Zinemaldiko eskaintza zabalean gida moduko bat prestatzen ohi dut. Cannes eta Berlineko zinemaldietan ikusi eta gustatu zaizkidan filmeen gomendioa izaten da. Tarteka fidagarri diren lagun kritikoen gustokoenak ere sartzen ditut. Gehientsuenak PERLAK sailetan aurkituko dituzue, bakan batzuk HORIZONTES sailean eta badira besteren bat beste sailetan. Lehen atala hemen:

ANATOMIE D’UNE CHUTE. Guztiz merezitako Canneseko Urrezko Palma. Aitortu behar dut Justine Trietek aurretik egin zuen ‘EL REFLEJO DE SIBYL’ ez zitzaidanez gehiegi gustatu, ez nuen a priori hau gogotsu ikusi behar nuen horietakoen zerrenda. Baina bi ordu terdiz bikote, familia baten disekzioa egiten duen film honek berehala harrapatu ninduen. Eta gainera film gutxi batzuk lortzen dutena lortu du. Ikusi eta aste batzutara argumentoaren zati bat berriro burura etorri eta zalantza sortu, interpretazio berria ekarri zidan. Londresen ezagutu eta semea eduki ondoren, idazle bikote batek, Sandra alemana (Sandra Hüller) eta Samuel frantsesa (Samuel Theis) azken honen Alpeetako herrira, bizitzera joan dira Daniel (Milo Machado-Graner) semearekin. Egun batean Samuel hilda aurkituko dute etxearen ondoan. Ikerketa hasiko da homizioa ala suizidioa den ebazteko. Sandra heriotzaren erruduntzat jo eta epaiketara eramango dute. Daniel lekuko nagusi bilakatuz. Filmaren erdia edo epaiketa batbada, adi-adi eserlekura trabatuta eusten dizun horietakoa. Aipatzekoa Milo Machado-Graner aktore gaztearen eta nola ez Sandra Hüllerren antzezpenak. Justine Triet zuzendariak berak aurkeztuko du filma Donostian. Filma arrakastatsu ireki du Frantzian, azken urteetako Urrezko Palmak duen estrenaldi onena. Zinemalditik pasa ondoren, Espainiako zineetara abenduaren 6an iritsiko da ANATOMIA DE UNA CAÍDA izenburuarekin.
THE ZONE OF INTEREST. Sandra Hüller Cannesen saritu zuten film bakar batean ez, bitan antzezten du. Jonathan Glazer britaniarraren film aztoragarrian ere paper garrantzitsua du. Canneseko zinemaldiko bigarren sari nagusia, Epaimahaiaren Sari Berezia eta kritikaren FIPRESCI sariak eskuratu zituen filmak Martin Amis idazlearen izenburu bereko nobela du iturburu. Auschwitzeko komandantea eta haren emaztearen bizitza imaginatzen du filmak. Rudolf Höss komandantea (Christian Friedel) eta Hedwing (Sandra Hüller) familiarentzako ametsezko bizitza bat eraikitzen ahalegintzen dira etxe lorategidun batean. Etxea sarraski esparrutik gertu bada ere. UNDER THE SKIN kultuko filmaren zuzendaria, Glazer bera judutar familia batean jaiotakoa da. Film berri hau kontatzen duen istorioagatik desatsegina egin zitzaien ikusle batzuei Cannesen. Ni aulkira itsatsita eduki ninduen, harrituta, txundituta, Holokaustoaren bestelako kontakizun honek. Jonathan Glazerri galdetzeko aukera ere izango da bera etorriko baita pelikularekin. PERLAK saila zabaldu ondoren, LA ZONA DE INTERÉS izenarekin espainiar zine aretoera San Sebastian bezperan iritsiko da.

