Sei hamarkada bete atarian ZINEBIk Bilbo zine garaikide onenaren epizentroa bilakatuz aurkezten du bere buruan. Azaroaren 10tik 19ra ZINEBIren 69. edizioak 130 lan baino gehiago proiektatuko ditu. Tartean, mundu mailako ospea eman dioten film laburrak, iaztik martxan jarri duten opera primei eskeinitako saioko film luzeak eta Beautiful Docs, nazioarteko dokumentalen sorta. Handitzeko bidean, Zinebindustry ekimena ere dute, ikus-entzunezko sektoreari begirada. 69. edizioa hau Ernesto del Río zuzendariaren azkena izango da. Datorren edizioa, urteetan hautapen batzordean izan den Vanesa Fernandezek zuzenduko baitu.
1974an jaialdiak Film Ekoizleen Elkarteen Nazioarteko Federazioaren A mailaren aitorpena lortu zuen nazioarteko mailan zinemaldi handienetakoa zela bere ikur nagusi diren film laburrei esker. Oraindik orain, 98 herrialdeko 3.183 filmek eman dute izena. Aukeraketa Batzordeak 62 hautatu ditu, 34 herrialdekoak; gehienak lehen aldiz ikusi ahal izango ditugu Espainian. Besteak beste, Yuri Ancarani, Ben Rivers, Niki Lindroth Von Bahr, Shunsaku Hayashi, Shirley Bruno, Fern Silva, João Salaviza, Inés Barrionuevo, Virginia García del Pino, eta Helena Girón & Samuel M. Delgado zuzendarien lanak, esaterako. 6 euskal filmek ere parte hartuko dute, tartean aurtengo Kimuak-en hautapenean dauden 3 labur.
Iaz abiatu zuten ZIFF-ZINEBI FIRST FILM, nazioarteko zinemaldi garrantzitsuenetatik igaro diren opera primei zabaldutako leihoa. Lehiaketazko leihoa. Beste arte diziplinekin etengabeko elkarrizketa ezartzen duen zinea ekarri nahi dute. Tartean, David Lynch-en semea, Austin Lynch-ek egindako “Grey House“ dokumentala, non Denis Lavant aktore frantziar bitxia Texasetik jarraituko du edota Cannesen zapore ona utzi zuen “Tehran Taboo“, Irango hiru emakume zuzendarien erretratua ikusi ahal izango dira Bilbon.
Aipatzekoa nazioarteko dokumentalen paronama izaten den BEUTIFUL DOCS sailean Locarno irabazi zuen “Mrs. Fang“, Bing Wangek Alzeheimerrari buruz egindako erretratua eta BAFICIn eta “Visions du Réel”en saria jasotako Adrián Orren “Niñato“. Radu Jude errumaniarrak egindako “Tara Moarta“ eta Ai Weiwei artista txinatarraren “Human Flow” ere izango dira ikusgai. Eta Donostiatik eta Valladolidetik pasa ondoren, Agnès Vardaren “Visages, Villages” aurkeztuko dute. Euskadiko dokumentalen erakustean, BERTOKO BEGIRADAK sailean, 8 luze emango dira. Besteak beste, Euskal Telebistarekin batera ekoitzitako lau dokumentalen lau aurrestreinaldiak: Olivier van der Zee-ren “Arte al agua” ; Davide Cabaleirok zuzendutako “Sitio distinto“, “Estitxu gogoan“ Franck Dolosorrena eta Alberto Rojok egindako “El latido de Urdaibai“.

Aipatzekoa aurten estreinekoz ZINEBINDUSTRY ekimena sortu dutela. Ikus-entzunezko sektorean ikasten ari diren zuzendari gazte, enpresa, profesional eta adituen arteko sare lana sendotzea du helburu. Azken urteetan bezala bi Ohorezko Mikeldi banatuko du, azkenik, Zinebik. Bukaera galan, azaroaren 17an, Marco Bellochio (“Fai Bei Sogni” -2016) zuzendari italiarrak jasoko du berea. Astean zehar honen hainbat film labur eta luze errepasatzeko aukera izango da. Hasiera galan, azaroaren 10ean, berriz, Alberto Iglesias konpositore gipuzkoarrak jasoko du saria. Hamar Goya saria eta Oscarretarako hiru izendapen ditu, beste sarien artean. Hasiera gala hori beti bezala euskal film laburren erakustaldi batekin osatuko dute.

Please comment with your real name using good manners.