Bihar hasi eta datorren asteko larunbateraino Europako zinemaren hiriburua izango da Sevilla. Ohi bezala larunbatean jakitera emango dira Guadalquivir ibaiaren ertzeetan Europako Zine Akademiaren sarietara izendatuta dauden filmak. Horietako batzuk ikusiko dira Europako Zine jaialdi honetan. Ikusi gainera hainbat zinemaldietan zeresana eman duten filmak. Hortaz gain, hainbat espainiar estrenaldik girotuko dute Andaluziako hiriburuan jada hamalau urtez egiten den zinemaldia.
Duela bi urte Zuzendari Berriaren Goya saria jaso ondoren, “10.000 kms” filmagatik, gogoa nuen Carlos Marques-Marceten bigarren filma ikusteko. “Tierra Firme“ ingelesez Londresen filmatu du aurreko filmaren protagonista birekin, Natalia Tena eta David Verdaguerrekin. Eurei Oona Chaplin gehitu zaie orain. Londreseko BFI zinemaldian estrenatu ondoren, orain Sevillako zinemaldia zabalduko du. Sevillan estrenatuko du gainera Samu Fuentesek bere lehen luzea “Bajo la piel del lobo“. Mario Casas eta Irene Escolar antzeztaldearen buru badira, euskal aktore eta teknikari askok lan egin dute bertan. “Nadie hablará de nosotras cuando estemos muertas“ lehen filmarekin Agustin Diaz Yanes madrildarrak 8 Goya sari hartu zituen. Ia hamaika urte beste filmerik zuzendu gabe, Diaz Yanes “Oro” pelikularekin itzuli da. Ameriketako konkistaren kronika hau Sevillan estrenatuko dute, datorren ostiralean areto komertzialetara joan aurretik.
Aurtengo Sevillako zinemaldiak 17 europear izenburu izango ditu Urrezko Giraldilloaren bila. Horien artean, Cannes, Karlovy Vary, Locarno edo Venezian estreinatuko hainbat. Esaterako Frantziako Riveran hain zapore ona utzitako Jonas Carpignanoren “A Ciambra“, Valeska Grisbechen “Western“ edo Claire Denisen “Un sol interior“ etorriko dira. Karlovy Varyko garailea den Vaclav Kadrnkaren “Little Crusader“ edo Locarnon lau sari jaso zituen Hylnur Pálmasonen “Winter Brothers“ filma ikusiko dira. Almodovar ekoizle duenez Lucrecia Martel argentinarraren “Zama“ ere izango da Europear zinemaldi honetan Veneziatik pasa ondoren. Sevillak “Penélope“, Eva Vilaren lan berria estrenatuko du. Odisearen bertsio katalan honek Eurimagesen dirulaguntza lortu zuen.

“Nuevas Olas” izenburupean zinearen indar berri eta beterano bereziak lehiatzen dira. Esaterako hemen ikusiko dugu BACIFI eta Visions du Réel prestigiotsuetan sari nagusia lortutako “Niñato“, Adrián Orr-en lehen luzea edota Locarnon aurreko film batekin arrakasta lortu zuen Valérie Massadianen lan berria, “Milla“. Serge Bonzonek “Dr Jekyll eta Mr. Hyde”n mitoari buelta eman dio Isabelle Hupperten eskutik, F.J. Ossangek “9 doigts“ zintan zuribeltzeko film punkia egin du eta Teresa Villaverde beteranoak krisi ekonomikoari begirada botako dio Berlineko Sail Ofizialetik pasa zen “Colo“ filmarekin. Sail honetan, Velasco Broca gasteiztarraren azken film bitxia, “Ayudar al ojo humano“ ikusteko aukera izango da.

Zinemaldiko Ohorezko Giraldilloa Taviani anaiek jasoko dute. 63 urteko ibilbidearen ondoren Paolo eta Vitorio Tavianik “Una Questione Privata“ filma estreinatuko dute, saria jasoko duten galan, azaroaren 10ean. Beste ohorezko saria, Sevilla Hiri saria, Tryne Dyrholm daniarrak jasoko du. “Nico, 1988“ filmarekin bat etorriko da. Bere saria Zinemaldiako sariak banatzen diren egunean, larunbatean, jasoko ditu.
Please comment with your real name using good manners.