KUOLLEET LEHDET/FALLEN LEAVES. Jacques Préverten ‘Les feuilles mortes‘ amodio eta desamodio kantari izenburua ‘lapurtu’ dio Aki Kaurismäkik ipuin eder hau kontatzeko. Bi bakarlarien istorio hau kontatzeko. Irratian Ukraniako gerra nagusi dela, Helsinkiko gauean supermerkatuan zuen lana galdu berri duen Ansak (Alma Pöysti) Holappa (Jussi Vatanen) eraikuntzako behargina ezagutuko du. Beren bizitzako lehen eta azken maitasuna −maitasun bakarra− aurkitu nahi dute. Zoritxarrez hainbat oztopo dituzte aurrean: gizonaren alkoholismoak, telefono-zenbaki galduek, besteak beste. Orduterdira iristen ez dela Kaurismäkkik bihotza harrapatzen digu. Canneseko zinemaldian, epaimahaiaren bihotza ere urratu zuen eta Epaimahaiaren Saria eskuratu. Donostiako publikoa hunkituko al du eta Publikoaren saria eskuratu? Ikusteke. Urtearen azken astean espaniar publikoaren barrua kolpatzen duen jakingo dugu, orduan estreinatuko baita zine areto komertzialetan.

KAIBUTSU/MONSTER. Ez dira inoiz aitzakirik falta Hirokazu Koreeda gomendatzeko. Donostiako publikoak asko maite du (bitan eman diogu Perlak saileko Publikoaren saria), familiaren inguruan istorio atseginak egiten ditu, sortzen dituen pertsonaiekin enpatia izaten dugu. Aurtengo film honetan gainera Ryūichi Sakamoto handiaren azkenetako soinu banda entzuteko aukera izango dugu, eta estrainekoz bere ibilbidean, gidoilari batekin lan egin du, Yuji Sakamotorekin belgikar CLOSE pelikula arrakastatsua gogoratzen duen filma onduz. Cannesen gidoi onenaren saria eskuratzeko balio zion. Minato (Soya Kurokawa) mutiko gaztea arraro jokatzen hasten denean, bere amak (Sakuro Ando) zerbait gaizki doala sentituko du. Jokabide arraro horren erantzule haurraren irakaslea jotzen du eta kontuak eske eskolara doa. Istorioak amaren, irakaslearen eta haurraren begien bitartez aurrera egiten duen heinean, egia apurka-apurka azaleratuko da… Filma Zinemaldiko azken ostiralean, irailaren 29an, helduko da zine areto komertzialetara. Egun horretan ere gomendatzen dizuedan hurrengo filma.
CERRAR LOS OJOS. Eta Koreeda gomendatzeko aitzakirik ez bada falta, zer esan Karrantzan jaio zen Victor Erice zuzendari beteranoaren laugarren luzea gomendatzeko. 30 urteetan egiten duen lehen luzea, 40 urteetan egiten duen lehen fizkio luzea. Zuzendari euskaldunaren beste lanak zinemaren historiaren parte dira, zine eskoletan irakasten dira. Bakarrik zuzendu zuen lehen luzea, EL ESPÍRITU DE LA COLMENA, oraindik orain zinearen onenen zerrendentan agertzen da. Duela 50 urte Donostian estreinatu eta Urrezko Maskorra eskuratu zion. Orduan Zinemaldiko egoitza zen Victoria Eugenian hartu zuen ikurra eta bertan jasoko du Donostia Saria. Ondoren, Ericek maite dituen gaiak (Espainiako gerrako galtzailea, aldenduta dagoen aita, eta zinearen potere errebelatzaile) erabiltzen eta azpimarratzen dituen filma hau emango da. Bertan José Coronadosek jokaten duen Espaniako aktore ospetsu, Julio Arenasen desagerketa aztertzen ari da telebista batek. Horretarako hura desagertu zenean filmatzen ari zen pelikularen zuzendaria Miguel Garay (Manolo Solo) kontaktatzen dute. Arenasen alaba, Anak (Ana Torrent) grabazioan parte hartzeari uko egin dio. Apenas ezagutu zuen aita. (Ana EL ESPÍRITU DE LA COLMENA filmeko haurra da, zine pantailari begiak itsatsita zituena). Istoria mantsoki doa. Filmak memoriaren gainean hitzegingo digu, metazinez beteta, eraman mesedez mukizapiak.
HURRENGO ATALEAN: Hurrengo gomendioak MAY DECEMBER, ROSALIE, LA PASSION DE DODIN BOUFFANT, ROTER HIMMEL (AFIRE) eta TÓTEM.
Please comment with your real name using good manners.