman dituen Tereszkiewiczek. Sail Ofizialeko L’ILE ROUGE filmean ere dagoen aktorea. Di Gusto zuzendariak aurkeztuko du filma Donostian. Oraingoz ez dago aurreikusita estrenaldia Espanian.

LA PASSION DE DODIN BOUFFANT. Nadia bitan ikusiko badugu Donostiako zinemaldian, Benoît ere bitan ikusiko dugu, gutxienez pantailan. Gure zinefilian gordeta dugun EL OLOR DE LA PAPAYA VERDE filmeko zuzendariak, Tran Anh Hung vietnamdarrak hautatu du Marcel Rouffen nobelako pertsonai nagusia gorpuzteko. Dodin gastronomo finak Eugénie (Juliette Binoche) sukaldaria kontratu zuen duela 20 urte. Honen abileziari esker lagun gastronomoak txunditzen dituen afariak prestatzen dituzte. Sukaldaria izateaz gain, Eugénie bikotea ere bihurtu da urteen poderioz . Gustura dago status horretan. Baina Dodinek ‘euren udazkenean‘ ezkontz proposamena egingo dio. CULINARY sailean emango den film hau Frantzian aspaldi errotuta dagoen zuzendariaren lan iradokitzaile berri bat da. Lehen orduerdian edo, plater baten prestakizunetan ditugu protagonistak. Begiak pantailara itsatsita geratzen dira, dagoen koreografiako mugimendu bakar ere ez ez baituzu galdu nahi. Irudi bankete bat ematen digu, sukaldaritzaren bidez amodio pasioa irudikatuz. Tran Anh Hung zuzendariak eta ziurrenik Binoche berak aurkeztu diote filma publikoari. Hurbiltzea ez dutenek abenduaren bukaerarte itxoitea dute, orduan izango da Hego Euskal Herriko zine aretoetan estrenaldia A FUEGO LENTO izenburupean.

ROTER HIMMEL/AFIRE. Jada izena egina duen Christian Petzold alemaniarra Zinemaldiko Sail Ofizialeko epaimahai kide izango dugu edizio honetan. Eta hori aprobetxatuz azken Berlinalen Sail Ofizialean lehiatu eta saritu zuten azken filma aurkeztuko du. Sorkuntza krisian dauden bi gazte, Leon idazlea (Thomas Schubert) eta Félix argazkilaria (Langston Uibel) Itsaso Baltikoaren ondoko opor-etxe batera doaz, esku artean dituzten proiektuak bukatzeko. Bertan Nadja emakume misteriotsua (Petzolden aktore fetitxea Paula Beer) aurkituko dute. Berehala herriko Devid (Enno Trebs) batuko zaie. Kanpoan, uda bero eta lehorra, azken urteotako beste hainbat bezala. Baso-suteak kontrolaezinak dira. Astiro eta oharkabean, sugarrek hesitu eta harrapatuta geratuko dira, baina maitasunaren zalantzak eta hutsegiteari beldurra dira benetan izutuko dituenak. Pasaden asteazkenetik Ipar Euskal Herriko zine aretoetan ikusgai dago. FILMINek banatuko du Espainian EL SOL ROJO izenburuarekin. Oraindik kartelera iristeko datarik gabe.

Please comment with your real name using good manners.